Donostia / Errenteria
Dantzariak ez du egurrezko oholtzarik behar oinak mugitzeko; eta ikusleek ere ez dute belusezko besaulki garestirik behar ikuskizun horretaz gozatzeko. Kale izkinak, plazetako bankuak eta errepide bazterretako espaloi ertzak; edozein leku da ona dantzan aritzeko. Donostian, Errenterian eta Irunen erakutsiko dute hori asteburu honetan.
Hain zuzen, dantza antzokietatik kalera ateratzea du xede Dantza Hirian egitasmoak; aurten zazpigarren aldia da Donostiako Iniciativas Danza eta Hendaiako (Lapurdi) Atelier elkarteek jaialdi hori antolatzen dutena; horregatik, bi lurraldeetako herrietan egingo dituzte ikuskizunak.
Gaur hasi, eta bi asteburu iraungo du jaialduak; egun horietan, hamabi dantza konpainia arituko dira hogei hiri paisaiari mugimendua ematen; besteak beste, Donostiako Anakrusa eta Frantziako Androphyne taldeak. Gaur Donostian arituko dira, Bulebarrean eta inguruko kaleetan; eta bihar, Irunen, Zabaltza plazan eta Justizia Jauregian. Datorren astean ere egingo dituzte emanaldiak; Errenterian arituko dira ostiralean.
Asmoa: dantza gizarteratzea
Emanaldi guztiak doan izango dira; formatu txikikoak eta hirietako elementuetara moldatutakoak izaten dira gehienak. Antolatzaileen arabera, helburua “dantza gizarteratzea” da; ikusleak dantzariarengana gerturatu ordez, ikuskizuna kalera, jendea dagoen lekura, ateratzea.
Dantza Hirian jaialdiari lotutako beste ekitaldi batzuk ere antolatu dituzte; besteak beste, film emanaldi bat —Dancing cities dokumentala—, argazki erakusketa bat eta mahai inguru bat.
DANTZA TALDEAK
Irailak 14, Donostia. Anakrusa; Androphyne; Manuel Rodriguez eta Elias Aguirre; Maura Morales; LaIntrusa Danza, Virginia Garcia eta Damian Muñoz.
Irailak 15, Irun. Manuel Rodriguez; Maura Morales; La Intrusa Danza, Virginia Garcia et a Damian Muñoz.
Irailak 21, Errenteria. Kukai; Candelaria Antelo eta Arthur Bernard Bazin; Olga Clavel eta Miryam Mariblanca; El Punto Danza Teatro.