Hemen lan egiteko lanean

Hemen lan egiteko lanean

Eider Goenaga

Itsaso Andueza EGK Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko lehendakariak “kezkatuta” hitz egiten du Adegiko presidente Pello Gibelaldek urriaren hasieran egindako adierazpenen harira. Ez dio balio gazteei buruz esandakoak esan eta gero barkamena eskatzeak. “Adierazpen larriak egin zituen”, dio Anduezak, eta barkamen eskaerarekin ez zuen konpondu egindako kaltea. “Gure kezka eta gure sentsazioa izan da patronalaren estrategia horixe dela, gazteak kanpora bidaltzea. Jo eta su ari gara lanean gauzak hobetzeko, eta hemengo egoerari buelta emateko, hemen aukerak izan ditzagun, eta, haien adierazpenen arabera, hain justu, badirudi kontrakoa dela estrategia, eta horrek kezkatu egiten gaitu”.

Anduezak uste du gazteentzako “aukera bat” dela lanera kanpora joatea. “Guk ez daukagu ezer gazteak kanpora joatearen kontra, eta esperientzia aberasgarria izan ohi da”. Kanpora joateak, baina, “aukera pertsonala” izan behar duela gaineratu du EGK-ko lehendakariak, “ez, inolaz ere, behartutako zerbait”.

“Alemanian egotea ez da etxetik kanpo egotea; Europan egotea da. Hegazkin bat hartu, eta ordu eta erdian hemen zaude, (…) astebururako etxean egon zaitezke”, esan zuen Gibelaldek, prentsaurrean. Hiru gezur ikusten ditu Anduezak hitz horietan. “Batetik, ez da egia Alemanian egotea etxean egotea denik. Alemanian bazaude, kanpoan zaude; ez dauzkazu lagunak, ez daukazu familia, ez zure hizkuntza, eta, dudarik gabe, han atzerritarra zara”. Bestetik, Anduezak argi du atzerrira joandako gazteek normalean ez dutela dirurik izaten asteburuan etxera itzultzeko, “nahiz eta hegaldia motza izan”.

Hirugarren, atzerrira joaten diren gazteen egoeraz hitz egin du EGK-ko lehendakariak. “Jende asko joaten da kanpora, eta egongo da han oso ondo bizi den jendea, baina, oro har, jendea ez da hain ondo bizi kanpoan”.

Gurasoen etxean goserik pasatzen ez dutela eta, gazteek ahaleginik ez dutela egiten esan zuen Adegiko presidenteak. “Horrek erakusten du Gibelaldek ez duela inondik inora ezagutzen egungo gazteen egoera”, erantzun dio Anduezak Adegiko presidenteari. “Gauza bat da gurasoen etxean egotea, goserik ez pasatzea, eta beste gauza bat akomodatuta egotea”.

Gurasoen ahalegina

“Dena eduki duten” gazteen taldean kokatzen du bere burua Anduezak, “baina, horretarako, gure familiek ahalegin handia egin dute”. Guraso biak lanean, eta seme-alabei ikasketak ordaintzeko ahalegina egiten. Horixe izan da gazte askoren egoera. “Presta zaitez etorkizunerako”, entzun dute gazteek behin eta berriro. “Gu ere ez gara egon ezer egin gabe. Ikasten aritu gara, geure burua prestatzen aritu gara, eta, betiere, gure gurasoek egiten zuten ahalegin hori baloratzen”, gehitu du Anduezak. “Eta, kontuz, gainera, mundu guztiak ez baitu denetik eduki; hori esatea ere arriskutsua da”.

Gazteon ekintzailetza jarri du auzitan Gibelaldek. “Ez da justua hori gazteei bakarrik eskatzea. Guri, inork aukerarik eman ez digun gazteoi eskatzea ekintzaile izateko, bada, ez da justua”. Gainera, ekintzailetza sustatzeko diru laguntzetan, esaterako, esperientzia eskatzen dela nabarmendu du EGK-ko lehendakariak. “Orduan, zer? Zertan gelditzen gara? Gu gara esperientzia txikiena daukagunak, eta guri eskatu behar zaigu ekintzaile izateko?”.

Gazteen etorkizuna gazteek beraiek landu behar dutela argi du Anduezak, eta hori egiten dutela nabarmendu du. Baina, nork eman behar die aukera gazteei? “Gazteei egiten zaizkien kontratuen %95 aldi baterakoak dira, eta izugarria da prekaritatea. Prekaritatea ez da langabezian egotea soilik, prekaritatea da bizitzeko adina ematen ez dizun soldata bat edukitzea, lanaldia kontratuan jasotakoa baino askoz ere luzeagoa izatea, gainprestakuntza ere prekaritatea da… Eta hori hemengo enpresen ardura ere bada”.

Gibelaldek “herri erronka” aipatu zuen bere adierazpenengatik barkamena eskatu zuenean, eta Anduezak argi du herri erronka hori ez dela gazteak kanpora bidaltzea. “Herri erronka gauzak aldatzeko lan egitea da, eta hori ezin dugu gazteok bakarrik egin”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.