“Gure ingurumen arazo handienetako bat itsasoa da”

“Gure ingurumen arazo handienetako bat itsasoa da”

Nekane Zinkunegi Barandiaran

Euskal Herrian tamaina handiko egurrez egindako azken atunontzia izan zen Mater. Getariako Etxegoien familiak eraiki zuen, 1990. urtean, ordura arte euskal arrantzaleek erabilitako Erriberako zurgintza teknika tradizionalen bitartez. “Urte osoan antxoak, sardinak eta berdelak arrantzatzen zituen, eta uda partean, berriz, atuna”. 2003an, hondoratzera zihoan, baliatzen zutenek txapazko ontzi berri bat egin nahi zutelako. Urte hartan, Eusko Jaurlaritzak ontzien flota berritzeko diru laguntzak eman zituen, eta hori baliatu zuten etxegoiendarrek ere. Arrantzontzia izandakoa museo bihurtuta dago egun.

Arrantzaleek itsasoan egiten duten bizimodua ezagutzeko aukera ematen du Pasaiako Badian porturatua dagoen Mater Itsasontzi Museoak. Izaskun Suberbiola (Oiartzun, 1979) da bertako zuzendaria 2003tik, eta bi urte geroago jarri zuen martxan museoa: “Itsas Gela elkarteak Mater itsasontzia hartu zuen, eta ni kontratatu ninduen hori museo bezala jartzeko egin beharreko tramiteetarako. Arrantzontzia museo bilakatzeko lege aldetik egin beharreko paperez-eta arduratu nintzen. Ondoren, museoko eskaintza zehazteaz ere arduratu naiz, eta, orain, martxan irauteko lana egiten dut”.

Arrantzontzi gisa erretiratu aurretik, 2003. urtean, flota guztiarekin batera “lan ikaragarria” egin zuen Mater ontziak itsasoa garbitzen, Prestige ontziak eragindako isurketagatik itsasotik fuel olioa ateratzen. Azkeneko lanetako bat izan zen hura, eta oraindik esan daiteke itsasoaren garbiketa funtzioari eusten diola Mater-ek, hurbiltzen zaizkien guztiengan itsasoa eta ingurumena zaintzeko kontzientzia erein nahi baitute museokoek: “Gure ingurumen arazo handienetako bat itsasoa da, arrantzaren eraginagatik nahiz bertan dauden hondakinengatik”.

Bisitak eta tailerrak

Suberbiolak dioenez, Mater euskal itsas ondarearen gordailu bihurtu da, “transformatu” egin dutelako ondare bizia izan dadin. Horrek egiten du berezi museoa, itsasontzi izateak. Bi eratako erabilpena ematen diote. “Museo bezala, jendeari arrantzaren mundua ezagutarazteko balio du: bisita gidatuaren bidez, arrantzaren egunerokora hurbiltzeko aukera ematen dugu. Gure itsas ondarearekin lotutako ondarea ezagut daiteke horrela. Inguruko gune historikoetarako bisitak, arraun elkarteetakoak, kostako txangoak…”. Bestetik, ekintzak eta tailerrak antolatzen dituzte jendeak parte hartu eta ingurunearen kontserbazioa lantzeko.

Kosta aztertzeko kanpainarekin hasiko dira orain: txango irekien bidez, jendea erakarri eta euskal itsasoa ezagutu eta kontserbatzeko aukera emango dute. Arrantzarako eta itsas hondoan urpekaritza egiteko aukera ere ematen dute, itsas hondoan topa daitekeen ekosistema ezagutu ahal izateko. Gainera, urte osoko kultur programazioa martxan dute, eta Mater-en egonaldiak egiteko aukera ere eskaintzen dute, bertan lo egiteko aukerarekin. “Aurten, erromesak etorri zaizkigu, esaterako”.

“Mundu osoko jendea” igarotzen da Mater museotik, baina gehienak bertakoak izaten dira. “Nafarrak eta arabarrak itsas-minez etortzen dira asko; hala ere, Gipuzkoako jendea da sarrien etortzen dena, itsasoko gaiekin lotura duen jendea, gehienbat”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.