Kultur uhinen zurrunbiloan

Kultura irratian eta irratia kulturan. Binomio horren inguruan aritu dira hainbat kazetari Donostian, Casares irratiak antolatutako jardunaldi batzuetan. Kultura irratian: aurrera begira erronkak gaia jorratu dute aste honetan Arantxa Iturbek (Euskadi Irratia), Gorka Bereziartuak (Argia), Gaizka Amondarainek (Hala Bedi irratia) eta Iñigo Astizek (BERRIA). Etorkizunaz ez ezik, gaur egun kulturak hedabideetan duen presentziaz, kultur edukiez, irrati txikiez eta abarrez ere aritu dira hizketan.

1. Presentzia

Albistegietan ageri bai, baina gehienetan, atzeko aldean: “Kultura da albistegia bukatzeko polita egiten duen berria. Apaingarria da, laxoa, normalean arrosa eta ederra”, azaldu du Iturbek. Kultur albisteen aurretik aipatzen diren berri askotatik, ordea, kultura hitza ez dago salbu: entzun ohi da futbolaren kultura, gastronomiaren kultura… “Kultura eranstea prestigioa eranstea bezalakoa da”.

Gai bakoitzari eskaintzen zaion denborari dagokionez, berriz, Iturbek dio “laburrera” jotzen dutela, arduradunen irizpidez betiere: “Ordu erdiko elkarrizketa pentsaezina da; aspergarria iruditzen zaie”.

Astizen ustetan, oro har kulturak ez du “pisu handirik” hedabideetan, baina zenbat agertzen den baino gehiago kezkatzen du nola agertzen den. Irizpide ekonomikoen arabera banatzen dira kartak: “Balio ekonomikoaren arabera aitortzen zaie balio kulturala”. Bat etorri dira Astizekin gainerako parte hartzaileak ere, Bereziartua tartean; haren ustetan, “salmenta aurreikuspenek eta merkatuko joerek baldintzatuta” egon ohi da. Hala ere, uste du badagoela funtzionatzen duen bestelako kulturgintza bat, “merkatuko zurrunbilotik aparte, publiko masiborik gabe”.

2. Edukia

Irrati arduradunen menpeko erabakiei jarraitzen diete esatari edo irratigileek. Iturbek dioenez, “agintariek dute ardura kontatzekoa, baina ez hitzez, zenbatzekoa baizik, entzule kopurua”. Uste du irrati programazioa eratzerakoan “zenbat” dela neurgailuetako bat, baina berak bestelako galdera bat proposatu du entzuleari egiteko: “‘Hunkitzen zaitu? Ukitzen zaitu?’ Aukerak eskaintzea da irrati arduradunen ardura, eta aukera egitea entzulearena”. Kulturaz aritzean, berriz, kazetariek berek ezagutzen duten artistaren baten azkenekoa kontatzen dute — “batzuetan azken-azkena, heriotza”—, edo kultur ekitaldi baten iragarkia. “Nork famatua behar du; zerk ez du horrenbeste axola; noiz, bai”.

Astizen arabera, “erabaki batek bilakatzen du soinuaz betetako errealitate bat isiltasun”, eta, gehienetan, “zerbait ikusgarri” erakusteko baliatzen da kultura: artistaren baten heriotza, artelan baten truke ordaindutako milioi kopurua… “Ez bada ikusgarria, ez da. Anplifikatzen ez dena, gaur egun, ez da existitzen”. Dena den, “bizi duenak ezinezkoa du isiltasuna”, Astizen arabera, eta publikoaren aurreko ekitaldia amaitutakoan gertatzen den hori eskaintzean jarri beharko luke indarra kazetariak.

3. Tamaina

Ez dago irrati txikiak eta handiagoak multzo berean sartzerik: irrati komertzialak daude, baita publikoak eta herri ekimenetik sortutakoak ere. Azken horiek ondo ezagutzen ditu Amondarainek, urteetako esperientzia baitu alor horretan. Uste du txikienen funtzioa “besteen osagarri” izatea dela, eta, horretaz gain, identifikatzea beren benetako indargunea zein den. “Irrati txikien ezaugarri nagusia hurbiltasuna da, baina kalitateari ere erreparatu behar zaio”.

Iturberen iritziz, “txikia handiagoa da askatasunean”, eta, aldi berean, beharko du handiagoa izan irudimenean. Amondarainen ustetan, berriz, “irrati kultural” batez hitz egitea baino interesgarriagoa litzateke “irratia kulturgile bihurtzea, tokian tokiko kultur eragile”.

4. Komunitatea

Guztiek interesgarritzat jo dute irrati txikiek komunitate bat izatea inguruan. Bereziartuak uste du, gainera, “foku nagusitik kanpo” dauden sortzaileei zerbitzu bat eskaintzea litzatekeela funtzioetako bat; “eztabaida leku oso ona ere izan daiteke”. Ildo horretatik, Amondarainek gaineratu du tokian tokiko irratietan jendeak irratia bere sentitu behar duela, eta, hori lortzeko, kulturgintzan dabilen jendea irratiaren parte bihurtzea aproposa litzatekeela. “Zerbitzua emateaz gain, identifikatzea zer kulturgile ditugun inguruan, haiekin eseri, eta ateak zabalik dituztela argi eta garbi utzi. Bultzatu behar dugu jendea parte hartzera: irratsaioak egin, kolaborazioak…”.

Bereziartuaren ustez, sarea ondo egituratuz gero”erreferentzial” izatea lor daiteke, txikiak izan arren. “Arazo bat izan daiteke momentuko tendentzietan tematzea, modaren bidez jarraitzen baitugu askotan kulturgintza”.

5. Etorkizuna

Iturbek ez daki irratiak zer etorkizun duen; ez daki baduen ere: “Baneki, ez nintzateke irratilari izango”. Uste du behin maiteminduta nekez uzten zaiola maitatzeari: “Belarri bidez jasotzen dugunak askoz barruragoko bidea egiten du, begitik jasotzen dugunak baino”. Begi onez ikusiko luke irratia zerbait eraikitzaile bihurtu balitz, “sermoi” izateari utzita. “Posible da. Betiko formulei ihes eginda, nahi erara lantzeko aukerak ematen ditu irratiak”.

“Eskemak apurtzeko garaia da”, Amondarainen ustez. “Ematen du besteek egindakoa kopiatu besterik ez dugula egin behar. Inertziak albo batera utzi beharko genituzke. Etorkizunera begira eskura ditugun tresna teknologikoak nola aprobetxatu aztertu beharko genuke, irrati txikiek elkar nola lagundu dezakegun ikusi”.

Euskal Herri osoko hainbat irrati txiki harremanetan dira dagoeneko, eta, elkarlanerako pausoak ematen ari badira ere, aurrera begira aukera egingarri gisa ikusten du irratsaioak partekatzea; hau da, irrati batean egiten irratsaioa beste batean eman ahal izatea. “Irrati txikien sare aberatsa osa genezake”.

Bereziartuak, berriz, pentsatzen du “oso ondo norantz jo ez dakien medio bat” dela irratia, orain arteko konbentzio sendoak zalantzan dituela. Aro digitalak ekarri duen “gaininformazioa” aipatu du, baita hedabideetan gertatzen ari den euskarrien nahasketa ere.

Leave a Reply

Your email address will not be published.