Udalak eta alkateak, intsumisioaren alde

Udalak haien printzipioekin bat ez datozen aginduak betetzera behartu ditu behin baino gehiagotan Espainiako legediak. Duela urte batzuk Espainiako Gobernuaren aginduei aurre egin, eta soldadutzara joan behar zuten herritarren zerrenda Espainiako Armadari ez pasatzeko erabakia hartu zuten Euskal Herriko hainbat udalek. 1980ko eta batez ere, 1990eko hamarkadetako urteak ziren, eta intsumisio mugimendua puri-purian zegoen.

Espainiako Armadarekin ez kolaboratzeko erabakia hartu zuten hainbat udal Eudima Euskal Udal Intsumituen Mankomunitatean bildu ziren, 1995ean. Ondo gogoratzen du mugimendu hura Joseba Villarrealek; Eudimaren sorreran parte hartu zuen, eta bertako koordinatzailea izan zen: “Udal intsumituak lehenagotik zeuden. Horiek guztiak egitura batean biltzea izan zen helburua”. Kakitzat koordinakunde antimilitaristatik bultzatu zuten, hainbat udalekin lankidetzan. “Kezka eta helburu berberak zituzten udalek era pluralean intsumisioaren defentsa egitea zen asmoa, eta horren inguruko baliabideak eskaintzea”. Soldadutzara joan behar zuten herritarren zerrendarik ez ematea izaten zen udal intsumituen lehen pausoa. “Udalen artean konpromiso maila desberdinak zeuden. Batzuk herriko intsumisoen abokatuen kostuak ordaintzen zituzten, besteek intsumiso presoen aldeko elkartasun kutxak ireki zituzten… Gizartean garbi zegoen intsumisioarena denbora kontua zela. Herriko udalaren babes ofiziala jasotzea oso garrantzitsua izan zen intsumisoontzat”.

Espainiako Armadarekin ez kolaboratzeko erabakiak ondorioak ekarri zituen. Udal horietako alkate asko epaitu egin zituzten. Horietako bat da Jenaro Bordagarai, Alegiako alkate izandakoa. “1992 inguruan, intsumisioaren alde egiteko mozioa sartu zuten udalean, eta aho batez onartu egin genuen. Ondorioz, zerrendak egiteko aginduak etortzen zirenean ez genien kasurik egiten”. EA alderdian zegoen garai hartan, eta alderdiaren babesa zuela azaldu du, baina ez ziren Eudiman sartu. Denbora batera, epaiketara deitu zuten. “Alkate ugari epaitu gintuzten. Epaileak zigorrik gabe utzi ninduen, baina fiskalak errekurritu egin zuen. Hurrengo sententzia ere nire aldekoa izan zen”. Auzitegietako bidea hor amaitu zela uste zuen. Baina udaletxea utzita zuela, 2000. urte inguruan beste epaiketa batera deitu zuten. “Ordurako legea aldatuta eta soldadutza kenduta zegoen”. Berriz ere zigor gabe geratu zen Bordagarai, baina denek ez zuten zorte bera izan. Isun ekonomikoak ezarri, eta tarte batean kargua uzteko zigorra ezarri zieten hainbat hautetsiri.