“Gure garapen sistemak ez du balio; jasangaitza da, eta ez da solidarioa”

Krisi garaian, norbere etxea salbatzeko joera nagusitzen da, ohartu gabe besteak salbatu ezean norbera ere galbidera kondenatuta dagoela. Hala ulertzen dute garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek (GGKE); horietako 46 elkarte biltzen ditu Gipuzkoako GGKEen Koordinakundeak. Hauteskundeak bertan direla baliatu dute alderdi politiko bakoitzari galdera egiteko: zein leku izan behar du garapenerako lankidetzak agenda politikoan? Asteartean mahai ingurua antolatu zuten Donostiako San Telmo museoan; Iñaki Orube (Donostia, 1971) koordinakundeko lehendakaria aritu zen aurkezle lanetan.

Zer moduz joan zen astearteko mahai ingurua?

Nahiko ondo. PPko ordezkaria ez zen agertu, azken unean abisatu zutelako Mariano Raxoi Bilbon zegoela eta ezin zela etorri. Baina etorri ziren PSE-EEtik Susana Garcia Chueca, EAJtik Iñaki Gurrutxaga eta Bildutik Jon Albizu.

Gipuzkoa solidarioaren erronkak zen gaia. Zein erronka zenituzten buruan?

Alde batetik, lankidetza mantentzea eta, gure kasuan, lankidetza deszentralizatua. Bestetik, alderdi politiko guztiek sinatutako aurrekontuen %0,7 lankidetzarako erabiltzea; eta, gainera, gizarteari ulertaraztea ez dugula zertan hemengo eta hango pertsonen artean aukeratu, baizik eta pertsona oro, hango eta hemengo, garela eztabaidagai nagusi eta, ondorioz, gobernuen politiken oinarri izan behar dugula.

Lankidetza deszentralizatua diozunean, zer esan nahi duzu?

Batez ere, udalek, foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak egiten dutena. Badago zurrumurru bat estatu mailan: Espainiako Gobernuak bakarrik nahi duela kudeatu lankidetza, eta guk laguntzak erakunde gehiagok bideratzea nahi dugu. Horrek oso alde positiboak ditu; harreman gehiago sortzen da gizartearekin, eta, gainera, udalek eta aldundiek badute esperientzia halako arloetan. Instituzio horiek dira herritarrengandik gertuen daudenak.

Krisiak nola eragin du?

Gaur egun hartzen ari diren erabaki politikoek ondorio larriak izango dituzte kolektibo ahulenengan. Hori ez da bidezkoa, eta, gainera, kaltegarria da, pobrezia gehiago sorrarazten baitu; bazterketa, emigrazio behartuak… Gure ustez, murrizketek ez dituzte gizarte politikaren arloak ukitu behar, eta hor sartzen ditugu lankidetzarako politikak.

Momentu egokia aukeratu duzue politikarien hitza hartzeko.

Orain arte ez da gai hauen inguruko eztabaidarik bideratu alderdi politikoen artean. Batzuek uste dute eskainitako laguntza hobetu behar dela, bai kalitate aldetik, baita kopuru aldetik ere; eta batzuek diote hau ez dela ezer hitzemateko garaia. Eta badira beste batzuk euren ekintza eta jokamoldeekin lankidetza bazter batean galduta uzten ari direnak. Hori nahi genuen mahai gainean jarri.

Asteartean zein jarrera erakutsi zuen alderdi bakoitzak?

Diskurtso politikoki oso zuzena eduki zuten. Ia denak agertu ziren garapenerako lankidetzaren alde eta politika sozialetako murrizketen aurka.

Kanpainaurrea da. Garapenerako lankidetza gero benetan agenda politikoan sartuko dutela uste duzu?

Garapenerako lankidetza eta hezkuntza normalean ez dira agertzen agenda politikoetan, baina sartzen dituzte politika sozialetan. Asteartean behintzat esan zuten politika sozialek lehentasuna dutela eta uste dutela murrizketak beste arloetan egin behar direla.

Dena den, egoera dagoen bezala, pentsatzekoa da gehiago joko dutela laguntzak tokiko arazoetara bideratzera, kanpoko lankidetza harremanetara baino.

Gure ustez, ez dago aukeratu beharrik hemengo edo hango jendearen artean; guretzat, murrizketak egin daitezke beste arloetan. Egin dezakete beste politika fiskal bat; beste zerga batzuk jarri, finantza merkatuak erregulatu… Asteartean jarri genuen adibide bat ematearren: Espainiako Gobernuak gastu militarrak soilik %8 murriztu ditu, baina hezkuntzan eta kulturan %22, eta garapenerako lankidetzan, %70. Eta hori borondate politiko kontua baino ez da.

46 elkarte Gipuzkoan; ez da gutxi.

Garapenerako laguntza bidegabekerien ondorio da; pobreziaren eta bazterkeriaren aurrean zerbait egin behar dela uste duen gizartearen eskaera bat besterik ez da. GGKEok eskaera hori gauzatzen dugu: bideratzen ditugun proiektuek txirotutako herrialdeetako milaka pertsonak euren oinarrizko eskubideak lortzea ahalbidetzen dute; hor sartzen dira hezkuntza, osasuna, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna, elikagai subiranotasuna, azpiegiturak…

Proiektu guztiak beste herrialdeetan gauzatzen dituzue.

Garapenera bideratutakoak, bai; hemen, garapenerako hezkuntza eta sentsibilizazioa egiten dugu, eta hori guretzat ere garrantzitsua da. Guretzat, gizartean oraindik ez dago nahikoa sentsibilizazio gai honi dagokionez; horregatik, lankidetzan dihardugunon lan ildo nagusienetako bat hezkuntza da. Baita eraginkortasun politiko eta soziala ere; jakin badakigu hemengo gizartea ere aldatu behar dela. Gure garapen sistemak ez du balio; jasangaitza da, eta ez da solidarioa. Horregatik lantzen dugu gai hau; gizartea aldatu behar dugu, mundua aldatzeko.

Solidaritatea hazten ala txikitzen doa?

Txikitzen. Ikusten duguna da gizartean ari dela diskurtso bat zabaltzen, lehentasuna hemengo jendearekin dagoela, eta alderdi batzuk ere ari dira hori sustatzen. Hori aldatzean datza gure lana: hezkuntzaren bidez sentsibilizatzen. Erakutsi nahi dugu ez dela aukeratu behar; pertsona guztiek izan behar dutela lehentasun politikoa, eta murrizketak egin behar badira, ez daitezela egin pertsonei kalte egiteko.