“Txapelketatik sagardogileok informazio asko jasoko dugu”

Nerea Uranga

Euskal Herriko I. Sagardo Txapelketa Herrikoia antolatuta, aspaldiko amets bat beteko dute; hala dio Unai Agirre Gipuzkoako Sagardogile Elkarteko kideak (Hernani, 1975). Bihar jokatuko da Azpeitiko Berdura plazan, 20:30ean. Gipuzkoako Sagardogile Elkarteak eta Azpeitiko Sagardozale Taldeak antolatu dute, Iraurgi saskibaloi elkartearen laguntzarekin. 250 pertsonarentzako afaltzeko tokia prestatuko dute, eta afalduz sagardoak dastatu eta epaile lanak egingo dituzte afaritara elkartutako denek. 32 sagardogileren sagardoak izango dituzte epaitzeko: bat Lapurdikoa, bestea Bizkaikoa eta beste denak Gipuzkoakoak.

Afaritarako txartelak 30 eurotan jarri dituzte salgai: Astigarragan, Gipuzkoako Sagardogileen Elkartean (943-33 68 11 telefonoan); eta Azpeitian, Pastorkua tabernan eta Iraurgi saskibaloi taldeko tabernan.

Zer du berezia sagardo txapelketa honek?

Batetik, herrikoia dela: epaile izan nahi duten denek atea irekita daukate. Beraz, herrikoia den epaile kopuru handi bat daukagu. Gero, beste berezitasuna da janez puntuatzen dela; hau da, afalduz, otorduarekin. Normalean, sagardo asko kontsumitzen da otorduarekin, eta hori ere interesgarria da. Bestetik, dastatzea anonimoa izango da; inork ez daki zeinen sagardoa ari den probatzen; sortaren zenbakia bakarrik jakingo da.

Zergatik egingo duzue Azpeitian Euskal Herriko I. Sagardo Txapelketa?

Gu aspalditik genbiltzan horrelako txapelketa bat antolatu nahian, publikoaren artetik eskaera zegoelako eta sagardogileek ere nahi zutelako txapelketa zabal bat antolatu; nahi zuten sagardogile guztiek parte hartu ahal zezaten. Euskal Herri mailako txapelketarik ere ez da egiten, eta hori ere egin nahi genuen. Azpeitiko sagardozaleekin urtero elkartzen gara Azpeitiko txapelketa dela eta, eta haiei aipatu genien asmoa. Azpeitiarrek berek Azpeitian hasteko proposamena egin ziguten, bertako txapelketak 48. urtea egin duela eta. Ni dokumentu zaharretara joan naiz; 1967an antzeko txapelketak egiten ziren Gipuzkoan, eta Azpeitia azaltzen da finalerdien artean. Beraz, aurreneko honekin pixka bat historia eta Azpeitiko txapelketaren urteak lotuko ditugu.

Aurreneko honetan 32 sagardogilek parte hartuko dute, eta bi ez beste denak Gipuzkoakoak dira.

Gonbidapena herrialde guztietara bidali dugu, baina aurrenekoa da, eta Gipuzkoatik kanpoko bik eman dute izena. Espero dugu hurrengoan gehiago izatea, badakigu-eta batzuk puntu-puntuan egon direla.

Lehenengoa izanda, antolatzeko orduan zailtasunik izan al duzue?

Bai, berriak gara horrelako txapelketa bat antolatzen, eta sagardotegi askok parte hartuko dute. Kezka asko sortu zaizkigu. Bere garaian Astigarragan hiru urtez-edo antzeko txapelketa bat egin zen, eta Hernanin elkarte gastronomiko batek egiten du antzeko zerbait. Horiek izan ditzaketen antzekotasunetatik ikasten joan gara, baina gu berriak gara, eta zailtasunak badaude. Baina ondo gaindituko ditugu, eta aurten informazio asko aterako dugu datozen urteetan hobeto egiteko.

Txapelketa hau aurrera aterata aspaldiko amets bat beteko duzula diozu.

Bai, bere garaian egin ziren horrelakoak, eta berreskuratzeko modu bat da. Gaur egun ere txapelketa handiak antolatzen dira, baina epaile kopuru mugatuarekin eta. Sagardogileok sagardoa sustatu nahi dugu, sagardoa zer den azalduz eta sagardoaren bueltan giro bat sortuz. Baina honelako txapelketa batek informazio asko ere ematen digu: jendeak zer nahi duen, zer gustatzen zaion, toki bakoitzean zer gustatzen den… Eta hori dena ere jakin nahi dugu, azkenean kontsumitzaileak berak ematen dizun informazioa delako, eta hori oso interesgarria da. Gero, noski, sagardogile bakoitzak berak irabazi nahiko du promozio handia emango diolako.

Gaur egun Gipuzkoan zenbat sagardo txapelketa egiten dira?

Badago txapelketa ofizial bat, Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatzen duena, oso txapelketa teknikoa dena eta interesgarria. Eta gero herrietako dastatzeak izango liratekeenak daude, izendatutako epaile talde batekin egiten direnak, herriz herri. Horiek piloak dira. Kasu horietan 8-10-12 epaile dira, eta aurrez izendatutakoak. Horrelakoak hamar bat egiten dira Gipuzkoan urtero-urtero. Gero, badaude beste txapelketa batzuk herrikoak izan beharrean, pribatuak-edo direnak, elkarte gastronomikoetan egiten direnak; hor beste mordoxka bat badago. Hernanin, esaterako, elkarteek ohitura badaukate, eta beste herri batzuetan ere bai, baina pribatuak izaten dira.

Biharkoaren ondoren, segitzeko asmoarekin?

Hau luzerako gauza bat da. Aurten, kopuru murriztu batekin egingo dugu, eta hemendik informazio asko aterako dugu nola egin behar den eta. Gerora urtero egitea da asmoa, eta handitzen joatea.

Aurreragorako asmoa final batekin sare bat osatzea duzue, ezta?

Bai. Lehengo dokumentu zaharretara joanda eta egun egiten dena ikusita osatu nahi dugu sarea. Lehen, sare bat bezalakoa zen: finalaurrekoak eta finala egiten ziren. Guk horrelako zerbait egin nahiko genuke, nahi duten guztiek parte hartuz. Baina herriz herri egiten diren sagardo egun eta txapelketa horiei ere garrantzia eman nahi diegu. Hau da, gurekin parte hartu nahi duten guztiekin sare bat antolatu nahi dugu, elkarlana bultzatuz eta harremanetan jarrita.

Leave a Reply

Your email address will not be published.