Boluntario lana Venus jainkosaren bila

Asier Perez-Karkamo

Goiz pasa arkeologikoa egin zuen iazko martxoan Hondarribiko Ondarearen Aldeko Elkarteak (Hondae) Jaizkibel mendiko gailurrean. Herriko ondarea herritarren artean zabaltzea da elkartearen xedea, eta helburu horrekin, kata batzuk egitea bururatu zitzaien. Indusketa arkeologiko bat nola egiten den ikasi nahi zuten, baina irizpide jakin batzuetatik abiatuta aukeratu zuten jardunaldirako tokia: II. Karlistadako San Enrike gotorlekua. Eraikuntza handi baten aztarnak topatu zituzten orduan, eta orain, indusketa sakonago bat egitea erabaki dute, eraikina zein garaikoa den zehazteko.

Indusketarako Jaizkibel gaina aukeratu izanak baditu hainbat arrazoi. Batetik, duela 35 urte sator batek erromatarren garaiko txanpon bat azaleratu zuen inguru horretan. Bestetik, II. mendean Ptolomeo geografo greziarrak Jaizkibel gailurrean kokatu zuen Oiasso Pirinioetako muturra (Oiasso Akron Pirenes), eta bertan Venus jainkosaren tenplua (Ieron Aphrodites) —greziarrentzat Afrodita, erromatarrentzat Venus, jainkosa bera da—. Gotorgunea eraikitzeko aukeratutako guneko ikuspegia ere ezin hobea da: Pirinio mendilerroa, Bidasoa harana, Gipuzkoa ia osoa eta Kantauri itsaso zabala zaindu daitezke Jaizkibel muturretik.

Boluntarioen artean eskarmentu handiko arkeologoak daude Hondaen. Hala, mendira igo aurretik eta ikerketa egiterako orduan, edozein indusketatan erabiltzen diren tresna profesionalak izan dituzte eskura, horien artean satelite bidezko Lidar kartografia. Mertxe Urteaga Arkeolaneko zuzendari eta Irungo Oiasso Erromatar Museoko arduradunak azaldu duenez, lur azpian eraikin baten arrastoa azaltzen zuen sateliteak: “Ikusten ziren lur azpian pinporta batzuk eta zuzen batzuk, egitura zahar bat zegoela ematen zuen, eta tokia estrategikoa da; argi dago San Enrike gotorlekua baino lehen beste zerbaitek egon behar zuela”.

Urteagarekin batera, Pia Alkain arkeologoa eta Aranzadirekin hainbat ikerketetan parte hartu izan duen Enrike Lekuona ingeniaria izan ziren lehen mendi irteera hartako buru. Bakoitzak boluntario talde baten ardura hartu zuen, eta bi metro luze eta metro bat zabal hartzen duen hiru miaketa gune finkatu zituzten. Belarra baztertu eta gutxira bala batzuk eta bala zorro bat, iltzeak eta zeramika modernoa azaldu ziren… gotorlekuaren garaikoak denak. Baina pixka bat gehiago sakonduta, harri batzuekin topo egin zuten, metro bateko zabalerako horma landuak.

Bildutako informazioa aztertu eta gero, ondorioztatu dute ez zirela XIX. mende bukaerako egitura gotortuarenak. “Planora pasatu eta egituraren norabidea ikusi dugu. San Enrike gotorlekuko planoaren gainean jarri dugu, eta ez dute bat egiten, norabide desberdina dute biek”.

Bigarren indusketan, beraz, hori zabaldu nahi dute, ikusteko egitura horri lotuta materialak agertzen diren; “ikatza edo, horrelako baliabideak datatzeko”, erantsi du Arkeolaneko buruak.

Adituak tartean dauden arren, boluntario taldea da Hondae, eta indusketa egin ahal izateko aldundiaren baimena ezinbestekoa dute. Gainera, edozeini ez diote baimena ematen; titulazioa ezinbestekoa da. Baimenik gabe indusketa bat egitea delitu izateaz gain, Alkainek argi du metodologia zientifikoa goitik behera zaindu behar dela: “Inportanteena da hau elkarteko kideekin partekatzea, metodoa erakustea. Ez da bakarrik mendira joan, zulo bat egin eta gauzak topatzea. Aurkitutakoa kokatu behar da, ondo egin, zerbaiterako balio izatea nahi badugu”.

Udazkenean edo neguan

Zundaketa noiz egingo duten ez dute oraindik zehaztu, Urteagak dioenez: “Falta da iaz egin zen lana osatzea, planoa badago, baita deskribapena ere, osatu eta horrekin batera zundaketa berria egiteko baimena eskatu behar da”. Udazkenean ez bada, neguan berriro igoko dira mendira, indusketa arkeologikoaren metodologian sakontzeko xedez, baina historia aldatuko duen aurkikuntzaren bat egitea baztertu gabe.

Gerta daiteke fundamentuzko ezer ez aurkitzea, baina gauza bat argi dauka Urteagak: Ptolomeok aipatutako tenplua agertuko balitz, “salto batean” jaitsiko lirateke Jaizkibeletik: “Horrelako aurkikuntza bat tranpolina litzateke beste eremuetara jauzi egiteko. Baliabideak beharko lirateke, baina tenplu bat aurkituz gero, etekinak izugarrizkoak dira”. Ikerketa zabalagoa eskatuko luke horrek, luzeagoa, profesionala; Hondaeko boluntarioek ez, beste batzuek egingo luketena.

Venus jainkosaren tenplua agertu ala ez, altxatutako lurra bere lekura itzuli eta harri bila jarraituko du Hondaek, mendian, itsas ertzean, hiribilduan… egun Hondarribia dagoen lekuan bizi izan zirenen ondarea ikertzen.

Leave a Reply

Your email address will not be published.