Sahararrei laguntzeko melodiak

Zestoako elizan dagoen zinema zaharrean dute entsegu tokia, baina handik urrun jarrita helburuak. 2006tik Saharako emakumeei laguntzea izan du helburu Zestoako Leok’k musika kultur elkarteak, eta urtetako lanari esker, Saemel (Saharar Emakumeei Elkartasuna) proiektuaren lehen fasea itxi berri dute Saharar Emakumeen Batasun Nazionalari (SEBN) 8.000 euro emanda. Martxoaren 13an egin zuten entrega ekitaldia, Bilbon.

Ekitaldian izan zen Jadyetu el Mojtar SEBNeko ordezkaria, eta esker oneko hitzak izan zituen. “Esan zuenez, urte askoan saharar herriaren alde lan egin duten emakume beteranoei laguntzeko erabiliko dute dirua. Esan ziguten argazkiak bidaliko zizkigutela dirua zertan erabili zuten jakiteko guk eta herritarrek”, dio Mitxel Orbegozok. “Guk dirua eman dugu, baina ez dugu baldintzatzen zertan erabili. Askatasun osoa dute diru hori nahi duten bezala erabiltzeko”, erantsi du Gotzon Lizasok.

Musika egiteko gogoaz gain, elkartasunak eta laguntzeko grinak batu zituen 2006an Gotzon Lizaso, Koldo Igual, Mitxel Orbegozo, Sebas Etxeberria, Luis Llavori eta Juanantonio Kortadi. Orbegozok haur saharar bat hartu ohi zuen etxean udan, eta hortik etorri zitzaien Saharari laguntzeko ideia. “Helburua geu aberastea ez zenez, karitatezko zerbait egitea pentsatu genuen. Lagunek esan zidaten zergatik ez genuen Saharari laguntzeko zerbait egiten, eta nik onartu egin nuen. Saharari laguntzeko proiektu mordoa zegoen; hango emakumeei laguntzeko proiektu garrantzitsu bat aurkeztu ziguten, eta hari heldu genion”,.

2010ean kaleratu zuten Une bat… diskoa, Saemel proiektuko bigarren lana, eta horien salmentetatik eta emandako kontzertuetatik lortutako etekina ziren 8.000 euroak.

Bi urte pasa egin ditu Une bat… diskoak kalean. Harrezkero, lau haizeetara zabaldu dute euren musika eta proiektua, eta plaza askotan egin dituzte kontzertuak. “Lehen fasea amaituta,kontua berriz ere hutsean dugu, baina lanean jarraitzeko gogoz gaude, eta gustatuko litzaiguke egunen batean horrelako beste donazio bat egitea”, esan du Orbegozok. Orain, kontzertuak ematen jarraitzea da euren lehentasuna, baina badakite ez dela garairik onena: “Orain udaletan murrizketak egin dituzte eta kontzertu gutxiago egiten dira, eta egiten direnean herriko taldeei ematen zaie aukera”, dio Etxeberriak.

Beste disko bat kaleratzeko aukera ere ez dute baztertu. Bi urte baino gehiago igaro dira Une bat… lana kaleratu zutenetik; “esaten da lan batek bi edo hiru urte egin behar dituela. Honek egin ditu dagoeneko, eta akaso, batere presarik gabe, egingo dugu beste lanen bat”, azaldu du Igualek.

Bide gogorra igaro behar izan dute sei lagunek, euren helburua bete aurretik. Leok’k taldea 1968an sortu zen Zestoan. Herriko lehen rock musika taldea zen, eta, gainera, molde hartan euskaraz abesten lehenengotakoak izan ziren. Ibilbide luzea zuten aurretik, baina lau urte geroago, soldaduzkak musikarien jarduna eten egin zuen.

SGAEren salaketa

2006an, taldekideek proiektu solidario bat egin nahian zebiltzanez, Saemel proiektuari heldu, eta izen bereko Saemel diskoa kaleratu zuten urte hartako irailean. Bilduma hartan, izen handiko artisten euskarazko bertsioak biltzen zituzten: “Diskoa kaleratu eta hilabetera, notario aurrean gure lana suntsitzeko agindu ziguten SGAEkoek. Diskoetxe multinazional batek ez omen zituen euskarazko bertsioak onartzen, eta 500 bat kopia suntsitu behar izan genituen”, azaldu du Orbegozok. Ordura arte egin zuten lana ezerezean geratu zen. “Irabazi asmorik gabeko proiektua zen, eta sekulako alukeria egin ziguten. Ezin genuen ulertu XXI. mendean jendeak nola ez zuen proiektu hau babesten”, gaineratu du Igualek. Kolpe handia izan zen, baina handik ere indartsu atera ziren.

Meritu handia dute Leok’k taldekoek. Garai hauetan ez da erraza besteei laguntzeko prest dagoen jendea aurkitzea. Baina hauek, euren buruari garrantzia kenduz, publikoari zor diotela azpimarratu dute. “Gehiena publikoari zor diogu. Guk musika sortu dugu, baina jendeak lagundu gaitu, gure diskoak erosi eta kontzertuetara joanda, bestela hau ez zen posible izango. Asko dugu eskertzeko”, esan du Lizasok.