Bertsolaritza “bizio eta afizio”

Bertsolaritza “bizio eta afizio”

Nerea Uranga

Aurreko aldietan bezalaxe, Gipuzkoako Bertsozale Txapelketa bertatik bertara jarraitzen ari den aditu, aritu eta zale kuadrilletako bat da Azpeitikoa. Udaberriko txapelketarako sailkapen fasea ez zuten segitu, baina bigarren fase honetan hutsik egin gabe dabiltza herriz herri, saioz saio. Gipuzkoakoaz gain, beste lurraldetako txapelketetako finalak eta txapelketa nagusia ere ikusten dituzte. «Jose Luis [Gorrotxategi] eta Imanol [Lazkano] lagunak ziren, eta baita haien emazteak ere; ni ere hortxe tartean, eta gurekin asko ibiltzen zen German [Zelaia]. Lagunartean Bertso Egunera-eta joaten ginen, eta beste bertsozale batzuekin autobusak antolatzen hasi ginen. Gero, 2000. urtean Erniarraitz Bertsozale Elkartea sortu genuen, eta orduan indartu egin zen geure artekoa», dio Laxaro Azkune bertsozaleak.

Joan den larunbatean, Azpeitiko Landeta auzoko Mendizabal tabernan geldituta zegoen Azpeitiko bertsozale kuadrilla, zazpi lagun ordukoan. Saioa Zestoan izanda, herrian bertan kafea hartzeko hitzordua egina zuten, saioa baino ordubete lehenago. Garaiz ibiltzen dira. «Urruti samar bada saioa, denok elkartu, eta martxa egiten dugu, baina, orain, Zestoan izanda, kafea hartu eta lasai joateko aukera dugu», dio Gorrotxategik kafea hartzen duen bitartean.

Lazkanok dioenez, «aitzakia» dute euren artean elkartu, arratsalde-pasa egin eta iluntzean mokadu bat edo beste egiteko. «Bertsolari ez dago izaterik zale izan gabe». Bertsolaritza gertutik segitzen dute: «Gure bizioa da hori». Azpeitiko hiru-lau senar-emazte eta beste bertsozale lagun eta senide batzuk ibiltzen dira saiorik saio txapelketan. Bertso Egunetan 20 eta 40 lagun arteko kuadrillak ere elkartzen dira; orduan, gehienetan, autobusa antolatzen dute.
Saioa hasi aurretik, irabazteko aukerak nork izan ditzakeen-eta komentatzen dute, baina gero han ikusi behar da emaitza: «Esperantza handiena daukanak gero igual ez du egiten. Guk uste bigarren-edo egin lezakeela, eta igual gero seigarren gelditzen da», dio Gorrotxategik. Saioa bezain garrantzitsua da osteko euren arteko iritzi trukea, Lazkanok dioenez: «Batzuetan, saioak baino balio handiagoa izaten du gero saio ondoren mokadu bat egin bitartean esaten ditugun komentarioek».

Zestoakoa bitarteko saioetan aurrenekoa zein izango zen denetan asmatu dute azpeitiarrek. Azkeneko bi final-laurdenetan, ordea, euren iritzia ez da bat etorri epaimahaiarenarekin. Justu Zestoan eta Ormaiztegin, «ezusteko dezentea» hartu dute, Azkunek kontatu duenez: «Txapelketan beti gertatzen dira horrelakoak, epaimahaikoek ere beren iritzia eta irizpideak izango dituztelako».

Lazkanok garbi du bertsoa belarriz lasai-lasai entzutea edo bertsoz bertso puntuazioa ematea ez dela berdina. «Hor alde izugarria dago. Belarrira entzunda, kantaeragatik edo kolpe batzuengatik engainatu egiten zaitu». Horretan, Lazkanorekin bat datoz Azkune
eta Gorrotxategi. Hala dio Gorrotxategik: «Jendearen erreakzioak ere eragiten du, txalo askok bertsoa ondu bezala egiten du. Eta bertsolariak saltzeko daukan gaitasunak ere eragina du».
Azkune koaderno batekin joan ohi da saioetara; «ia bizio bat bezalakoa» da harentzat: «Irratirako aritzen nintzenean, esaterako, egun baino detaile gehiago apuntatzen nituen, ordea. Orain bertso saioa hobeto segitzen dut errimak apuntatuz, gehiago kontzentratzen naiz. Errimak apuntatzen ditut orain, eta gero geure artean komentatzeko ere balio izaten du».

Gertuko segizioa
Gaur egun, bertsolaritza gertutik segitzen ez duten bertsozaleak dira egungo bertsolaritzari
«aitzakia gehien» bilatzen dizkiotenak, Lazkanoren eta Gorrotxategiren arabera. «Bertsolaritza asko mejoratu da. Gaurko bertsolaritzan maila izugarria dago», dio Lazkanok.
Bertso saioetan jende gazte asko ikusten dute; antzematen da garapena, Azkuneren arabera. «Ni bertso saioetan hasi nintzenetik hona eboluzio handia dago. Batetik, jende gazte asko ikusten da zaleen artean. Dabiltzan bertsolarien adina ikusi besterik ez dago, bertsolari gazte horiek ia denak bertso eskoletan sortuak dira, eta horien inguruko bertso eskoletako taldeak, herrietakoak, senideak eta abar asko mugitzen dira. Gero, gure antzera kuadrillan joaten den jende asko ere ikusten da. Fijo-fijoak garenak».

Aia inguruko zaleak
Azpeitiko bertsozaleek Aia inguruko beste kuadrilla batekin ere sarri egiten dute topo saioetan. Pedro Mari Lopetegi da horietako bat, Donostian bizi den aiar bertsozalea: «Gu, normalean, bost senar-emazte ibiltzen gara saioz saio: aiarrak, zarauztarrak eta lizartzarrak». Saioa Goierri aldean bada, Tolosan-edo elkartzen dira, eta, bestela, Zarautz inguruan.

Garaiz ibiltzen da kuadrilla hori ere; ordu eta erdi lehenago elkartzen dira normalean. «Oraingoak 17:30ean dira, eta 16:00etarako saioa den herrira joaten gara. Kafetxo bat hartu eta kontu batzuk esaten ditugu bitartean».

«Elegante» ibiltzen direla dio: «Urte osoan ez gara ia elkartzen, baina, zaletasun bera dugunez, elkarrekin egon, arratsaldea pasatu eta afaltzeko aukera ederra izaten dugu saioak dauden egunetan. Espezial pasatzen dugu arratsaldea». Bertsozaleak dira, baina ez dira potoei-eta halakoei begira aritzen: «Detaile horiek ez ditut hartzen. Ni neu bertsozalea naiz, baina puntua botatzeko ere ez naiz gai, ez daukat batere abilidaderik bertsotarako».
Bertso saioetako giroa ere asko gustatzen zaio aiarrari: «Jendeak asko errespetatzen du, eta giro ona egoten da. Lehengoan, Zestoan giro paregabea zegoen. Ederra izan zen, orain arteko final-laurdenetan interes handiena sortzen zuena zen izenak ikusita bakarrik: Jon Maia, Alaia Martin, Jokin Uranga…».

«Rajoyk sudurra sartu du»
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean, abenduaren 19an, Donostiara joan eta arratsalde-pasa egiteko asmoa dute Azpeitiko eta Aiako bertsozaleek. «Finala Filipinetan jokatuko balitz ere joango ginateke, aitzakia polita litzateke hara joateko ere. Askotan aitzakia behar da leku batzuetara joateko», dio Lopetegik.

Finalaren egunaren aldaketa ere gogora ekarri du Lazkanok: «Rajoyk egin digu hori ere. Denean handik gidatuta bizi gara, zoritxarrez». Gorrotxategik segitu dio: «Zertan sartu duen sudurra orain ere. Txapelketako finaleko eguna egun bat aurreratzea lortu du».

Orduan ere Donostiatik bueltan afaria egingo dutela seguru daude, Azpeitiko Mendizabalenean, igual. Azkuneren arabera, puntuekin katigatuta gelditzea baino interesanteagoa da saioaren ondoren baten ateraldia eta besteak egin duen bideari buruz hitz egitea. Orduan ere komentariorik ez da faltako bertsozaleen artean.

Leave a Reply

Your email address will not be published.