Inor konbentzitzen ez duen bertsio ofiziala

Eider Goenaga

Itxi eta ireki, Mikel Zabalzaren heriotza argitzeko auziak 25 urte egin zituen auzitegietan. 2010eko azaroaren 5ean, haren heriotzaren 25. urteurrenaren bezperatan, behin betiko itxi zuten. Egia judizialik ez da izango, beraz, gazte orbaizetarraren heriotzaren inguruan. Haren gorpua agertu zenean, ordea, egiak bere bidea hasi zuen. Gaur egun, ia inork ez du zalantzan jartzen Mikel Zabala hil arte torturatu zutela Intxaurrondon; eta gero haren gorpua Bidasoa ibaira eraman zutela, bertsio ofizialean Guardia Zibilari ihes egin eta han ito zela esateko.

Altzan (Donostia) atxilotu zuen Guardia Zibilak Mikel Zabalza 1985eko azaroaren 26an. Idoia Aierbe bikotekidea, Manuel Bizkai lehengusua eta Jon Arretxe atxilotu zituzten operazio berean. Zabalzaren bi anaia ere atxilotu zituzten Orbaizetan, baina hamar orduren buruan utzi zituzten aske. Abenduaren 15ean topatu zuen Guardia Zibilak Zabalzaren gorpua, Bidasoa ibaian, Gurutze Gorriko urpekariek hiru egunez goitik behera miatutako toki berean.

Guardia zibilen bertsioa: Zabalzak “bere borondatez” Endarlatsa inguruan armaz betetako zulo bat non zegoen esan behar ziela, eta horregatik eraman zutela hara; hiru guardia zibilek eraman zutela, gauez, eta haietako bati barrabiletan ostikoa eman eta ihes egitea lortu zuela; ibaira jauzi egin zuela; ezin izan zutela harrapatu; zulorik ere ez zutela topatu.

“Alde egin zuela? Nora? Igerian ez zekien eta. Neska-lagunaren bila 26 guardia zibil etorri ziren, lo zegoen neska baten bila, eta zulo bat topatzera hiru guardia zibilek eraman zuten, gauez? Faborez”. Adierazpen horiek Mariano Lopetergirenak dira, Zabalzaren lagun eta Donostiako Tranbia Konpaniako lankidearenak.

Bertsio ofiziala hankamotz ikusi zuten gehienek hasieratik beretik, eta Zabalzarekin atxilotutakoen bertsioek sentimendu hori indartu baino ez zuten egiten. Manuel Bizkaik atxiloketaren egunean goizaldera arte Zabalzaren oihuak entzun zituela adierazi zuen; ondoren, gehiago ez. Idoia Aierbek deklaratu zuen Zabalza bitan ikusi zuela. Lehenengo aldian, eskuak atzean lotuta eta plastikozko poltsa bat buruan zuela ikusi zuen. “Bigarrenean, Mikelen tankerako gorputz bat ikusi nuen ohatila batean estalita, eta bi guardia zibili ‘oso gaizki dago’ esaten entzun nien”.

Zabalzaren sendiak gorpua agertu aurretik ere txarrena espero zuen. Zeru-lurrak astindu zituzten, desagertuta zegoen senidea azal zedin. Garbiñe Garate amak eraman zuen borroka horren lema. Intxaurrondora bertara joan zen semearen berri zuzenean jakitera. “Semea galdu zaizula diozu? Zoaz eta bila ezazu objektu galduen bulegoan”, erantzun zioten han. Ordurako, Zabalza hilik zegoen.

Hogei egun egin zituzten senideek eta ingurukoek Zabalza non zegoen jakin gabe, susmo txarrenak barruraino sartuta. Kalean mugimendu handia piztu zen, eta herritarren zein hedabideen presioa tarteko, epaileak Bidasoa ibaia dragatzeko agindua eman zuen abenduaren 7an. Hiru egun ibaia miatzen igaro zuten Gurutze Gorriko urpekariek. Gorpurik ez zegoela ondorioztatu zuten.

Jose Barrionuevo Barne ministroari ere (PSOE) galdetu zioten Kongresuan gaiari buruz. “Agertuko da”, agindu zuen hark. Hiru egunra, guardia zibilek berek topatu zuten Zabalzaren gorpua, oraindik eskuburdinak jarrita.

Lourdes Zabalzak, Mikelen arrebak, honela hitz egin zuen, 25 urte geroago, Guardia Zibilak emandako bertsioari buruz “Bertsio bat eraiki zuten; zorionez, ez zen gai izan inor konbentzitzeko. Iritzi publikoak hasiera-hasieratik, ez zuen sinetsi; aitzitik, gure anaia ziegan jasandako torturengatik hil zela konbentzitu zen”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.