“Flandrian futbolarien gisan onartzen dituzte dantzariak”

Euskal dantzetan hasi bazen ere, dantza klasiko eta garaikidean murgilduta dabil Ion Agirretxe (Donostia, 1988) Flandriako Royal Balletean. Dantzari agertu berriaren saria eman dio Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkarteak.

Dantzari agertu berriaren saria eman dizute. Zer esan nahi du zuretzat sari horrek?

Oso sari berezia izan da, eta familiarekin gozatzeko aukera eduki dut. Urte askotako lanaren ondorioa da, eta inoiz ez duzu pentsatzen halako sari bat emango dizutenik. Hunkigarria izan da.

Flandriako balletean zaude egun, Anberesen. Nola iritsi zinen hara?

Bizitzaren gorabeheren ondorioz; Bartzelonako ballet konpainian nengoen, eta han arazo ekonomikoak zeuden, eta momentu zailak ziren. Hori dela eta, emaztea eta biok Europako eta Ameriketako hainbat konpainiatara aurkeztu ginen. Flandriako Royal Balletean eman ziguten aukera.

Zertan ari zarete orain?

Programa berri bat prestatzen gabiltza, bi aste barru estreinatuko dugu eta. Datorren denboraldian, Romeo eta Julieta balleta dantzatzeko aukera izango dugu. Emanaldi dezente izaten ditugu, bai Anberesko Operan, baita Gent hiriko operan ere; Ingalaterran eta Frantzian ere ibiltzen gara.

Dena den, euskal dantzetan hasi zenuen ibilbidea. Euskadiko Aurresku txapelduna ere izan zinen 2002an. Nola eman zenuen euskal dantzetatik dantza klasikorako jauzia?

Prestakuntza fisiko berezi bat nahi nuelako hasi nintzen balletean, elastikotasuna eta beste hainbat gauza. Niretzat guztiz ezezaguna eta interesgarria zen balletean egiten den lana. Bi munduak oso desberdinak dira lan egiteko moduan, baina beti dago zerbait interesgarria batak besteari laguntzeko; balletak euskal dantzari eta euskal dantzak balletari.

Donostian Thalia akademian eta Madrilgo kontserbatorioan egin dituzu dantza ikasketak. Dantza ikasi eta arlo horretan sakontzeko beharrezkoa da kanpora joatea?

Pena da, baina horrela da; dantzari izateko etxetik gazte irten beharra dago. Gasteizen badago kontserbatorio bat, eta bertan ere ikasketak egin daitezke, baina profesional izatea nahiko zaila da egun Euskal Herrian.

Dantza bultzatzeko zer urrats beharko lirateke Euskal Herrian?

Oso laguntza gutxi daude dantzarako; balleta, eta dantza oro har, ez da kirol bezala onartzen. Baina Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkartea izugarrizko lana eta ahalegina egiten ari da dantza bultzatzeko; kanpoan gauden dantzari guztioi etxean dantzatzeko aukera ematen digu, familiak gertutik ikus gaitzan.

Zer aurkitu duzu Flandrian Euskal Herrian izango ez zenukeena?

Batez ere, lana. Lanagatik etorri nintzen, nahiz eta asko gustatuko litzaidakeen familiarengandik gertu egotea. Baina Euskal Herrian lan egitea, oraingoz, oso zaila da.

Flandrian eta, oro har, Euskal Herritik kanpo ibili zaren lekuetan, dantzarako kultura gehiago ikusi duzu?

Bai, noski, Espainia mailan oso kultura gutxi dago dantzarako. Hala ere, Euskal Herrian badago kultura eta afizioa, baina laguntzak falta dira. Flandrian futbolarien gisan onartzen dituzte dantzariak. Baita Suitzan, Ingalaterran, Alemanian, Frantzian eta leku guztietan ere. Horrek ematen du amorrua.