Hiru hari mutur, herria josteko

Bakoitzetik pixka batekin. Hala sortu zen Urnieta, eta hala ospatu zuten laugarren mendeurrena joan zen igandean. Donostia, Hernani eta Aiztondoko udalburutzako zati zena herri bihurtu zela 400 urte bete ziren asteazkenean, eta herri horietako ordezkarien presentziarekin egin ziren ospakizunak hilaren 12an.

Urte hartan, 1615ean, 30 herrik lortu zuten segregazioa, urtebete lehenago Valladolideko Erret Kantzilertzak aukera hori eman ostean. Tolosa, Segura eta Ordiziaren menpe zeuden herri bereiziak, Urnieta salbu. Herri izaera lortzeko, bere hiribildu gutuna erosi behar izan zuten gehienek, baita Adarra azpiko herriak ere. Hiru jurisdikziotako zati izateak udalaren eraketa baldintzatu zuen; Hernani, Donostia eta Aiztondoko eremuen barnean zeuden hiru biztanlek hartu zuten udalburutza, lurralde bakoitzaren ordezkari gisa. Horrek arazoak sortu zituen, alkatea bakarra izan ahal zelako. Herrian, erregearen justizia ordezkaria zen hura, eta horrek sortu zituen eztabaidak.

Ez ziren tirabira bakarrak izan. Donostiako Udalak eta Aiztondoko On Frantzisko Borjakoa udalburuak Urnietaren sorreraren aurka jo zuten, eta Hernaniren menpe zegoen zatiak soilik lortu zuen erabateko askatasuna 1615erako. Beste bi zatiek jarritako auziek prozesua atzeratu zuen, eta erabateko askatasuna ez zen lortu 1650. urtera arte. Harrezkero izan da liskarrik herri horiekin; gehienak, Zilegiak mendiak ustiatzearen ingurukoak. 1860. urtera arte mendi horien jabetza banatu zuten Hernani, Donostia eta Urnietak, eta elkarren arteko auzi horiek herriko ekonomia ito zuten maiz. Hori ekiditeko, mendiak saldu, eta gainerako gastuak biztanleen artean ordaindu behar izan zituzten askotan, herria kiebran ez erortzeko. Hori gerta ez zedin, baso baliabide asko izatea oso garrantzitsua suertatu zen. Saltzeko baso ugari zituzten, eta, beste askotan, haien ustiapenaren bidez lortu zen finantzaketa. Haiek zentzuz ustiatzeak, ur errotak erabiltzearekin batera, atera zuten aurrera Urnieta XVII. mendearen amaieran.

Ordutik, industriak indarra hartu zuen arte, herriko ekonomia nekazaritza baliabideen inguruan eratu zen. XIX. mendearekin batera hasi zen aldatzen, eta, XIX. eta XX. mendeetan, industria Urnietako ekonomiaren sostengatzaile nagusia izan arren, egun zerbitzuen alorrean egiten da lan gehien, eta lehen sektorea erabat desplazatua geratu da.

Sorreran nekazaritza bizimoduak garrantzia izan arren, ez zen Urnietaren bereizgarri bakarra. Erlijioak zuen presentzia ere azpimarragarria da, herri komunitatearentzat oso alor garrantzitsua baitzen. San Migel eliza udal jabetzakoa zen, eta erretorearen nahiz elizkoi onuradunen hautaketa herritarren esku zegoen, gainontzeko tokietan ez bezala. Haiek herriak administratzen zituen, maiordomo publikoen bidez. Berezitasun horrek herriak bertako elizarengan zuen kontrola areagotzen zuen.

Garai hartan egin ziren San Migel elizaren handitze lanak, gaur egungo tamaina hartu arte. Ez hori bakarrik , XVI. eta XVII. mendeen artean sortu ziren elizkoien kofradiak, herrian erlijio katolikoak zuen garrantziaren erakusgarri. San Joan ebanjelaria (Santa Leokadia, egun) eta Santa Kutz ermitek ere orduan izan zuten jardun handiena.

Gaur egun bezala, duela 400 urte diruak mugitzen zuen mundua. Mapak ere, diruaren arabera antola zitezkeen. Gipuzkoa da adibide. Tolosa, Segura eta Ordiziatik bereizitako herri haiek, herri izaera lortzeko ordaindu egin behar izan zuten. Urnietak ere, berdin. Erregeak bide hori irekita, herrixkek jurisdikzioak ordaindu zituzten, lehenik, eta 25 dukat biztanleko, ondoren. Horrela lortu zuen Urnietak hiri gutuna erdiestea, 1615eko uztailaren 12an. Behin herri izendatuta, udaletxea eraikitzeari ekin zitzaion. Eraikin sinbolikoa oso, hari muturrak josi ostean sortutako oihalaren adibide argiena izatera igaro da denborarekin.

Urteurrena, jai giroan

Jaia eta ekitaldi instituzionala uztartuz ospatu zuten urnietarrek euren herriaren sorrera, joan zen igandean. Hasteko, txistulariak ibili ziren kalez kale, buruhandiek txanda hartu artean. Gero, 400. urteurrena ospatzeko sortutako ereserkia estreinatu zuen musika bandak, dantzariek urteurrena gogoratzeko espresuki eskainitako dantzaldiarekin batera. Horren ostean, herritarrek tokiko bertako produktuak dastatzen zituzten bitartean, ekitaldia egin zuten Urnietaren sorburu izandako herrietako alkateek, baita Markel Olano ahaldun nagusiak ere. Urnietarrek jendez bete zuten plaza, behinola hiru hari muturrak oihal bakarrean josi izana ospatzeko. Lau mende ez baitira egunero betetzen.

Leave a Reply

Your email address will not be published.