Esparru publikoa segurtatuz

Eihartze Aramendia Iparragirre

Emakumeentzat seguruagoa den hiri bat eta emakumeei esker herritar guztientzat seguruagoa dena. Leku arriskutsuak identifikatzeko egin diren proiektu gehienetan ateratako ondorioa da, eta, hori aurrekari gisa hartuta, horri ekin diote Oiartzualdean.

Toki batek argitasun nahikorik ez duenean, inguruan zer dagoen ongi ikusten ez denean, entzunak izateko zailtasuna dagoenean, urbanizazio eskasa dagoenean… kasu horiek dira kontuan hartzen diren irizpideak leku arazotsuez hitz egitean. Oiartzunen, Errenterian, Lezon eta Pasaian irizpide horiek betetzen dituzten guneak ote dauden aztertuko dute.

Lezoko Udalak bultzatuta, Emakunde eta Oarsoaldea Garapen Agentziaren laguntzarekin eta Errenteria, Pasaia eta Oiartzungo udalen kolaborazioarekin, Oiartzualdeko leku arazotsuen diagnostiko parte hartzailea egingo dute. Itsasne Loroño Fondo Formacion-eko berdintasun teknikariaren esanetan, azken urteetan eskualdeko elkarteek, emakume taldeek eta talde feministek horren inguruko hausnarketa baten beharra dagoela aldarrikatu dute; “eskualdeko emakumeak herri batetik bestera mugitzen dira, gainera”.

Leku horiek emakumeen kontrako sexu erasoak errazten dituztela nabarmendu du berdintasun teknikariak: “Nahiz eta objektiboki ez izan toki arriskutsua generoak eragindako ikasketak direla eta, nolabaiteko arriskua sentitzen da”. Hala, bi gauza lortu nahi dira: eraso sexistak errazten dituzten tokiei konponbidea eman eta erasoak saihestea, eta segurtasun sentsazioa zabaltzea.

Hori guztia bideratzeko, herri bakoitzean emakumeentzako arriskutsuak diren edo arrisku sentsazioa eta deserosotasuna sor dezaketen guneak identifikatzea izango da lehenengo eginbeharra. “Horrekin batera, beste hainbat alor ere landu nahi ditugu. Badakigu historikoki esparru publikoa emakumeentzako leku arrotza edo debekatua izan dela, eta prozesu honekin horren inguruan hausnarketa egitea bilatzen dugu; hau da, esparru publikoarekin emakumeek duten harremana nolakoa den momentu honetan. Gainera, emakumeen partaidetza aktiboa ere bultzatu nahi dugu”, adierazi du Loroñok.

Lantaldeetan parte hartzerik ez baina ekarpena egin nahi duenarentzat, tresna birtuala jarri dute martxan. Herritarrek euren iritzia eta proposamenak bidal ditzakete posta elektronikoaren bidez (komunikazioa@oarsoaldea.net).