Ezpainek noizbehinka amorrazioz dardara egiten diotela kontatu du Felix Lakpak bere historia, gaztelania garbian, eta kazetariari kosta egin zaio une batzuetan negarrari eustea. Nigeriatik Euskal Herrira etorri zen Lakpa, orain dela hamahiru urte, han hiru seme eta emaztea utzita. Geroztik, bi aldiz bakarrik bisitatu ahal izan ditu. Duela lau urtetik lanik gabe dago, eta apenas duen diru laguntzarik; beraz, bere ondasunak saltzen pasatu du uda, jan ahal izateko. Egoeraren gordintasunaren gainetik, ordea, izugarrizko indarra eta borrokatzeko nahia transmititzen ditu. Baikorra da.
Nola erabaki zenuen hona etortzea?
Nigerian Gorputz Hezkuntzako irakasle gisa urte askoz lan egindakoa naiz, eta petrolio enpresa batean lanean nenbilen hona etorri baino lehen. Mundua ikusi nahi nuen; nire herrialdetik irten gabe nengoen. Medikuntza edo Zuzenbidea ikastea izan da nire desioa betidanik. Lana banuen; ez nintzen etorri gose nintzelako.
Zer espero zenuen hemen aurkitzea?
Bizitza duinago bat, baina iritsi eta ohartu nintzen nire planek ez zutela ezertarako balio. Galduta, nora jo jakin ezinda geratu nintzen: “Zer da hau? Non nago?”
Nora iritsi zinen?
Madrilera. Maparen aurrean jarri, eta Donostiara etortzea erabaki nuen. Ez nuen inor ezagutzen. Amerikako misiolariekin egon nintzen bi hilabetez lehendabiziko lana aurkitu arte, eta Errenterian gela bat alokairuan hartzeko aukera suertatu zitzaidan.
Etorkina izateagatik bazterketarik izan al duzu lanean?
Bai, askotan. Bizileku baimena berritzeko lan kontratua duzula frogatu behar izaten da, eta nagusiak sinatzen du. Behin, sinadura eskatzera joan nintzaion bati, eta egun horretan bertan arduradunak kalera bota ninduen ezer esan gabe.
Zein lanetan aritu zara?
Zurgin, errepideak eta zubiak konpontzen… Denetik egindakoa naiz. Itziar inguruko harrobi baterako kontratu mugagabea sinatu nuen, 2005ean. 2007ko urtarrilean, oporrak hartu eta Nigeriara joan nintzen familia bisitatzera, eta itzulitakoan lanik gabe utzi ninduten. Harrobiaz arduratzen zen enpresa aldatu egin zuten, eta ez zuten nahi izan nirekin hitz egin ere. Azken kitatzerik gabe, kale gorrian utzi ninduten.
Irunen etxe bat erosi ere egin zenuen.
Bai, baina lanik gabe geratu nintzenean ezin izan nuen ordaindu, eta etxea enkantean jarri zuen banketxeak. Familia hona ekartzea zen asmoa.
Geroztik lanik aurkitu al duzu?
2008tik hona, oso aldian behin bakarrik. Zortzi hilabeteko langabezia amaitu, eta aldundiaren diru laguntzei esker iraun dut apirilera arte. 850 euro hilabetean. Laguntzak ez zizkidaten berritu, berez gizon ezkondu gisa agertzen nintzelako, eta hemen familiarik ez nuelako.
Zer egin duzu?
Helegite bat jarri diet Adiskidetuak elkartearen laguntzarekin.
Apiriletik aldundiaren laguntzarik gabe. Nola moldatu zara?
Jakin nuen diru laguntza bat zegoela 45 urtetik gorakoentzat, eta horrekin moldatu naiz, baina ez dut aurkitu lanik. Ondasunak saltzen ibili naiz udan, jan ahal izateko gutxienez. Erlojua; sakelakoa, 20 euroan; janaria prestatzeko labea, 80 euroan… Izugarri gaizki pasatu dut, egia esan. Hiru hilabetez ez nuen modurik izan alokairua ordaintzeko. Eskerrak jabea gizon jatorra den, eta lasai egoteko esaten zidan. Laguntza hau hilabete honetan bukatzen zait; aurrerantzean ez dakit nola ordainduko dudan alokairua.
Nondik ateratzen duzu indarra?
Nola azalduko nizuke? Izugarri baikorra naiz, eta ez nau ezerk gogogabetzen. Bihar gauzak aldatuko diren itxaropenarekin bizi naiz; bizitzan beti borrokan jarraitu behar dela uste dut, eta ez dut amore emango. Egoera honek ez nau bultzatuko nahi ez ditudan gauzak egitera. Batzuk drogak saltzen hasten dira nire egoeran, edo lapurtzen. Nik ez dut sekula horrelakorik egingo. Nire borondatez etorri naiz hona; Jainkoak bidali nau, eta hark ni kalean bizitzea nahi badu, bada, kalean biziko naiz.
Familia han izanda, hemengo norbaiten babesik ba al duzu?
Hemen ez daukat lagunik; ezagunak bakarrik dauzkat. Ezin naiz inorekin fidatu. Familiarekin telefonoz hitz egiten dut noizbehinka. Garai batean, dirua bidaltzen nien haiek hona etortzeko, baina orain, jateko dirurik ere gabe…
Ikasteko duzun grina izugarria da.
2002an unibertsitatera sartzeko azterketa egin nuen, baina ez nuen lortu. Autoen mekaniko eta xaflen pintore titulua aterata dauzkat, baina ez dit ezertarako balio izan. Informatikako goi mailako ziklo bat ikasten hasi nintzen gero. Urtebete falta zait.
Nigeriara itzultzea pentsatu al duzu noizbait?
Itzuli? Horrela? Ez, ez. Ez naiz horrelakoa. Bakoitzak bere nahiak ditu bizitzan, eta desio horiek lortzeko bide egokia hartu behar da. Bide egokian nagoela sentitzen dut, eta ongi sentitzen naiz neure buruarekin. Gose izan edo ez. Jainkoari borrokatzeko indarra eskatzen diot. Ezer ez da betiko; bizitza zirkulu baten gisakoa da: ez da inoiz geratzen. Egoerak aldatu egiten dira.