Urratsak batera, bide berean

Urratsak batera, bide berean

Maite Alustiza

Asko sufritu duen herria izan da Hernani, eta sufritzen ari dena”. Bizikidetza eta memoriaren lanketan, baina, “oinarrizko pauso bat” eman dute udaleko lau alderdiek. Lehenengoz, elkarrekin agertu ziren Memoriaren Egunean: EH Bilduko, EAJko, Orain Hernaniko eta PSE-EEko ordezkariek ekitaldi batean irudikatu zuten adostasuna, harri bat eta testu bat oinarri hartuta, azaroaren 10ean. “Azpimarragarria da lau alderdiak elkarrekin ari garela honetan, eta inplikazio handiarekin”, dio Luis Intxauspe Arozamena Hernaniko alkateak (EH Bildu).

Azaroaren 10eko irudira iristea ez da lanketa erraza izan: “Bilera batzuk behar izan ditugu, gure arteko desberdintasunak leuntzeko eta elkartzen gintuena aurkitzeko, eta azkenean lortu dugu; oinarrian bat etorri gara lau alderdiak”. Memoria da bizikidetzaren oinarria, eta memoria horrek “kolektiboa, plurala eta integratzailea” izan behar duela uste dute. Printzipio batzuen gainean, “denek tokia izango zuten” testu bat adosteari ekin zioten.

Testua bera jorratzeak ere bere prozesua izan zuen: “Terminologiarekin, esateko moduarekin, bazeuden adostu beharrekoak, baina adostu dugu eta horrek du balioa”. Lehen pauso bat izan da, eta aurrera begira “gauza asko” dituzte egiteko. Horren adierazle da Ave Maria parkean jarri duten harria: “Harrobitik hartutako harri bat da parkean jarri duguna, eta harri horrek ertz eta punta asko ditu, irudikatzeko bizikidetzarako bide horretan oraindik gauza asko daudela leuntzeko. Hau bide baten hasiera baino ez da”.

Maila politikoan egindako urratsa jende artera zabaldu nahi dute orain. “Espero dezagun herritarren artean ere dauden zauri eta min horiek guztiek norberak bere modura edo bere prozesua eginez lantzea”. Ez dute ekintza zehatzik, baina lau alderdiek argi dute maila politikoan bezala gizartean ere pauso batzuk eman behar direla. “Horretarako, prozesu hau lagundu eta sustatuko duten egitasmoak bultzatu nahi ditugu”. Intxauspek dioenez, “konplikatuak” dira halako prozesuak, oso pertsonalak dira, eta kontu handiarekin landu beharrekoak. “Egin daitekeena da aukerak, tresnak eta baliabideak eskaini, baina ezin da inor behartu zerbait egitera edo sentitzera. Egongo dira pertsona batzuk gogoa, nahia eta beharra dutenak, eta egongo dira beste batzuk ezingo dutenak. Hori ere guztiz errespetagarria da. Minaz eta sufrimenduaz hitz egiten ari gara”.

Ekitaldia bera ere, herritar bakoitzak bere erara bizi izango zuela uste du Intxauspek: “Herri honetan asko sufritu dugu, eta sufrimendu hori pairatu duten pertsona guztiek ezberdin bizi izan dute ekitaldia bera ere. Batzuek parte hartuko zuten, beste batzuk ez ez dutelako nahi, ezin dutelako…”. Dena den, oro har, herritarren aldetik erantzun onak jaso dituzte. Familia politiko guztietako kideak elkartu ziren, baita hamarnaka herritar ere.

Aurrerantzean ere, lanean jarraitzeko konpromisoa hartu dute denek, memoria eta bizikidetzaren lanketa horretan. “Gertatutako memoria jaso, eta hori bai izan daitekeela abiapuntu bat gertatutako guztiaz hitz egiteko. Horrek bide eman dezake bizikidetza horretan gauzak ulertzeko, edo parekoaren errealitate asko ezagutzeko eta konpartitzeko”. Ereduak dauden arren, herri bakoitzak errealitate bat duela dio Intxauspek, eta, beraz, pixkanaka aztertuko dute nola jorratu.

Leave a Reply

Your email address will not be published.