“Herrialdeaz eta enpresaz ezer asko jakin gabe etorri nintzen Abu Dhabira”

Maite Alustiza

2013ko apiriletik, Arabiar Emirerri Batuetan ari da lanean Ugaitz Larreta (Villabona, 1981). Abu Dhabi eta Dubai artean kokatuta dagoen enpresa batean ari da, aeronautikako industrian. “Mundu mailan ezagunenetarikoak diren hegazkin fabrikatzaileen hornitzaileetako bat da”. Abu Dhabikoa da enpresa, eta nagusia, hango xeke bat.

Internetez topatu zuen lanpostua Larretak. “Hainbat elkarrizketaren ondoren, lan eskaintza bidali zidaten. Herrialdeaz eta enpresaz ezer asko jakin gabe, lan kontratua eta bisa eskuetan etorri nintzen Abu Dhabira”.

Goiz eta arratsaldez lan egiten dute; normalean, 08:00ak baino lehen bulegoan izaten da Larreta, eta arratsaldeko seiak aldera bueltatzen da etxera. “Ramadanean, goizez bakarrik lan egiten dugu”. Hileroko soldataz aparte, diru poltsa bat izaten dute alokairua, garraioa eta bestelako gastuak ordaintzeko. Hortik aurrera, norberak kudeatzen du diru kantitate hori.

Oro har, eta “salbuespenak salbuespen”, gazteen egoera kaskarra dela iritzi dio, norberak bizitza proiektu bat garatu eta ingurukoen laguntzarik gabe aurrera ateratzeko. “Norberak ikasitako horretan lana topatzea edo lana bera bilatzea konplikatua da, eta lan baldintza eskasen edota oso eskasen berri izan dut”.

Opor garaian du Larretak Euskal Herrira itzultzeko aukera: Abu Dhabira joan zenetik, udaran egun batzuetarako etortzen da, eta urte amaieran beste batzuetarako. Egun solteetan ere egon izan da herrian: “Laneko komeriak direla medio, Euskal Herri ingurura behin baino gehiagotan etorri behar izan dut, eta bisita horiek aprobetxatu izan ditut”.

Atzerrian izaten ari den esperientzia “positiboa” den arren, ziurtasunik ez du: “Iraungitze data zehaztu gabe dago. Hala ere, bueltatzeko ordua gero eta gertuago dagoela esango nuke”. Argi du etorkizunera begira zer nahi duen: “Nire etxea Euskal Herrian dago”.