Krisi garaiak gogorrak izaten dira herritarrentzat. Erakundeek ere nozitzen dute lehortea. Herritarrengandik gertuen dauden instituzioak dira udalak, eta haietako batean baino gehiagotan ahal den moduan onartu dituzte 2012 urte honetako aurrekontuak. Mutrikun eta Errezilen, esaterako, eguneroko gastuei aurre egiteko zailtasunak dituzte. Mutrikuk 5.100 biztanle ditu, eta 5 milioi euroko zorra. Errezilek 611 biztanle ditu, eta bere zorra 769.000 eurokoa da. Bi udalek ez dute nahiko diru sarrerarik gastuei aurre egiteko. Horrelakoetan, mailegu gehiago eskatzea izaten da aukeretako bat. Baina hortxe gehitzen dira bi herri horien arazoak. Izan ere, iaz onartutako foru arauak mugatu egiten du udalek mailegua eskatzeko duten askatasuna. Zein kasutan? Bada, udalen zor bizia —bankuekin duten zorra— %100 baino handiagoa denetan. Mutrikuk %118koa zuen 2011 bukaeran, eta Errezilek, %128,3koa. Kasu horietan, batzar nagusiek eman behar dute baimena, betiere udalek aldundiarekin hainbat baldintza adostuta.
Horixe egin du Mutrikuk. 450.000 euroko mailegua eskatzea adostu du Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun sailarekin, eta urriaren 3an bozkatuko dute alde edo kontra Batzar Nagusiek. Pauso hori “tramite hutsa” izango den itxaropena du Mutrikuko alkate Joseba Palenzuelak. Izan ere, egoeraren larria argi azaldu dio Gipuzkoako Hitza-ri: “Mailegua eskatuko dugu ez zorra handitzeko edo inbertsioak egiteko, aurrekontuari eusteko baizik”. Trukean, “konpromiso batzuk” hartu ditu udalak, eta finantza plan batean bildu ditu : “Hurrengo urteetan baldintza jakin batzuen barruan landu beharko dugu aurrekontua; besteak beste, zergak eta sarrera propioak handitzeko neurriak hartu behar ditugu”.
Aurten hartutako 450.000 euroko maileguaz gain, 250.000 euroko beste bat hartuko dute 2013an. Palenzuelaren ustez, aztertutako aukeren artean egokiena da hori: “Hasieran bankura jo genuen, maileguaren beste finantzaketa baten bila. Baina ikusi genuen birfinantzaketaren kostua milioi bat euro zela; herriaren zorra handitzea ekarriko luke horrek. Aldundiak beste aukera hau eskaini zigun, bankuen maileguei aurre egiten joateko”. Izan ere, herriak “sarrera txikiak ditu, eta finantza zama, berriz, handia”. Hau da, ez dauka nahikoa diru maileguen interesei eta egin beharreko diru itzulketei erantzuteko.
Aurreko astean hedabideetan zabaldu zenaz bestera, Errezilen, Maria Jesus Salsamendi alkateak ez du baieztatu aldundiarekin harremanetan ari direnik: “Oraingoz, Errezilgo Udalak ez du ezer hitzartu aldundiarekin, nahiz eta gauzak planteatzen ari garen”. Beharko zerbait pentsatu, herrian jada hainbat murrizketa egin behar izan baitituzte. “Egoera ikusita, zenbait herritarrek Eskuz Esku Auzolana elkartea sortu dute zerbitzu batzuk herritarren artean aurrera eramateko”, azaldu du Salsamendik. Udalak ere hartu ditu hainbat neurri: “Lehen murrizketa alkatearen soldatan egin zen. Aurreko alkatearen hileroko soldata 2.300 euro zen, eta orain 460 euro da —lanaldi murriztuarekin—. Herriko jaien aurrekontua ere erabat txikitu dugu, eta herriko lokalak garbitzeaz arduratzen den langilea bajan denez, haren ordezkoaren lanaldia erdira jaitsi dugu, gastuak murrizte aldera. Horiez gain, gastuak orokorrean jaisten ari gara”. Herriko jaiei dagokienez, Salsamendik nabarmendu du herritarren parte hartzea dutela festak aurrera eraman ahal izateko.
Luze gabe eta luzera begira
Salsamendik aitortu du mailegua eskatzeko aukera aztertzen ari dela udala. Mailegu hori zertan erabiliko luketen ere azaldu du. Alde batetik, “uholdeen osteko lanak egitea kostatu dena ordaintzeko” izango litzateke, eta bestetik, “2009ko eta 2011ko foru funtsak itzultzeko eta 2011ko negatiboari aurre egiteko”.
Errezil herri txikia izateak egoera larri horrekin loturarik baduen galdetuta, gogoeta egin du Salsamendik: “Landagune zabaleko eta biztanle gutxiko nekazari herria da Errezil. Nekazaritza lur jota dago, eta industrialderik ez dagoenez, udalak diru sarrera eskasak ditu. Ondorioz, sarrera horiek ondo kudeatzen ez badira, ez da zaila egun dugun egoera larri eta tristera heltzea”. Hala, Salsamendik azaldu du 2006an zor bizia %48tik %104ra igo zela, eta hortik, gaur egungo mailaraino: %128. Palenzuelak ere antzeko datuak eman ditu: “Badirudi orain %118ko zor bizia izatea eskandalagarria dela, baina 2004tik ez da %100etik jaitsi; egiturazko arazoa da”.
Palenzuelarentzat, “sozioekonomikoki gain behera etorritako herria” da Mutriku, eta haren ustez ere, herrian enpresa gutxi egotea da diru sarrerak txikiak izatearen arrazoia: “Azken hamabi urteetan enpresa asko itxi dituzte herrian, batzuk handiagoak, besteak txikiagoak, eta horien ordez ez da sortu enpresa berririk”. Egoera horri buelta ematea da Palenzuelaren nahia, eta azaldu du udala “horretan lanean” ari dela.
“Eskualdeko garapen agentziarekin batera eta herriko agenteekin elkarlanean, 2020ko Mutrikura bideratutako prozesu bat egin dugu, Mutriku 2020 horizonte bati luzatzen izenekoa. Hainbat helburu jarri ditugu, eta ari gara zenbait proiektu planteatzen”.
Egitasmo horiek gauzatzeko dirua behar da, ordea. Horretan ari direla argitu du Palenzuelak: “Herrian aktibitate ekonomiko berriak sortzeko proiektuak partez finantzatu nahian, ari gara hizketan Eusko Jaurlaritzarekin, aldundiarekin…”. Hala ere, errealista izaten saiatzen da: “Gauza hauek ez dira egun batetik bestera loratzen; urteak beharko dira, baina hazia orain bota beharko dugu, eta horretan ari gara”. Luzera begira jarrita dago Palenzuela. Azken urteetan, enpresak inguruko herrietan bildu dira. “Industrialdeak A-8 autobidearen ardatzaren bueltan daude, eta horrek, nahi edo ez, jarduera ekonomikoaren zirkuitutik kanpo uzten gaitu. Zerbait asmatzen ez badugu, zaila izango da enpresak hona erakartzea”.