Harriaren indarra gizartean

Antzina, harria edo pisua jasotzeko saio ugari egiten ziren baserri eta harrobi inguruetan. Dena den, duela 100 urte hasi zen harri-jasotzearen historia homologatua; herri kirol mota horrek plazetarako jauzia egin zuenean. Hastapen haietatik egun kirol moderno bihurtu arteko ibilbidea jasotzen du Harri-jasotzaile. Harriaren indarra erakusketak. Harria-Herria elkarteak antolatu du, eta harri-jasotzeari eta harri-jasotzaileei “aitorpena” egitea da helburua. Donostiako San Telmo museoan egongo da irailaren 8ra arte.

Harri-jasotzearen historiari gainbegiratua ematen diote erakusketan, harriak, harri-jasotzaileak eta gaur egungo kirola ahaztu gabe. Horretarako, bost ataletan banatu dute erakusketa: Aitzindariak, Harriak, Harri-jasotzaileak, Emakumeak eta Gaur Egun. Garai bateko nahiz egungo harri-jasotzaileen irudiak ikus daitezke. Baita hainbat harri mota ere. Harri baldarrak, irregularrak dira horietako batzuk; harri bereziak eta prestatuak besteak. Urrian, Donostian egin zen harri-jasotze ekitaldiari buruzko ikus-entzunezkoa ere badago.

Duela hilabete batzuk, kaleratu zuen Harria-Herria elkarteak Harria liburua, eta proiektu horri jarraipena ematera dator erakusketa. “Euskal kulturari bultzada ematea da gure helburua, eta herri kirolak zati berezia direnez, horiek sustatu eta ezagutzera eman nahi ditugu”, azaldu du Patxi Jauregi elkarteko presidenteak.

Historiari dagokionez, ardatzak izan diren harri-jasotzaile esanguratsuenak aipatzen saiatu dira. 1925eko martxoaren 15a hartzen da harri-jasotze modernoaren hasierako datatzat. Arteondo eta Aritza lehiatu ziren Eibarren. “Harrien homologazioa hasi zen, pisu eta tamaina aldetik; epaileak ere bazeuden”.

70eko eta 80ko hamarkadetan ere berrikuntza handia izan zen; kirolarien prestaketa, harrien berrikuntza eta tradizioaren hedapenari dagokienez. Iñaki Perurenaren garrantzia ere aipatu du Jauregik: “Bera izan zen harriari eskulekuak non jarri pentsatu zuena, harria belaunen gainera errazago atera ahal izateko. Horrelako berrikuntza batzuk egin zituen”. Kirolaren hedapenean ere asko lagundu zuela Perurenak gaineratu du.

Egun, herri kirolak “erabat kirol moderno” bihurtu dira. “Beste edozein kirolen mailan daude; atzean talde lan handia dago. Prestakuntza fisikorako pertsona bat, harriarekin laguntzeko beste bat, elikadura espezialista, erlojuaren arduraduna…”.

Emakume harri-jasotzaileak

Emakume harri-jasotzaileei leku berezia egin nahi izan diete erakusketan. Damasa Agirregabiria hartzen da lehen emakume harri-jasotzailetzat, 1940ko hamarkadakoa. Haren atzetik etorri ziren, besteak beste, Anttoni Ibar, Miren Urkiola eta Marijo Sardon. “Emakume harri-jasotzaile gutxi izan diren arren, beren garrantzia izan dute. Egun Idoia Etxeberria egiten ari den lan bikaina aipatu nahi nuke. Egiten ari den erakustaldiarekin, ea neska gehiago animatzen diren kirol honetara”.