‘Zinea.eus’ saritu dute, zinemazale euskaldunen espazio birtuala izateagatik

Ilargi Agirre

“Zinemazaleen eta industriako jendearen erreferentziazko eta euskarazko webgunea izan nahi dugu”, adierazi du Maialen Goñi Zinea.eus atariko kazetariak. Egiten ari diren ahalegina omendu du aurten Euskaraz bizi nahi dut film laburren lehiaketak. Paul Bilbaok sari banaketan azaldu zuenez, hizkuntza baten normalizaziorako, hiztunak sortzearekin batera, espazioak ere beharrezkoak dira. Bide horretan, Zinea.eus-ek zinemazale euskaldunentzat espazio birtuala sortzen egindako lana saritu nahi izan da.

Duela bi urte sortu zen ataria, zinemaren alorrean euskara hutseko webgune baten falta zegoela ikusita. “Euskaraz egindako lanei lehentasuna ematen diegu, baina zinemarekin lotura duen guztia saiatzen gara ekartzen atarira. Oscar sarien banaketaren inguruan ere idatziko dugu, adibidez, euskaldunak eta zinemazaleak garelako, baina atzerrikoa ere interesatzen zaigulako”, esan du Goñik.

Hainbat ataletan banatuta dago webgunea. Fokua atalean, esaterako, euskal industrian mugitzen diren profesionalei ikus-entzunezko elkarrizketak egiten dizkiete. “Asier Altuna eta Jon Garañorekin hitz egin dugu, baina saiatzen gara horren ezagunak ez direnak ere elkarrizketatzen”. Itzalpean lan egiten dutenei ere ematen diete ahotsa; teknikoak, makillatzaileak… Horrez gain, zinemaren inguruko albisteak, asteroko estreinaldiak, filmatzen ari diren lanak eta lehiaketak ere ematen dituzte atarian.

Datu basea

Ganbara proiektuaren oinarriak ari dira finkatzen etorkizunera begira. “Euskal Herrian eta, batez ere, euskaraz ekoitzi diren film luze eta laburren gordailu bat egin nahi dugu”. Datu base bat izango da, eta lan bakoitzaren inguruko informazioa aurkitzeko aukera egongo da. Gainera, film horien gidoiak digitalizatu, eta eskuragarri eta doan jarriko dituzte sarean.

Ikasle eta ikertzaileentzat zerbitzu oso erabilgarria izango dela azaldu du Goñik. “Filmategiak badauka oinarrizko datu base bat, baina ez dago erabat osatuta. Haiekin elkarlanean egingo dugu Ganbara”.

Euskal zinema loraldian dagoela uste du Goñik, baina urteetako lanaren emaitza dela dio. “Gu pozik gaude, badirudielako gure ataria ere loraldiarekin batera jaio dela. Jende askok esaten zigun ez genuela nahiko informaziorik izango webgunea elikatzeko, baina ez da hala. Informazioa soberan dago”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.