Herriarentzat, herriarekin bat

Urteen poderioz aldatuz joan da Eibarko Euskal Jaia, baina beti izan du helburu euskal kultura sustatzea. Horrekin batera, beste helburu inportanteetako bat herriko taldeen eta herritarren parte hartzea du. “Euskal kulturak hartzen dituen arlo guztiak jorratu eta bultzatzea da Euskal Jaiaren oinarria, hizkuntza barne, uste baitugu hor hutsune bat dagoela, tamalez”. Hala dio Mariano Luke Eibarko Klub Deportiboko Kultura batzordeburuak. Lukek hamazortzi urte daramatza jaia antolatzen. Aurten 50 urte beteko ditu Eibarko Euskal Jaiak. Horregatik, beste dimentsio bat ere hartuko du: bai ekintza aldetik eta bai aurrekontu aldetik ere.

Arrate kultur elkarteak antolatu zuen Eibarko lehen Euskal Jaia, 1965. urtean. Garai hartan, Umeen Euskal Jaia izena zuen. Luis Aranberri Amatiño 1963an hasi zen Arrate kultura elkartearen Euskara Batzordean, 18 urte zituela; 1970era arte jardun zuen batzordean buru-belarri. Herrian batzorde hark antolatzen zituen lehen euskara ikastaroak, txistu eskolak, euskarazko hitzaldiak, bertso ekitaldiak, antzerki saioak eta kantaldiak. “Orduantxe azaldu ziren estreinakoz Eibarren, besteak beste, Lasarte eta Uztapide bertsolariak; Benito Lertxundi, Xabier Lete eta Lurdes Iriondo abeslariak; Jarrai antzerki taldea, Carlos Garaikoetxea, Xabier Mendiguren eta Ramon Saizarbitoria hizlariak…”. Urtean behin antolatzen zuten Umeen Euskal Jaia, baina urtean zehar beste hainbat ekitaldi ere egiten zituzten.

Deban, Eibarren baino urtebete lehenago sortu zuten Euskal Jaia, 1964an. “Nagusiena zen Debakoa, eta erabateko karga politikoa, sinbolikoa eta aldarrikatzailea izan zuen, erregimen frankistari batere gustatu ez zitzaiona”. Eibarren, ordea, “legezko baimenak lortzeko zeharbidetik” jo zuten Arratekoek, umeen eta gaztetxoen bidetik: “Eibarko haurren euskal jaiak ere aldarri politikoa eta sinbolikoa zuen; jakina, lehenengo kartela ikusi besterik ez dago, baina nolabait haurrez mozorrotua. Gainera, orain ulertzea zaila den arren, 1965ean seme-alabak brusa beltzarekin edo txapel gorriarekin jantzi ahal izatea aldarrikatzailea zen”.

“Herri guztia” biltzen zuen Umeen Euskal Jaiak Eibarren. Hala dio Amatiñok: “Batetik, Euskal Herri guztiko dantza taldeek nahi izaten zuten Eibarko Euskal Jaira etorri; eskabide zerrenda zegoen”. Bestetik, kanpotik etortzen ziren dantzari eta txistulari denak etxeetan eta soziedadeetan banatzen zituzten bazkaltzeko. “Ehunka ume batean eta bestean banatzeko sekulako logistika behar izaten genuen. Kontuan izan orain edozein herritan dagoela euskal jairen bat. Baina, orduan, 1960ko hamarkadaren azkenetan, Eibarkoa zen bakarra edo bakarrenetakoa”.

Eibarko Umeen Euskal Jaia Euskal Jaiak izatera igaro zen, eta aurten urrezko ezteiak beteko ditu; baina urte batean ez zen antolatu, 1969an. Ez zen debekua izan arrazoia Lukeren esanetan; “beste arazo batzuengatik ez zen egin”. Arrate kultur elkarteak lehen bederatzi urteetan antolatu zuen, eta, gero, Eibarko Klub Deportiboren esku gelditu zen lan hori: “Modu sano batean hasi zen Deportiboa antolatzen. Arrateko batzuek utzi egin zioten, eta Deportiboko beste batzuk hasi ziren lan horretan”.

Orain dela 11 bat urte arte, haur dantzariak izaten ziren Euskal Jaietako protagonista. Lukek hala dio: “Ni Euskal Jaia antolatzen hasi nintzen garaian, 800-1.000 haur elkartzen ziren dantzarako. Berrehun bat Eibarkoak ziren, eta besteak, kanpoko herrietatik etorritakoak. Gero, hori utzi egin zen”.

Haur dantzarien bilkura haren lekukoa Ezpalak Nazioarteko Dantza Jaialdiak hartu zuen gero. Aurten 10. aldiz egingo da, Eibarko Kezka dantza taldeak antolatuta. Aurten, igandean egin beharrean, larunbatean egingo dute. Aldaketa horrek badu arrazoi bat: igandean, Euskal Jai Egunean, lehen dantzan ibilitako eta gaur egun ari diren berrehun eibartar inguru ariko dira dantzan. “Aspalditik ari dira entseatzen”.

Oro har, Euskal Jaia herriarentzat eta herritarrekin batera antolatzen dela dio Klub Deportiboko kideak. Horregatik, arloz arloko herriko taldeekin antolatzen dituzte ekintzak. “Eibar oso herri aberatsa da kulturan; eragile asko dago. Baina ez dago oso koordinatuta, instituzioek eta, batik bat, udalak ez duelako lan egiten aberastasun hori guztia bideratzeko”.

Hiru egunetako ekintzek aurrera egin dezaten, taldeen laguntzaz gainera, ehun bat pertsonarena dute Deportibokoek.

Hiru jai egun

Euskal Jaiaren 50 urteen inguruko liburua eta dokumentala aurkeztu zituzten asteazkenean. Jaia bera gaur arratsaldean hasi eta igandera bitartean egingo dute. Kalian Jolasian ekitaldiarekin hasiko dituzte ekintzak. Gero, kontzertuak dira: Makala Jazzfunkband, Espaloian, Hesian eta eMePebo5t.

Bihar, berriz, eskulangile eta baserritarren azokarekin hasiko dute. Azokaren erdian, herri kiroleko izango da. Arratsaldean, berriz, Ezpalak Nazioarteko Jaialdia da. Eta, gero, kantu afaria. Bihar eta etzi bitartean, hiru erromeria egingo dituzte.

Etzi, berrehun dantzarien emanaldia da. Ondoren, bi erromerien artean herri bazkaria.

Leave a Reply

Your email address will not be published.