Xanpaina, emakumerik gabe

Danel Agirre

Xanpainarekin dugun harremana arras berezia da gurean. Ospakizunetan baino osoki gozatzea ez dagokigun edabe esklusibotzat dugu. Handikiek noizean behin tragoxka ttipi bat egitera baimenduko baligute bezala tratatzen dugu. Ez delako berez guretzat. Aberatsek bakarrik dakite xanpainaz gozatzen, dastamen-papilak bestelakoak balituzte bezala da. Aberatsek, eta baita biziosoek ere. Xanpain hitza esaldi batean txertatzen dugun bakoitzean ipintzen baitizkiogu alboan yate bat, kokaina eta emakumeak (putak). Hori da bere habitata. Eta yateak, kokaina eta emakumeak (putak) ez dira gure habitata.

Xanpain botilak eraztunik gabeko granadak balira bezala tratatzen ditugu. Bat irekitze hutsak pultsua zeharo aztoratzen digu, eta kortxoak koinataren begian amaitzen ez duenetan, mahaira isurtzen dugu zurrusta bat. Etxean xanpain botilak leun maneiatzen dituen espezialista bat baldin badago, susmagarri bezala tratatu ohi dugu. Aberatsa ez dela argi dagoenez, bizioso galanta den seinaletzat hartzen da. Operazio hori askotan errepikatu duen norbaitek zerbait oso iluna du bere baitan. Yaterik izan ezean, imajinatu zer.

Tabernan zapatu arratsaldeko poteoan xanpain trago bat eskatzea ez zaigu okurritu ere egiten, edabe garestia ez bada ere. Atrebitu izan den biziosoren bat alboan egokitu zaidan gutxitan, tabernariaren muturrak ikusi behar izan ditu. Kopa bakarra kobratzeko botila zabaldu behar izaten da, eta asteak ematen ditu gero hozkailuan ahaztuta. Bizioso berberari (dagoeneko kiebra jota errehabilitazioan ez badago) hurrena berriz beste kopa zerbitzatzea tokatzen denerako, botila zaharra baztertu eta berria estreinatzea besterik ez zaio geratzen tabernariari.

Egoera anomalo honen erantzulea nor den ez dakit. Zutabe orok topetakoa jasoko duen errudun bat behar izaten du. Xanpainaren kasuak gure izaera basailua guztiz uxatzen asmatzen ez duguna islatzen duela idatz nezake. Eta egotzi niezaioke kulpa kapitalismoari, bigarren mailako gizabanakoak sortzen dituelako, izaera basailu horretaz jakitun bizitzako plazer batzuez gozatzea debekatua dutela onartuta.

Baina errazkeria litzateke hori, originaltasun falta. Izan ere, egunkari honetako artikulu guztietan hiltzaile berberak errepikatzen dira beti. BERRIAn, krimenen egile intelektualak beti dira kapitalismoa edo Espainia. Egile materiala bi aurpegiko munstro horren mutazio konkretuagoren bat izan ohi da: EAJ, adibidez. Nire azken lauzpabost artikuluetako maiordomoak ere horiexek izan dira. Eta behingoagatik xanpainaren kontu honetan etsai berritzaileago bat topatu nahiko nuke topetakoa emateko, baina ez dut asmatzen. Maiordomo gabe doa, beraz, zutabea oraingoan.

Uste dut ez dudala oraindik idatzi, baina niri xanpaina asko gustatzen zait, eta aspaldi batere konplexurik gabe edaten dut. Kiebra jota errehabilitazioan amaitzen ez badut, aberatsa naizela imajina dezakezu nahi baduzu, basailu halako hori.

Leave a Reply

Your email address will not be published.