“Suspertzerako” aurrekontua

“Suspertzerako” aurrekontua

Eider Goenaga-Maite Alustiza

Gipuzkoako Foru Aldundiak aurkeztu du jada datorren urterako aurrekontu proposamena. Batzar Nagusietan, departamentuz departamentu eman dituzte azalpenak, eta prentsaren aurrean ere ari dira agertzen sail bakoitzak bere diru sailarekin egin asmo duen kudeaketa. Guztira, 813 milioi euroren aurrekontuak aurkeztu zituen Markel Olano ahaldun nagusiak azaroaren 9an. Aurreko urtekoaren aldean, %5,4koa da hazkundea, eta 42 milioi eurokoa da aldea kopuru orokorretan.

Kopuru osoaren zati handiena Gizarte Politiken Sailak eramango du, aurrekontuen ia erdia. Iazko aurrekontuekin alderatuta, kopuru orokorretan igoera handiena izango duen saila, ordea, Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Oreka izango da. 47 milioi eurotik 70 milioira igoko da departamentu horren aurrekontua—%49,11ko igoera—.

Aurreikuspenen arabera, abenduko hirugarren astean eztabaidatu eta bozkatuko dituzte aurrekontuak, Batzar Nagusietan.

GIZARTE POLITIKAK
Adinekoen laguntzak

Aurrekontu osoaren ia %47 gizarte politiketarako erabiliko du aldundiak. Aurten baino 17 milioi gehiago izango ditu, 346 milioi euro, guztira. Maite Peña diputatuak Batzar Nagusietan azaldu zuenez, pertsonak izango dira sailaren ardatza. Herritar bakoitzeko “480 euro baino gehiagoko inbertsioa” egingo dute.

Hiru lan ildo estrategiko izango ditu sailak: batetik, gizarte zerbitzuen antolaketa, kobertura eta kalitatea hobetzea. Horren barruan kokatu du 2015-2017 epeko gizarte zerbitzuen mapa. Hori ahalbidetzeko, egoitzetan, eguneko zentroetan eta etxebizitzetan 140 toki berri sortuko dituela aurreratu du Peñak. Etxeko arreta sustatzeko zerbitzu eta laguntzak ere indartzea da asmoa.

Bestetik, gizarte zerbitzuak egungo eta etorkizuneko premietara egokitu nahi ditu sailak. Adinekoen arretarako bideratuko du diru gehien, saileko aurrekontu osoaren %37 —128 milioi euro—. Horrez gain, 78 milioi euro zerbitzu edo laguntza ekonomikoetarako izango dira, 42 milioi euro adingabeen babeserako, 39 milioi euro desgaitasunen bat dutenei laguntzeko, eta 25 milioi euro gizarteratze eta indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen arretarako. Kabia eta Uliazpi foru organismoak kudeatzeko 21 milioi baliatuko ditu.

Hirugarren ildoa erakundeen arteko elkarlana izango da, gizarte zerbitzuen legea garatzeko.

BIDE AZPIEGITURAK
Errepideen kontserbazioa

Bide Azpiegituren Sailak 77,7 milioi izango ditu, aurten baino 7,5 milioi gehiago. Aurreko urteetan bezala, errepideen kontserbazioak eta artapenak hartuko dute aurrekontuaren zati handi bat: 56 milioi. Joan den legealdiarekin alderatuta, ia %5 igo da bideen artapenerako ohiko aurrekontua. 56 milioi horietatik 11 programa berezi batera bideratuko dituztela jakinarazi du Aintzane Oiarbide diputatuak. Datorren urtean abiatuko dute, artapen bereziei zuzenduta eta prebentzioan arreta jarriz.

Etzegarateko ordainlekua martxan jartzeko 10 milioi izango ditu diputazioak, baita “N-1 errepideko trafikoa berrordenatu eta errepide hori erabilita Gipuzkoa igarotzen duten kamioiek paga dezaten”.

Gainera, Gipuzkoako Biribilgunea deiturikoa osatu nahi du. Horretarako, ia hiru milioi daude jasota GI-632ko Bergara-Antzuola zatirako proiektu berria idatzi eta obrei hasiera emateko. Horrekin batera, Azkoitia-Urretxu eta Deba-Mutriku errepideak hobetzeko proiektuak ere biltzen ditu aurrekontu proiektuak.

EKONOMIA SUSTAPENA
50 milioiko plana

Gehien haziko den sailetako bat izango da Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekarena: 47 milioi euro izan ditu aurten, eta 70 milioi izango ditu 2016an. Kopuru horretatik gehiena aldundiaren apustu nagusienetako batera bideratuko dute, Ekonomia Suspertzeko Planera. Lau urterako plana da, eta urtero 50 milioi euro jasoko dituzte aurrekontuetan. Helburua: ekonomia bultzatzea, eta ongizate estatua eta lurraldearen gizarte kohesioa bermatzea. Datorren urterako, honela egin du banaketa: 27 milioi industriak eramango ditu, 10 milioi turismoak eta kulturak, 8 gizarteratzeak, eta 5 lehen sektoreak.

MUGIKORTASUNA
Lurraldebus eta Pasaia

Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak 58,6 milioi euro izango ditu 2016an, ia 10 milioi gehiago. Marisol Garmendia diputatuak sailaren lehentasunen artean aipatu ditu Lurraldebus eta Pasaia.

Lurraldebusi dagokionez, zerbitzua kudeatzeko 31,5 milioi euro izango ditu. Zerbitzua “hobetzea eta modernizatzea” da erronka, eta arreta berezia jarri nahi du erabiltzaileengan. Hori horrela, Lurraldebus Gunea sortuko du Donostian, herritarrei informazioa emateko. Milioi bat finkatu du horretarako.

Pasaialdea “erabat” biziberritzea da departamentuaren beste lan ildoetako bat. “Biziberritzea ez bakarrik hirigintzari dagokionez, baita ekonomiari, gizarteari eta kulturari dagokienez ere”. 7,8 milioi jaso dituzte aurrekontu proiektuan; horietatik lau milioi Jaurlaritzarekin egindako akordioaren baitakoak dira, eta gainerako 3,8 milioiak aurretik hitzartu eta orain “berrabiatu” egingo diren ataletarako izango dira.

Donostia aldeko metroaren proiektua garatzeko 400.000 euro aurreikusi ditu aldundiak, proiektuaren lehen zatirako. Obren kostu osoa eta pagatu beharrekoaren zenbatekoa zehazten denean handituko da kopurua —obrak urte amaieran lizitatzea espero da—.

KULTURA ETA KIROLA
Kulturari protagonismoa

Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Sailak ia 55 milioi izango ditu, aurten baino %15,9 gehiago. Gobernuak “protagonismo handiagoa” eman nahi dio kulturari, “gizartea eraldatzeko tresna bihurtu”. Donostiaren Europako Kultur Hiriburutzari 4,9 milioiko ekarpena egingo dio, 3 milioi Tabakaleraren eraikinerako eta 1,6 milioi hango jardueretarako. Gipuzkoako ohiko kultur ekitaldietarako diru sailei eutsiko die; Zinemaldiari, esaterako, milioi bateko ekarpena egingo dio, iaz baino 115.000 euro gehiago. Proiektu “estrategiko” handiak kudeatzeko, Parte Hartze eta Berrikuntza Unitatea sortuko du —12 milioi euro—.

Turismo Sailera 1,6 milioi euro bideratuko dituzte. Kirol esparruan Kirolgiri bultzada eman nahi dio aldundiak, eta gazteen kirola eta kirol egokitua sustatu. Lankidetzari dagokion aurrekontuak 3,8 milioi izango ditu (%0,30eko igoera).

OGASUNA ETA FINANTZAK
Iruzurrari aurre egin

2015eko kopuru antzekoetan mantentzen da Ogasuna eta Finantzak sailaren datorren urteko aurrekontua; 46 milioi euro izango ditu Jabier Larrañaga diputatuak zuzentzen duen departamentuak kudeaketarako. Ogasuna zergadunei hurbiltzeko eta haiei eskaintzen zaizkien laguntza eta arreta zerbitzuak hobetzeko 11 miloi euroko sail bat izango da.

Baina diru kopuru handiena zerga administrazioak eramango du: 20 milioi euro. Larrañagak nabarmendutakoaren arabera, zerga iruzurraren aurkako borrokarako baliabideak bere horretan mantenduko dituzte. Bestalde, “zerga eginbeharrak betetzearen inguruko mentalitate aldaketa” landu nahi du, eta hori ere sartuko da sail horretan.

GOBERNANTZA
Eraldatzearen euskarri

39 milioi euro pasatxo izango ditu Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko departamentuak. Ia erdia, %45, Suteen Aurkako Babes eta Salbamendu Zerbitzura joango da; %14,72 aldundiaren zerbitzu orokorretara; %13,14 Funtzio Publikoak eramango du; %10,6 departamentuko zerbitzu orokorrek; %7,51 Modernizazio eta Zerbitzuen Hobekuntzako zuzendaritzara joango da; %5,23 Idazkaritza, Aholkularitza eta Defentsa Juridikora; %2,66 Herritarren Partaidetzak eramango du; eta %1,21 Kanpo Harremanetarako izango da.

Imanol Lasa diputazioko bozeramailearen arabera, “aldundiaren kudeaketa eraldatzeko euskarri nagusia” izango da departamentu hori.

INGURUMENA
Errauste planta

Ingurumen eta Obra Hidraulikoen departamentuak ia 21,5 milioi euroko aurrekontua izango du 2016an, eta horien artean GHK Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketari zuzendutako 6,2 milioi euroko sail bat ageri da, errauste planta eraikitzeko izango dena. “Aurreikusten diren azpiegiturak egiteko” jartzen du atal horretan, eta 2019ra bitarteko “kredituak” aurreikusten ditu, orotara 84,4 milioi euroko inbertsio batera iritsi arte. Kopuru hori foru aldundiak GHKn duen pisuaren araberakoa da, eta obra osoaren herena finantzatuko luke. Aurtengo 6,2 milioiei, 26 milioi pasatxo gehitu behar zaizkie 2017ko aurrekontuan; beste 40 milioi 2018koan; eta, azkenik, 12 milioi euro gehiago 2019an.

DIPUTATU NAGUSIA
Hizkuntza Berdintasuna

Diputatu Nagusiaren Kabinetea osatzen duten bost zuzendaritzetatik, Hizkuntza Berdintasunerakoak izango du aurrekontu handiena hurrengo urtean: 6,1 milioi euro —sailaren aurrekontu osoaren %35,6—. Mikel Irizar zuzendariak azaldutakoaren arabera, euskararen biziberritze prozesuan “apalaldia” sumatzen da, eta horra zuzendu nahi du bere jarduna. “Berrikuntza premia nabaria da, diskurtsoetan bezala ekintzetan”.

Kabineteko gainerako zuzendaritzen artean honela banatuko da dirua: Estrategia Kudeaketarako zuzendaritzak —berria da— 2,6 milioi euro izango ditu; Emakume eta Gizonen Berdintasunerako zuzendaritzak ia 1,9 milioi; Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendaritzak 1,5 milioi eta Komunikazio zuzendaritzak 12,4 milioi.

Leave a Reply

Your email address will not be published.