“Inor ez dago ikasteko prest; gazteek ez dute honetarako gogorik”

“Inor ez dago ikasteko prest; gazteek ez dute honetarako gogorik”

Nekane Zinkunegi Barandiaran

Haurra zela hasi zen sare konpontzaileen inguruan ibiltzen Maritxu Aizpuru (Getaria, 1963), eta, bolada batez lanbidea aldatu bazuen ere, 1989tik horixe du ogibide. Besterik egin dezakeenik imajinatzea ere kosta egiten zaio, gainera. Gaur egun, sare konpontzaileen lana aitortzeari esker, hobera egin dute lan baldintzek ere, baina erreleboa hartuko dien gazterik ez da animatzen ofizioa ikastera.

Umetan, eskolan oporrak hartutakoan, lanean aritu behar zuen tokira eramaten zuen amak: “13 urte nituela, amarekin joan nintzen lehen aldiz sareak konpontzera. Uda osoa kalean egon ordez, eta amak eta izekok lana egiten zutenez eta gu zaintzerik ez zutenez, haiekin hasi nintzen”. Ikasketak amaitu zituenean, beste tarte batez aritu zen horretan, baina gero jatetxe batean aritu zen. “1988. urtean ezkondu nintzen, eta hurrengo urtean itzuli nintzen sare konpontzaile lanera”. Aurreko belaunaldiari begira ikasi zuen sareak konpontzen, eta gustura egin beharreko lana dela iruditzen zaio: “Ikasteko pazientzia hartu behar da; ez da berehala ikasten. Denbora behar da eskuak bizkortasuna hartzeko. Nik amari eta izebari begira ikasi nuen; lonjara etorri, sare pusketa zaharrak hartu, eta hor aritzen nintzen”.

Gaur egun, hogei bat sare konpontzaile daude Getarian, baina denentzako lana beti egoten ez denez, Aizpuru eta beste sei bat emakume aritzen dira egunerokoan. “Sare piezak eginda iristen zaizkigu, eta guk bata bestearekin josi behar izaten ditugu, itsasorako moduko sarea osatzeko; bestela, itsasoan apurtu direnei zarratak konpontzen aritzen gara”. Bapore bakoitzak bere lokala du, eta haietatik ekartzen dizkiete sareak konpontzeko. Batzuetan, moilara joanda ere aritzen dira, eta itsasontzi barruan konpontzen aritzea ere tokatzen zaie.

Urte mordoa egin ditu Aizpuruk “erabateko esklusibotasuna” eskatzen duen lanbide horretan: “Ezin dugu beste ezer hartu; itsasontzien beharrak agintzen du gure lanean, eta horretarako libre egon behar dugu”. Hargatik, ez dute ordutegi finkorik. Egunotan, zarratatutakoan hautsitako sare bat konpontzen ari dira, pieza asko galdu zituena: “09:30etik 12:30era eta 14:30etik 19:30era ari gara. Baina lehengo larunbatean, adibidez, beste aberia bat genuen, eta ni 06:30erako hasi nintzen, eta 22:00etan utzi genion. Igandean, eguerdira arte horrekin jarraitu genuen”.

Dagoen lanaren araberakoak dira sare konpontzaileen egunak; egon daitezke lau bat egunean ezer egin gabe, edo baliteke ordubeteko lanagatik lonjara jaitsi beharra. “Ez da batere erregularra. 12-13 orduko lanegunak egon daitezke, eta gero hamabost egun lanik egin gabe egon”.

2007an Getariako saregileen Elkano elkartea osatu zuten, elkartzeko beharra ikusten zutelako, eta gauza batzuk eskuratu nahi zituztelako: gaixotasun arriskurako aitorpena, autonomoak izan arren gizarte segurantzako aldaketak… “Antolatuta egotea egokia iruditzen zitzaigun. Beste herrietako sare konpontzaileekin ere badugu harremana; Bizkaikoak eta Gipuzkoakoak elkartzen gara urtero batzar batean, eta kaiz aldatuz joaten da batzarra”. Izan ere, haien lanbideak aitorpen ofizialik ez zuenez, lanak eragindako gaixotasunek eritasun arruntei dagokien trataera jaso izan dute, lan gaixotasun gisa tratatuak izan ordez.

Duela lau urte, saregileek lan egiteko pabiloi berria ireki zuen Eusko Jaurlaritzak Getarian. Kaian daude, Txoritonpeko lonjetako batean. Lan baldintza egokiak lortzeko lehen urratsa izan zen hura, eta Euskadiko Saregileen lehendabiziko eskola martxan jarri nahi zuten han, ofizioa irakasteko. Gazteak hurbildu nahi zituzten lanbidera, belaunaldi aldaketa posible izateko. Getariako saregileek titulazio bat atera behar izan zuten, beraz: “Jaurlaritzaren laguntzarekin aritu ginen kurtso batzuk-eta egiten, geure lana egiten badakigula frogatu behar genuelako”.

Baina belaunaldi aldaketa ez da etorri. Aipaturiko lokalak lantegi gisa funtzionatzen badu ere, eskola ez dago martxan oraindik: “Inor ez dago ikasteko prest. Gazteek ez dute honetarako gogorik; beste lanetan hemen baino diru gehiago irabazten da”. Gaur egun lanean ari direnak, berriz, urteetan aurrera doaz, baina, bizitza osoan lan horretan arituta, utz dezakeenik ere ez zaio iruditzen: “Lasaiago bizitzeko aukera izango nuke. Lan hau gogorra da fisikoki ere; eskuak-eta erabat izorratuta dauzkagu”. Hala ere, poliki-poliki aitorpena jasotzen ari dira: “Pixkanakako kontua da, baina herrian Antxoa Eguna denean, deitzen digute, adibidez. Esango nuke geroz eta gehiago ikusten gaituztela, kontuan hartzen gaituztela”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.