Eskola bizirik, herri hil bilaka ez dadin

“Gela batzuen ateak itxiarazi nahi dizkigute. Erreformaren eragina ere, zertan gauzatuko ote; etorkizuna ziurtatzekoz, saiatu denok jo ta ke; herri txiki bat eskola gabe, herri hila litzateke”. Hala zioen 1991ko Gipuzkoako Eskola Txikien Festaren abestiak. Gabiriak hartu zuen jaia orduko hartan, eta, 24 urte geroago, herrira itzuliko da berriro. Ekainaren 14an egingo dute festa, Balentzategi herri eskolaren eskutik. Asmoa, berriz, duela zenbait urtetako bera izango da: eskola txikiek herrietan duten garrantzia aldarrikatzea. Eskola txikiak bizirik, herri eta auzo txikiak bizirik leloa aukeratu dute horretarako.

Eskolako ordezkariekin batera, haurrak izan dira presente jaiaren aurkezpenean. Eskola txikien festako kamisetak jantzita, eskola txikien jaiko abestia dantzatu dute, eta dagokiena aldarrikatu: “Eskola txikiak, herri ta auzo, geroaren bila, pausorikan pauso”. Herriko plazak “ume soinez” beteta jarrai dezan nahi du Ane Miren Aizpuru eskolako zuzendariak. Eta horretan jarraituko dute: “Mendea betea duen eraikuntza sendo eta bereziari bizia ematen jarraitzeko prest gaude. Gaudenok, gutxiago izan arren, elkarren artean hezitzaile eta herriarentzat bizigarri izan behar dugu”.

500 biztanle inguru ditu Gabiriak, eta 38 ikasle Balentzategi herri eskolak, lau gelatan banatuta. Herriko biztanleriaren gorabeheren arabera aldatu da ikasle kopurua; bikoiztera ere iritsi ziren. Hurrengo urteetan, berriz, kopuru hori jaistea espero dute. Eskola txikien etorkizuna ziurtatzea beharrezko jo du Ibon Elgarresta Gabiriako alkateak: “Gure herriarentzat eskola bizia da. Eskola txikia herrian izatea beharrezkoa da, kultura eta euskara bermatzeko eta haurrak herriko giroan hazi eta hezteko”.

Gipuzkoak 26 eskola txiki ditu gaur egun, landa eremuan kokatuta, herri txikietan zein auzoetan. 1987. urtean, irakasle talde batek eskola txikien sarea jarri zuen martxan, eskola horiek zuten balioaz jabeturik. Kalitatezko hezkuntza ziurtatzea zuten helburu.

Imanol Zubizarreta Baikara Gipuzkoako Ikasleen Gurasoen Federazioko presidentearen arabera, eskola txiki askok irauteko erabakigarria izan da familiek bere garaian egindako borroka, beste hezkuntza eragile batzuekin batera. “Helburu nagusienetako bat da familiek eskolan parte har dezaten sustatzea, eta horretarako ezinbestekoa da familiek hurbil sentitzea eskola, ondo ezagutzea”.

1988an egin zuten festa lehenengoz, Bidania-Goiatzen, eta, geroztik, urtero antolatzen dute, ekaineko bigarren igandean. Bidania-Goiatzen lekukoa hartu du Gabiriak aurten, eta datozen urteetarako ere badu tokia: Ikaztegieta, Arroa eta Oikiako eskola txikiek prestatuko dituzte datorrenak, hurrenez hurren.

Leave a Reply

Your email address will not be published.