ODON ELORZA: Udala utzita, bigarren legealdia Kongresuan

Odon Elorza (Donostia, 1955) da Kongresurako zerrendaburuen artean beteranoena, eta politikagintzan ibilbide luzeena duena. Zuzenbidean lizentziaduna da; 1979an aukeratu zuten lehenengoz Donostiako Udaleko zinegotzi, PSEtik, eta ez zuen korporazioa utzi 2011 arte. 1984tik, udaleko lana Eusko Legebiltzarreko lanarekin uztartu behar izan zuen. 1991n, alkate izendatu zutenean utzi zuen Gasteizko ganbera —EAJk emandako babesari esker, hauteskundeak EAko Xabier Albisturrek irabazi baitzituen—.

Donostiako lehen alkate sozialista izan zen Odon Elorza, baina sozialistek Gipuzkoako hiriburuan izan ohi zuten baino emaitza hobeak lortu zituen beti Elorzak udal hauteskundeetan.

Hogei urtez jarraian alkate izan ostean utzi zuen udala, EH Bilduko Juan Karlos Izagirrek hauteskundeak irabazi ostean. Urte horretan PSE-EEren Kongresurako zerrendaburu izan zen Gipuzkoatik. Bigarren legealdia izango du.

Donostiako alkate zenean, batzuetan alderdi sozialistaren lerro ofizialetik kanpora ibili izan zen bere adierazpenekin, batez ere euskal gatazkari dagozkion gaietan. Baina Espainiako Diputatuen Kongresuan ere hautsi du PSOEk ezarritako boto diziplina. Espainiako Juan Carlos I.a erregeak abdikatu zuenean, haren semea errege izendatzeko Abdikazio Legearen alde bozkatu zuten PSOEko diputatuek, eta Elorza abstenitu egin zen. PSOEk ez zion isunik jarri horregatik.

Odon Elorzak, Twitter eta Facebook kontuez gain, bloga ere badu; dena bere webgunean bilduta. Maiz elikatzen ditu.

Leave a Reply

Your email address will not be published.