Agurtzane Larrañaga (Tolosa, 1982) gaztea da, baina urte asko daramatza kanpoan bizitzen. Lehenengo irteera Belfastera (Ipar Irlanda) egin zuen, eta, gaur egun, Londresen bizi da, Hackney auzoan.
2001. urtean atera zen Tolosatik, eta Belfastera egin zuen bidaia. Hiru urtez luzatu zuen bertako egonaldia, eta garai horrek, besteak beste, ingelesa ikasteko balio izan zion. Hiru urteren ostean, etxera itzuli zen, eta urtebete Tolosan egon zen bizitzen. 2005eko udan hartu zuen Londresera joateko hegazkina. Han bizitzeko hautua egin zuen Larrañagak; makrobiotika munduan sartua zegoen, eta, janari makrobiotikoarekin elikatzen denez, han egin zituen horretarako ikasketak. Argi zeukan hortik bizi nahi zuela, eta Londresen, “beste hainbat gauzarekin gertatzen den moduan, ikasteko aukera zabalagoa zegoen”, azaldu du. Hiruzpalau urtez egin zituen makrobiotikako ikasketak, eta enpresa txiki bat ireki zuen. Bizitzeko adina ematen dio, eta pozik dago egindako apustuarekin.
Eskaintza zabala du Larrañagak: “Familiekin lan egiten dut gehienetan, eta hainbat arlotako gomendioak ematen ditut. Ikastaroak ere eskaintzen ditut, eta janari prestatuaren zerbitzua ere badut”. “Londres da, eta edozer gauza egin dezakezu”, gaineratu du. “Sukaldaria naiz, eta niretzat janaria mundu bat da. Londresen elikagai asko eta asko oso eskura ditut”. Bere lanbidea Euskal Herrian aurrera ateratzea, ordea, zaila izango litzatekeela iruditzen zaio, nahiz eta gero eta jende gehiago den makrobiotikoa.
Londresko bizitzari buruz galdetzean,”ona bezain txarra” dela kontatu du. Ama Tolosako Bedaio auzokoa duela ekarri du gogora, eta “mendi artean galduta” pasatu zuela haurtzaroa. Aldaketa erabatekoa da: “Londresen, alde batetik, kutsadura, estresa, jendea, kaosa, zikina… daude. Bestetik, ordea, ikasteko, lanerako, aisiarako hiriak eskaintzen dituen aukerak asko dira”, adierazi du Larrañagak.
Familia osatu du Londresen, eta azken hiru urteetan bizitza aldatu zaio tolosarrari. Semeak 2 urte eta erdi ditu, eta alabak hilabete eta erdi baino ez. Londresen ama izateari alde ona bilatu dio: “Bai amatasun baimenaren aldetik, baita erditzeko aukerengatik ere. Haurdun zauden momentutik haurra etxean ala ospitalean izan nahi duzun galdetzen dizute, eta nik erditze naturala izan nahi nuen. Emaginak etxean bisitatzen ninduen, eta ospitalera ekografiak egitera baino ez naiz joan”.
Gizarte ereduari dagokionez, Euskal Herrian jendea kexuka sumatzen du euskaldunak ere indibidualismorantz doazela eta: “Londresen bizitzen egonda eta behin familia osatuta, Euskal Herrikoa luxu bat iruditzen zait. Beti daukazu eskua emango dizun norbait, eta Londresen ez dago horrelakorik. Ez dago ia bizitza sozialik, eta bakoitzak bere bizitza egiten du. Gogorra da”.
Familia giroa Euskal Etxean sentitzen du. Izan ere, bertan elkartzen dira Londresko euskal herritarrak: “Euskal Etxeak lan polita egiten du, eta bertan elkartzen gara. Kultura lanak eta horien zabaltzea egiten da bertatik. Londresen gauden euskaldun guztiak ez gara biltzen, baina taldetxo ederra gaude. Esaterako, Ken Zazpi eta Berri Txarrak taldeen kontzertuak antolatu zituzten, eta ehun pertsonatik gora elkartu ginen; normalean ez gara hainbeste lagun elkartzen”, adierazi du.
Euskaraz eta Euskal Herriaz hitz egiteko aukera ematen die Euskal Etxeak. “Gure semeak euskaraz eta ingelesez hitz egiten du, eta hori inguru euskaldun batean bizi delako da. Gaztelaniarik ez daki”, argitu du.
Ez dago urruti Londres, baina, lehen, urtean behin baino ez zuen egiten Euskal Herrirako bidea. Semea izan zuenetik, ordea, maiztasuna ugaritu egin du, eta denbora gehiago egoten saiatzen da.
Londrestarrak definitzerakoan identifikatuta sentitu da: “Mundu guztiko jendea bizi da, eta joan-etorri handia dago. Ez dira irekitzen jendearengana, zeren zertarako ireki? Lagunak egin ostean jendea badoa, eta ez du merezi. Ondorioz, atzerritarren aurrean itxi egiten dira”. Hasieran, jarrera hori “oso zatarra” iruditzen zitzaion, baina, orain, ulertu egiten ditu: “Niri ere gertatu zait. Lagun onak egin ditut; euskaldunak izan dira, edota alemaniar bat, esaterako, baina bi urte pasatu eta jada badoaz, eta ez daude. Orduan, poliki-poliki, itxi egiten zara”.
Londrestarrek, oro har, Euskal Herriaren eta euskaldunen berri badutela dio, eta berri gehienak politikarekin lotuak izan ohi direla ekarri du gogora: “Atentatuek eta su-etenek izaten dute oihartzuna”.
Nahiz eta egunerokotasunean ez igarri, bizi diren auzoa, Hackney, ingurune gatazkatsua dela aitortu du. Baina, era berean, bizi izan den beste auzo batzuetan beldur handiagoa sentitu izan duela azaldu du. Dena den, erabakita dauka ez dituela haurrak bertan hezi nahi, eta begirada Euskal Herrian jarria du: “Euskalduna naiz, eta nire seme-alabek derrigorrezko ikasketak ikastola batean egitea gustatuko litzaidake. Izugarrizko gogoa dut etxera bueltatzeko, baina oraingo egoera ekonomikoak beldur handia ematen du”.