“Greba egitea esfortzu handia da guretzat, baina bestela zail daukagu”

Maite Alustiza

Asteartea da, arratsaldeko ordubi eta erdiak. Tximiniatik kea botatzen ari da Zizurkilgo Oria paper fabrika, hodeien grisa baino zuriagoa den kea. Erabaki bat hartu izanaren seinale izan ohi da ke zuria, eta hala da oraingoan ere. Fabrikako langileek batzarra egin berri dute, eta sindikatuek sektorean deitutako grebari baiezkoa eman diote bozketa bidez: 32 botoa alde, 13 kontra, eta boto zuri bat. Hala, ELA, LAB, CCOO eta UGTk Gipuzkoako papergintzan egindako deialdia babestu dute. 80 langile inguru ditu enpresak.

Bazkalordua da, eta batzarra amaitu bezain pronto, lan txanda bukatuta dutenak badoaz fabrikatik etxera. Presaka dabilen langile batek sukalde kontuekin irudikatu du lan itunarekin duten egoera: “Kazola bat bezalakoa da hitzarmena. Batek alde batetik tiratzen du eta besteak bestetik. Orain kazola zartagin bihurtu da; hori batek bakarrik dauka eskutik helduta, baina zartaginarekin ezin da bakailaoa prestatu”. Batzarretik irten berri da Ibon Goenaga langilea ere. 16 urte daramatza enpresan lanean, eta dioenez, “zuritik beltzera” egin du egoerak lantegian hasi zenetik: “Azken urteetan asko aldatu dira gauzak krisiaren kontuarekin, sartu dituzten erreformekin —erreforma elektrikoak, beste zerga batzuk…— eta abarrekin”. Azken urtean soldata jaitsierak izan dituzte, eta atal hori da Goenagarentzat babestu beharreko arlo garrantzitsuetako bat, berarentzat “berme bat” baita. Orokorrean, dena den, hitzarmen osoa errespetatzeko eskatzen dute langileek, sinatzen dutena errespeta dezatela.

Hori lortzen saiatzeko erabaki dute greba babestea, nahiz eta jakin lan ez egiteak ere kaltea ekarriko diela: “Greba egitea esfortzu handia da guretzat, baina zerbait nahi duenak zerbait egin behar du, bestela zail daukagu”.

Historia luzeko lantegia da Oria paper fabrika. 1911tik ari da Zizurkilen lanean, eta sektoreko enpresa ugarik itxi behar izan duten arren, jardunari eusten dio hark. Lan aldetik ondo dabiltza, gainera: “Normalean data hauetan baxuena izaten da lan aldetik, eta aurten nahiko ondo ari gara”. 300 bazkide finko ditu paper fabrikak, horietatik asko nazioarteko talde editorialak —Espainia, Frantzia, Erresuma Batua, Italia, Portugal, Alemaniakoak…—.

Iztukadura gabeko offset papera egiten dute, inprimaketa eta idazkerarako. Urteetan, makineria eta eskaintza egokitzen joan dira, eta duela gutxi ere izan dira aldaketak: “Erreforma batzuk egin dituzte enpresan, eta paper berriak egiten hasi gara, eskaintza irekitzen. Horrek ere denbora pixka bat behar du, emaitzak ikusten joateko”.

Gustura irten da batzarretik Gorka Alvarado CCOOko kidea, grebak langileen artean izan duen babesarekin: “Ulertu dute negoziazioa borrokaren bidez desblokeatzen dela. 11 hilabete daramatzagu negoziatzen eta orain borroka besterik ez da geratzen”. Goenagak esandakoaren ildotik, Alvaradok badaki greba egitea esfortzu gehigarri dela langileentzat, baina “negoziazioaren bidea bukatu denean”, bide bakarra dela sinetsita dago: “Greba ez da helburu bat, tresna bat baizik. Patronalaren erreakzionatu dezan nahi dugu, eta erantzun diezaiela langileen eskaerei”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.