Ez dira gehiago biktima izango

Ez dira gehiago biktima izango

Maite Alustiza

Ez naiz biktima bat, bizirik iraun duen emakume bat baizik”. Nerea del Camporen hitzoi segida eman die Raquel Maria Solorzanok: “Ni ere ez. Muturreko biolentzia baten biktima izan nintzen, nire eskubideak urratu dizkidate, baina ez naiz berriro eroriko”. Eibarko Mujeres al Cuadrado elkarteko bi kide dira, eta, egun, haiek bizi izan zutena pasatzen ari diren emakumeei laguntzen dabiltza, eurek pasatakoa gerta ez diezaien: “Berpiztu gara, eta ozen esaten dugu. Entzun gaitzatela eskatzen dugu, eman diezagutela aukera bat aurrera jarraitzeko”.

Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira, mahai ingurua antolatu du aste honetan Gipuzkoako Foru Aldundiak, Donostian, Tabakaleran. Hizketaldian parte hartu dute Del Campok eta Solorzanok, bi gazterekin batera: Naiara Rodriguez eta Iñigo Puertasekin. Pilar Kaltzadak aurkeztu du saioa, eta gogoeta batekin zabaldu du solasaldia: “Sukarra da biolentzia, eta gaixotasuna berdintasunik eza. Horri aurre egiteko modua aurkitu behar da, baina nola?”. Lau parte hartzaileak bat etorri dira hezkuntzak duen garrantziaz. Del Campok dioenez, neskak eta mutilak ezberdin hezten dituzte oraindik: “Publizitate kanpainetan ere ikusten ditugu printzesatxoaren eta soldaduaren irudiak, eta gero gertatzen zaigu gu ere halakoxeak garela”. Ados dago Solorzano ere: “Mutikoei ematen zaien mezua da indartsuak direla, ausartak, azkarrak; neskei, berriz, esaten diete zeinen politak diren, zeinen finak…”.

Txikitan askotan entzundako esana ekarri du gogora Del Campok: elkarrekin borrokatzen direnek elkar maite dutela. “Min handia egiten ari dira halakoak. Niri eta Raqueli pasatu zaigu; harreman toxikoak izan ditugu, gaiztoak, baina horiei eusten genien: liskarrak normaltzat genituen; elkarri buila egitea bikote guztietan gertatzen den zerbait balitz bezala ikusten genuen. Nork ez du halakorik esan?”. Irribarre batekin orainari begira jarri da segidan: “Bizitza motza da, oso polita, eta ni ez nago norbaitekin etengabe liskarrean egoteko, poza eta bizitzeko gogoa transmititzeko baizik”.

Honaino iritsi arte, ordea, luzea izan da gainditze prozesua. Bere erasotzailea zigortu zuten egunak eman zion aurrera egiteko behin betiko bultzada Del Campori: “Zigortu zutela irakurri nuenean, esan nuen: ‘Norbaitek arrazoia eman dit; ez nengoen oker, egia zen'”. Bestelakoa izan zen, baina, aurretik epaiketa azkarrean epaileak hartu zuen erabakia: “Nahiz eta haurdunaldiaren bosgarren hilabetean egon eta sekulako eraso fisikoa jasan, epaileak ez zuen indarkeria matxistatzat hartu, nire aldetik zeloen zoroaldi bat izan nuela ebatzi zuen”.

Horren ondotik, “akats” batean erori zen Del Campo: salaketa kendu zuen. “Haurra jaio zen, eta pentsatu nuen aita bat beharko zuela… Oso gaizki egin nuen”. Justiziak ofizioz jardun zuen gero, eta Donostiako epaitegian egin zuten epaiketa: errudun jo zuten. Berak bizi izandakoa bizi eta gero, salaketa jartzera doazenean emakumeek duten egoera kontuan har dadila eskatu du Del Campok: “Egoera penagarrian goaz; askotan harriak botatzen ditugu gure teilatuaren kontra”.

Jabekuntza fasean dago Solorzano. Errekuperatze prozesu horretan, garrantzi handia eman dio gizarteak eta erakundeek biktima tratatzeko duten moduari: “Ez da gehiago biktimizatu behar. Landu behar da ‘zuk ahal duzu’ esanez, baliabideak emanez, eta emakumeak emozioak kudeatzen ikas dezala. Nire kasuan, hala ikusarazi zidaten, eta nik ikusi nuen zein zen hartu beharreko bidea”. Solorzanok aipatu dituen baliabide horiei erreparatu die Del Campok, eta tresna horiek nolakoak izan beharko luketen deskribatu du: “Errekuperatzeko aukera jartzen zaigu, baina beti errua gizonari egotziz: erantzukizun osoa eta bakarra tratu txarrak ematen dituenarena da”. Del Camporen iritziz, ordea, pertsona bat ez da inoiz errekuperatuko bere erantzukizuna onartu gabe: “Ni nintzen hor presente zegoena nitaz abusatzen zutenean. Erantzukizun hori gure gain hartzeko gai izan garen momentutik hasten gara errekuperatzen, eta gizarteak ere horretarako tresnak eman behar dizkigu”. Dena den, gizarte zerbitzuen aldetik jasotako laguntzarekin eskertuta daude biak; aldundiko psikologoen zerbitzua “perfektua” dela dio Del Campok, eta “zortea” dute Eibarren daukaten berdintasun teknikariarekin.

Horrez gain, biktimez hitz egitean erabiltzen den “morboa” aipatu du Del Campok: “Batzuetan badirudi gehiago interesatzen dela detaileak jakitea, emakumearen errekuperazioa baino. Horregatik interesatzen da biktimaz hitz egiten jarraitzea, eta ez aurrera egin duen emakume batez, bere bizitzaren jabe den emakume batez, ama den emakume batez…”.

Hedabide batzuek indarkeria matxistari eta biktimei ematen dieten trataerarekin ere kritiko agertu dira biak. Solorzanok dioenez, emakumea “produktu bezala” erakusten dute askotan, eta gizona izan ohi da auto ederra duena, boterea duena… Mujeres al Cuadrado elkarteko kideek haien esperientzia kontatzeko gonbitea jaso izan dute zenbait hedabidetatik, baina kateren bati ezezkoa eman beharrean izan dira: “Edukiak kontrolatzeko esan diegu. Ezin da emakumeen erabateko azpiratzea saldu, batetik, eta gero saiatu programa bat egiten biktimei ahotsa emanez”.

Hilketei sarri ematen zaien trataera ere salatu dute. Berri agentzia batekin gertatutakoa jarri du adibide Del Campok: “Badirudi deigarriagoa zela hil zuten emakumea prostituta zela, hil egin zutela baino. Azkenean, lortu nuen kazetari horrekin hitz egitea, eta mesedez kentzeko esan nion. Supermerkatu bateko langilea balitz, jarriko al luke? Tratatu gertaera izan den bezala: hilketa bat. Ez da hil, hil egin dute”.

Gazteen ikuspegia

Bi emakumeekin batera mahai inguruan aritu dira Naiara Rodriguez eta Iñigo Puertas gazteak. Berdintasunik ezaz mintzo da Rodriguez: “Beraiek indarkeria bortitz baten biktima izan ziren, baina gizarte honetako emakume guztiak biolentzia sotilago, inplizituago baten biktima gara”. Haren ustetan, legearen aldetik urrats asko egin dira, baina eskubide berak izateak ez du esan nahi justizia dagoenik: “Birpentsatu egin behar da honen guztiaren atzean zer dagoen”.

Puertasen arabera, gizonek ere “inposatutako” hainbat ezaugarriri aurre egin behar diete: “Guk ausartak izan behar dugu, ados nago, baina guztiok izan behar dugu ausartak. Eta ausarta izatea da zure beldurrak onartzea, zure segurtasunik ezak onartzea, pelikula batekin negar egitea, zergatik ez. Hori guztia pertsonen parte da, eta ez emakumeen edo gizonen parte”. Bere adineko bikoteei begiratuta, lengoaia komun baten falta sumatzen du Puertasek: “Mutil eta neska bat ikusten dituzu eztabaidatu eta eztabaidatu, eta galdetzen duzu, ‘baina zuek benetan maite duzue elkar?’. Arazoak egon daitezke, baina ez badizu nahikoa segurtasun ematen ondo sentitzeko, agian ez duzu harekin egon behar”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.