Atsegina opari, liburu bidez

Euskarazko irakurzaletasuna bultzatzeko helburuz, Irakurri, gozatu eta oparitu egitasmoa abiatu du aurten Euskaltzaleen Topaguneak bederatzigarrenez. Euskal Herri osoko 42 herri ari dira kanpainan parte hartzen; Gipuzkoan, zehazki, bederatzi: Astigarraga, Beasain, Lazkao, Mutriku, Soraluze, Ordizia, Orio, Zaldibia eta Pasaia.

Pasaiak lehenbiziko urtea du egitasmoan. Udaleko Euskara Departamentua ez ezik, udal liburutegiak, herriko ikastetxeak eta herriko bi liburu denda ari dira parte hartzen —Urdin paper denda Pasai Antxon, eta Lema Trintxerpen—. Egitasmoaren bidez herritarrak euskarazko liburuak irakurtzera animatu nahi dira, irakurtzearen alde atsegina nabarmenduz. Helburu horrekin, euskarazko irakurleei abantailak eskaintzen dizkiete.

Horrela, udal liburutegietan euskarazko literatura maileguan hartzen dutenek erosketa txekea jasotzen dute trukean, ondoren liburu dendetan euskarazko literatura erostekotan deskontuak lortzeko. Horrez gain, liburutegiek egingo dituzten zozketetan parte hartzeko eskubidea irabazten dute irakurleek. Lehen zozketa lehengo astelehenean egin zuten Pasaian, eta ekainean egingo dute bigarrena, kanpaina bukatzearekin batera. Liburuaren Egunean abiatu zen kanpaina, joan den apirilaren 23an, eta ekainaren 30era arte egongo da martxan.

Helduak erakarri nahi

Aitziber Zinkunegi Pasaiako udal liburutegietako koordinatzailea da. Gertutik ari da aztertzen kanpainaren bilakaera Pasaian. Aitortu duenez, oraingoz maileguei dagokienez ez dute askorik nabaritu: “Jendeak galdetzen du, iritsi zaio informazioa leku guztietatik, eta kanpaina hor dagoela nabaritzen da, baina mailegu aldetik hainbeste ez”.

Hala ere, maiatza eta ekaina liburutegietarako hilabeterik txarrenak direla dio liburuzainak: “Eguraldi ona hastearekin batera maileguak, berez, asko jaisten dira”. Hala eta guztiz ere, kanpainaren harira bost bazkide berri egin dituzte.

Joera orokorra da, eta, alde horretatik, Pasaia ez da salbuespena. Helduek gutxi irakurtzen dute euskaraz. “Kanpaina martxan jarri genuenean nabarmendu genuen helburua zela helduak erakartzea. Oso nabarmena da. Haurrek %80 euskaraz hartzen dute, eta helduek %90 gaztelaniaz”.

Joera iraultzeko topikoak bertan behera utzi nahiko lituzketela dio Zinkunegik: “Ematen du euskarazko literaturan ez dagoela kalitaterik, aspergarria dela, astuna dela… Iritzi hori aldatu egin nahi dugu. Azkenaldian oso literatura atsegina egiten da, erraz irakurtzen dena. Gazte jende asko sartu da, beste ikuspuntu batekin, eta beste gai batzuk jorratzen dira”.

Irakurle askok, baina, euskarazko literatura “ez dute oraindik deskubritu”, eta, Zinkunegiren ustez, horretan jarri beharko litzateke indarra: “Jendeak ikustea euskarazko literaturan ere eskaintza zabala dela, eta gai asko jorratzen direla. Ez da gutxietsi behar”.

Gutxiengoa izanik ere, Pasaian bada euskaraz irakurtzen duenik. Arkaitz Alonso Trintxerpeko liburutegian topatu du Hitza-k, euskarazko bi eleberri eskuan. Dolores Redondoren Eskaintza ekaitzari itzuli berri du, eta Alberto Ladron Aranaren Harrian mezua hartu. Bazuen kanpainaren berri: “Liburutegiko ohiko erabiltzailea naiz, eta zaletasuna bultzatzeko oso kanpaina aproposa iruditzen zait”. Hilero bi liburu irakurri ohi ditu berak. Juan Mari Irigoien du euskal idazleen artean gustukoena. Pistolak eta epistolak, horixe irakurri duen azkena, eta asko gustatu zaiola dio. Literatura erosteko ohitura handirik ez duela aitortuta, kanpainak erraztu dion aukera ez du alferrik pasatzen utziko. Uda atarian zer oparitu, behintzat, argi du.

Leave a Reply

Your email address will not be published.