On egin leloa gastronomiarekin lotuta dagoenez, Igor Zalakainek prestatutako 70 errezeta biltzen dituen liburua kaleratu dute Kilometroen antolatzaileek BERRIA egunkariarekin eta Leitzaran Grafikak-ekin lankidetzan: Ase arte. Donostiako Arzak jatetxeko sukaldaria eta Andoaingo ikastolako ikasle ohia da Zalakain. Haren errezetak ilustratzeko ikastolako ikasleengana jo zuten. “2 eta 18 urte arteko neska-mutilek egin dituzte irudiak. Adina kontuan hartuta, oso emaitza desberdinak jaso ditugu” azaldu du Arkaitz Lasak. Badira paperean egindako irudiak, eta baita ordenagailuz egindakoak ere; bi dimentsiotakoak eta hirukoak.
BERRIA egunkarian egin zuten maketazio eta diseinu lana, eta Leitzaran Grafikak-ek inprimatu du. Erakusketa batean ere bildu dituzte liburuko irudiak; Andoaingo Bastero kulturgunean egon da, eta bihar izango da bisitatzeko azken eguna. Liburua, berriz, aste honetan BERRIAren kupoiak bilduz eros daiteke bost euroren truke; gero, Kilometrotako dendan jarriko dute salgai, 10 euroan.