Biko akordiotik, plan “bizi” bat

Maite Alustiza

EAJk eta PSE-EEk gobernu akordioa hitzartu zutenean, “garbi” ikusi zuten behar-beharrezkoa zela kudeaketa plan estrategiko bat definitzea. Imanol Lasa diputazioko bozeramailearen hitzetan, legealdi oso baterako inportantea da helburu nagusiak eta proiektu estrategikoak ondo zehaztea. Konpromiso politikoaz gain, herritarrekiko konpromisoa dute, jendeari adierazteko ez bakarrik zer egin nahi duten, baizik eta nola egin nahi duten. Horregatik, ebaluatze sistema bat jarriko dute, plana zenbateraino betetzen den neurtzeko. Aldundiak joan den astean aurkeztu zuen plana Donostian, lurraldeko 250 eragileren aurrean.

Bost helburu estrategiko zehaztu dituzte: ekonomiaren errekuperazioa finkatzea; gizarte ongizate eta kohesio eredua sendotzea; gauzatzeko dauden hainbat proiekturi heltzea; gobernua berrasmatzea; eta herritarren arteko elkarbizitza finkatzea. Helburu bakoitzari dagozkion proiektuei errepasoa egin die Lasak Hitza-rentzat:

KUDEAKETA PLANA

EKONOMIA SUSPERTZEKO PLANA
Bultzada industriari

Aldundiaren lehen helburu estrategikoaren ardatza da. Ez diote “krisiaren kontrako plana” deitu nahi. Lasak dioenez, zenbait eragile ekonomiko eta sozialek izugarrizko lana izan dute krisiari aurre egiteko, eta orain beste babes batzuk behar dituzte, suspertzeko. Hori horrela, aldundiak 50 milioi bideratuko ditu ekonomia suspertzeko planera, batez ere industriari lotutako enpresei. “Gipuzkoa lurralde oso industriala da, pisu handia dauka gure BPGan, eta industriak plan berezi bat behar du”. Horrez gain, lehen sektoreari ere emango diote laguntza, batez ere baserritar munduari. Dendari eta ostalaritza elkarteei lotutako erronkak ere badituzte, baita ekintzaileei begirakoak ere. Ikerketari lotuta, Miramon inguruan sare bat antolatu nahi dute. “Batzuetan iruditzen zaigu bakoitza bere aldetik dabilela”.

GIZARTE ZERBITZUEN MAPA
Dagoenari eustea

2015-2017ra arteko plana da, eta diputazioaren bigarren helburu estrategikoaren barnean kokatzen da. Gaur egun dauden zerbitzuei eustea izango da legealdiko erronka nagusiena; horretarako, mapa sozial berri bat egituratuko dute.

Lasaren arabera, Gipuzkoa “eredu” da gizarte politiketan; Menpekotasun Legean, adibidez: “Hiru maila daude, eta Gipuzkoan legea osotasunean betetzen dugu; beste lurraldeetan ez”. Horrez gain, etxeko laguntzaren arloan ere lurraldean zerbitzu zabalagoak ematen direla dio. “Zerbitzu hobe bat ematen dugu, beste zerbitzu maila bat emateko adostasuna daukagulako”.

Baina ez hori bakarrik. Dioenez, kudeaketa sisteman ere aldundiak lan berezia egiten du hirugarren sektorearekin. Horren adibide da Gureak: “Gureak bezalako sistemarik ez dago, esango nuke Europako beste herrialdeetan ere ez. Europatik etortzen dira ikustera aniztasun funtzionala dutenak nola integratzen diren elkarte baten bitartez”. Horrelako ereduen adibide gisa zerrendatu ditu Atzegi, Matia fundazioa… “Oso garrantzitsua da ez bakarrik zer ematen den, baizik eta nola ematen den. Administrazioaren eta enpresa pribatuaren arteko lankidetzaren emaitza da”.

HONDAKINAK
Aurreikusitako azpiegiturak egitea

Heldu beharreko proiektuen artean kokatu du aldundiak hondakinen alorra. Aurreikusitako azpiegitura guztiak egitea izango da helburu nagusietako bat. “Erraustegia da gauza bat, baina hondakinen kudeaketan hor daukagu Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorra. Plan horren ildo nagusienak berreskuratzen ditugu”. Plana egin zenetik egoera batzuk aldatu egin direla dio Lasak, eta eguneratu egin behar dela.

Beste helburu bat birziklatze tasari lotutakoa da: %10 gehitu nahi dute tasa. “Europara begira gaude; gehien birziklatzen dutenen eredua jarraituko dugu. Adituek esaten digute badaukagula horretarako gaitasuna”. Aurrerantzean, udal eta mankomunitateekin harremanetan ariko dira, eta erakunde bakoitzak hondakinen kudeaketan hartzen dituen erabakiak errespetatuko dituzte: “Usurbilen, esaterako, galdeketa egin zen, eta atez atekoaren alde atera. Guk, bere garaian, nahiz eta diputazioan egon, errespetatu egin genuen, eta orain ulertzen dugu batzuek kontsulta egingo dutela, eta beste batzuek ez, gehiengo politikoak aldatu direlako”.

METROA ETA BIRIBILGUNEA
Itunak eta obrak

Egiteko dauden proiektu estrategikoetako bi dira Donostia aldeko metroa eta Gipuzkoako Biribilgunea diputazioarentzat. Lasak dioenez, auto eta kamioientzat azpiegitura garrantzitsuak egin dira —Gipuzkoako Biribilgunea jarri du adibide—. Bukatzear da biribilgunea, Deskargako proiektuarekin. “Legealdi honetako erronka nagusiena da hori, eta bizpahiru urtetan bukatuta edukitzea espero dugu”.

Garraio publikoari dagokionez, autobus sisteman egin beharreko hobekuntzak egiten joatea da asmoa, baina dagoeneko nagusiena egina dagoela uste du. “Etorkizuna trena da. Hemen gaia da horren kostua, nondik finantzatu”. Proiektuaren azken definizioa falta zaie, eta baita finantzaketa ere, erakunde bakoitzak zenbat jarriko duen. Printzipioz, Eusko Jaurlaritzaren eta aldundiaren artean finantzatuko lukete. “Donostiako Udalak, nahiz eta dirurik ez jarri, haren lur askotan sartuko gara, eta horrek balio bat dauka. Hori nola baloratzen den ikusi beharko da”. Diruaren kontua aurrekontuek argituko dutela uste du: “Jaurlaritza ere hemendik gutxira aldatzera doa, eta ikusi beharko da talde berriak bat egiten duen”. Obrak legealdi honetan hastea gustatuko litzaieke.

PASAIALDEA
Biziberritzea, martxan

Pasaialdea biziberritzeko plan berezian aurreikusitako ekintzak egitea izango da xedea. Urtero, aurrekontuan adieraziko dute zein ekimen zehatz egingo dituzten. “Oraingo honetan bai, administrazioek bat egin dugu, eta badator biziberritze plana. Egia da ez dela erraza izan, baina azkenean adostasun zabal bat lortu dugu”.

TABAKALERA
Lekua ikus-entzunezkoei

Tabakaleraren etorkizuna “oso lotuta” ikusten dute ikus-entzunezkoen ekoizpenarekin. Batik bat euskal kulturarekin lotutako ekoizpenak sustatu nahi dituzte, eta euskarari garrantzia eman. “Loreak da azken adibide garbiena. Horrelako produktuak egiten dira, eta orain saiatu behar dugu halakoei ahalik eta etekin handiena ateratzen”. Aldundiak, Kultura sailak, Tabakalerara eramango duen apustu garbiena ekoizpen produktu euskaldunak izango dira: “Tabakalera izan dadila makina bat horrelako produktuak sortzeko”. Gipuzkoan sortzen diren ikus-entzunezko eduki kulturalak %25 handitzea jarri dute helburu.

GOBERNANTZA ONAREN ESTRATEGIA
Gardentasuna eta teknologiak

Gobernu eredua berrasmatzeko helburuaren barruan, gobernantza onaren estrategia landuko dute. Eredua definituta dago, baina berrikuntza batzuk behar dituela uste dute. Gardentasun aldetik, esaterako. Martxan jarriko duten proiektuetako bat Guztion Gipuzkoa izango da. Oraindik ez dute definitua aldizkari bat izango den, webgune bat… Edonola ere, horren bidez herritarrei hiru hilean behin adieraziko diete aldundiaren betetze maila nolakoa den, zer egin duten, eta zer ez duten bete. “Gizartearen exijentzia gero eta handiagoa da, arduradun politikoei gehiago eskatzen zaigu, nahi berri batzuk daude, eta horiei erantzun behar diegu”.

Teknologia berriak “oso garrantzitsuak” izango dira, gazteei begira, batik bat. “Gaur egun oso urrun sentitzen duten administrazioa da batzuetan aldundia, eta nahiz eta harrera zerbitzu txukuna izan, oraindik jendeak nahiago du kontsultak edo dena delakoak mezu bidez egin”. Parte hartzeko plataforma digital bat eratu nahi dute. Administrazio elektronikoaren inguruan ere, erronka daukate: “Ia inbertsio gehienak eginda daude, eta orain zerbitzu hori eman behar diegu herritarrei, elektronikoki, zenbait zerbitzu jasotzeko aukera izan dezaten”. Horrez gain, datu irekien inguruan lanketa egin nahi dute, eta parte-hartze prozesuen kudeaketa moldatu.

Legegintzaldiko ardatzetako bat elkarlana izango da. Batetik, udalek garrantzia hartzea nahi dute. “Lan hobeak egin behar ditu diputazioak. Ikusten dugu 88 udalerrien artean, kasu askotan, ez dutela egiten dutenaren berri. Hor lidergo puntu bat hartu nahi du aldundiak”. Batzar Nagusiek ere garrantzia hartuko dute. Lasaren ustez, zenbait momentutan diputazioa eta Batzar Nagusiak urrun ibili dira, eta lanketa berezi bat egin nahi dute “herri ordezkariek esaten dutena planetan txertatzeko”.

Era berean, eragileekin ere gertutik gertura jardun nahi dute. Plana definitzerakoan ere, batik bat etxe barruan egin arren, eragileekin landu dute. “Ehun bisita baino gehiago izan ditut; bakoitza bere proiektuekin dator, eta horietako batzuk dagoeneko txertatu ditugu. Beste batzuk tiraderan geratu dira, aurrekontutik aukera badago lantzeko”. Gipuzkoan dauden 5.000 elkarterekin baino gehiagorekin harremanak estutzea dute helburu. “Gure plana bizia da, aldiro aldaketak izango ditu: udalekin, eragileekin eta herritarrekin elkarlanean, eta Batzar Nagusietako ideiak jasoz joango gara proiektu estrategikoak garatzen”.

KULTURA POLITIKOA ETA DEMOKRAZIA SAKONTZEKO PROGRAMA
Pausoak elkarbizitzan

Bosgarren helburuaren barnean dago programa, elkarbizitza finkatzean. Arlo horretan, bi lanketa egin asmo dituzte: bata, indarkeriarekin zerikusia duena —memoria historikoa lantzea…—; eta bestea, urteetan egondako ezinikusiei, errespetu faltei eta abarrei heltzea. “Badira zenbait gai hainbat herritan oso polemikoak direnak, ez dietenak elkarbizitzari mesede egin. Lan mardula dago egiteko”. Auzi horien artean aipatu ditu alardea, hondakinen auzia —”ez dauka zerikusirik biolentziarekin, baina oso gai polemikoa izan da”—, zezenketak…

 

Kudeaketa Plana, osorik, hemen.

Leave a Reply

Your email address will not be published.