Udal ordezkarien gehienezko soldatak finkatu dituzte

Ilargi Agirre

Gipuzkoako Batzar Nagusiek udal ordezkarien gehienezko soldatak zehaztu dituzte. 90.000 euro kobratu ahal izango dituzte urtean. Imanol Lasa Gobernantza eta Gizarte Komunikazio diputatuak eman du foru dekretuaren berri osoko bilkuran. Lasak nabarmendu du foru dekretua “akordioan” oinarritu dela, eta azaldu du soldata “duinak” onartzeak politikarien jarduna duintzeko balio duela. Bide beretik, Ianko Gamboa EAJko batzar taldeko bozeramaileak adierazi du herri bakoitzeko osoko bilkuretan erabakiko dutela zeintzuk diren euren ordezkarien soldatak. “Zifra hauek maximoak dira”.

EAJk, PSE-EEk eta PPk onartu dute foru dekretua. Horren arabera, 2.000 biztanle baino gutxiago dituzten herrietan urteko ordainsaria 50.315 eurotan finkatu dute gehienez; 57.000 eurotan 2.000 eta 5.000 lagun artean dituzten herrietan; 60.000 eurotan 5.000 eta 10.000 arteko biztanlekoetan eta 67.000 eurotan 10.000 eta 20.000 artekoetan. Soldaten zifra 73.890 eurotara igotzen da 20.000 eta 50.000 lagun bizi diren lekuetan, eta 78.000 euro kobratu ahal izango dituzte udal ordezkariek 50.000 biztanle baino gehiago dituzten herrietan. Donostiako udal ordezkariek izan ditzakete soldatarik altuenak: 90.000 euroraino iritsi ahal izango dira urtean.

“Diru gosea”

Juan Carlos Cano PPko bozeramaileak eta Julio Astudillo PSE-EEko bozeramaileak foru dekretua defendatu dute. Azken horrek adierazi du akordioa “arrazoizkoa eta adostua” dela. Gainera, nabarmendu du Eudelen bermea ere baduela.

Halaber, foru dekretua onartu ez duten alderdietako politikariek gogor kritikatu dute erabakia. Xabier Olano EH Bilduko eleduna izan da horietako bat. “Neurriz kanpoko diru gosea dute dekretu hau babestu dutenek”. Gainera, Beasaingo eta Azpeitiko kasuak kritikatu ditu. Azaldu duenez, herri horietako EAJko alkate berriek %45 igo dituzte euren soldatak.

Iritzi berekoa da Juantxo Iturria Podemos Ahal Dugu-ko batzarretako bozeramailea. Iturriak adierazi du soldata “altuegiak” ezarri dituztela, eta “gehiegizkoa” dela. “EAJ eta PSEko alkate askok igo dituzte euren soldatak uda honetan, eta horiek baliozkotzeko balio du dekretuak. Lotsagarria da”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.