Ametsetan bagara norbait

Danel Agirre

Zure bizitza ez da oso interesgarria. Gaueroko zure ametsak bai, zure ametsetan asteburua pasatzeko gonbita pozarren jasoko nuke nik. Onar dezagun: jaio ginenetik, biotako inork ez du antzezlan edo nobela batean erregistratuta geratzea merezi duen ekintza errealik burutu; esna gaudenean, pare ezin monotono eta koldarragoa gara. Baina gure ametsek bai, horiek badute puntxa. REM egoeran gaudenean, metroan alboko eserlekuan ilegorri bat eseri eta bi minutu pasatzerako txorta saioa bukatuta gaude. Baboren batek petralkeria bat esan, eta beti dugu beisbol bateren bat eskuan babo petralari belaunak xehe-xehe egiteko. Lo gaudelarik bagara norbait.

Horregatik, ametsak bakarkakoak, inorenezinak izate hori kaka bat da. Nik nireak lehenengo ilaratik ikustera gonbidatu nahi zintuzket; butakatxoa gustura ipiniko nizuke nire erraiak bertatik bertara beha zenitzan. Zinemaldia bezala litzateke zuretzat, baina dibertigarria.

Gure ametsak maneiatzen dituen mekanismoa kabroia ere bada oso. Ia guztiak ahaztarazten dizkigu iratzargailuak jotzerako, baina noizean behin ale solteren bat fresko uzten digu memorian. Gure egunerokoa are miserableago, aspergarriago begitantzen zaigu orduan. Gogoan dudan nire azken ametsa kontatuko dizut, hura bai abentura. Ea zure brontzeko maskorra jasotzen dudan.

Koka zaitez 2030eko inguruko etorkizun apokaliptikoan. Jende xeheari haragia eta arraina jatea galarazi diote. Pribilegiatu gutxi batzuek bakarrik dute astero bost kilogramo eskuratu ahal izateko baimen berezia; ni horietako bat naiz, noski. Esan dizut lehen ere ametsetan norbait banaizela. Batzuetan, Euzkadi Buru Batzarreko mahaikidea. Besteetan, Confebaskekoa. Batzuetan, biak batera.

Ostiral batez, Azpeiti inguruko auzoren bateko morroi moztaka batek mezua helarazi dit. Nire eskumenen berri baduela, alaba ezkontzen zaiola, eta nire asteko bost kiloengatik nahi dudana ordainduko didala. Tratua 250.000 euskotan itxi dugu; Josu Jon Imaz Bilboko Banku Zentraleko gobernadorearen aurpegia duten 500eko 500 billete emango dizkit utzitako gasolindegi zaharrean. Transakzioaren egunean Ertzaintza azaldu da, ordea: guztia zepo bat zen, aspaldi zekiten kontrabandoan ari nintzela. Polizia etxean torturak jasan ditut. Patruila batek usteldutako bost kilo oilasko bular irenstera behartu nau. Pablo Iglesias da ertzainetako bat, ez galdetu zergatik.

Behin kartzelako patioan lagun berriak egiten ari naizelarik, sakelakoaren alarmak jo eta nire loa etenda geratu zen. Istorioari zenbat falta zitzaion ez dakit. Zuk zeuk amai dezakezu, izan krudela nirekin nahi baduzu, atera barruan daramazun zilarrezko maskor hori. Baina egunen batean zure ametsetan kuxkuxean ibiltzerik badut, atxilotzen zaituzten bakoitzean nire algara ozena entzungo duzu, ez dudarik izan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.