Esnatzean

Batzuetan badirudi egun denak berdinak direla… Lanean gaudenean oporretan gaudenean baino gehiago, baina udako egun euritsu edo tristeetan ere izan ohi dugu halako sentsaziorik, batez ere gurearen moduko herrietan, hondartzarik gabekoetan, arratsaldez ia dena itxita egon ohi den horietakoetan.

Era batera edo bestera, ez gara geldirik egoteko jaio; patxada eta lasaitasuna bolada batez onartuko baditugu ere, gizakia mugimendua da, eta bizitza, etengabeko dantza bat.

Norberaren gelditasunetik ere, aise ikus daiteke dantza hori, behatuz gero. Askotan, ordea, denbora falta horretarako, begiratu hutserako ere! Mantsoago joan behar zerbait ikusiko badugu, eta gaur egungo gizartea ez dago horretara ohitua, arauak errespetatzea ezinbestekoa zaigulako, batzuen batzuek hala agindu digutelako.

Hara ene proposamena: behatu patxadaz herri bat nola esnatzen den goizero. Minuturo kamera batekin argazki mordo bat aterako bazenitu bezala, gero abiadura azkartu eta denak batera segidan ikusteko.

Herrian, gurearen moduko batean, bostak alderako etxetik entzun daiteke motorren baten zarata. “Badoa hori lanera”. Goiz sartuko da, bai, baina eguerdirako etxean da bazkaltzen. Oraindik gera zintezke pixka batean ohean. Edo puska batean! Zazpietan autoak hasi dira hara eta hona, zortzietan lantegietako sirenek egunaren hasiera markatzen dute…

Belarritik sartzen denak ere badakar informazio mordo bat. Ikusten ez den horrekin, irudimena lantzeko jarduera aproposa izan daiteke bide batez.

Behaketari eskainiko dizkiogu minutu batzuk jarraian. Jarri helmuga bat: zure lantegia izan daiteke, autobus geltokia edo kafetegia. Goizeko zazpietan ez dira asko egongo irekita, baina bakarren bat seguru baietz, edo okindegia bestela.

Aspaldi ez nuela gaurkoaren moduko sentsaziorik izaten! Eder bezain xelebrerik. Poliki noa kalean, autorik gabe bazoaz poliki zoazela esan daitekeelako. Ilun dago dena, inor ez da inon ageri. Belarriak goizero esan didan moduan, autoak bai, hara eta hona, baina gehiegi ere ez. Euria iragarri dute irratian, baina oraingoz bazterrak lehorrak daude, hezetasuna da nagusi. Usainak ere desberdinak direla, ba, herriaren esnaeran! Logelak goizero aireztatzen ditugun bezala, herriak gaua erabili behar horretarako, egunez berriro ere guztiongandik zerbait jasotzeko. Hamar minutu oinez ibili eta gero, bi lagun gurutzatu ditut. Bueno, lagunak ez dira, ulertzen didazue. Lanera doazen bi emakume, edo hori agindu dit barrenak. Baina batek daki! Lorezain moduan lanean aritu nintzen urte haietan, goizean goiz hasten ginen gu ere hemengo eta hango belarrak txukuntzen. Egunsenti eder askoak ikusitakoa naiz orduan, alajaina… Baita zimel askoak ere! Euria goian eta behean, eta lanak ez du etenik… Bueno, ba hori, goizeko zortzietarako ikusten genituen taldetxoak pasieran, erritmo bizian, berriketa alaian, emakumeak batez ere. Orduan ezin ulertu goizean goizeko paseo galdu ezina, baina orain, orain beste kontu bat da. Baina hori beste baterako utziko dugu.

Helmugara iritsi aurretik ikusi duzu kafetegi bat zabalik, bake ederrean. Kafe usaina izkinatik nabari daiteke. Goizeko kafe usaina baino aroma gozoagorik!

Okindegia ere martxan da. Ummm… Labetik atera berri den ogiaren usain ederra urrundik antzeman daiteke…

Autobus geltokira iristean, herria esnatzen ari dela konturatu zara. Ez dago algararik, apenas hitzik, baina hor hasten da taupada. Bihotzaren aurreneko taupadak, egunaren bukaeran berriro lokartuko direnak.

Begiratuta bakarrik ez da ikusten. Ikustea lortzen dugun horietan, ordea, egun denak desberdinak izan daitezkeela sinesteko gai naiz.