BORJA SENPER: Zuzenbidea, politika eta poesia uztartuta

Txutxu-mutxuetako aldizkarietan ateratzen den euskal politikari bakarrenetakoa bihurtu da azkenaldian Borja Senper (Irun, 1976), baina haren ibilbidea politikagintzari lotuta dago gazte-gaztetatik, 17 urte zituela egin baitzen PPko Nuevas Generaciones-eko kide.

Zuzenbidean lizentziaduna da, baina inoiz ez du zuzenbidea lanbide izan. PPko kide egin eta bi urtera Irungo Udalean zinegotzi hautatu zuten, 19 urte besterik ez zuela. 1999an alkategai aurkeztu zen. PSOEk irabazi zituen hauteskundeak, eta PP-PSOE itunari esker alkateorde izan zen legealdi horretan. 2003an ere ez zuen alkate izateko adina babes lortu. 2007an aurkeztu zen azkenekoz udal hauteskundeetara. Udal politikagintza 2010ean utzi zuen, soilik Eusko Legebiltzarrean jarduteko —2003tik da legebiltzarkide—. 2010etik Gasteizko ganberan aritu da, eta 2013tik popularren taldeko bozeramailea da —Arantza Quiroga ordezkatu zuen—.

Alderdiaren barruan egindako ibilbideari dagokionez, 2008an Gipuzkoako PPko idazkari nagusi izendatu zuten, eta 2009tik alderdiko presidentea da Gipuzkoan.

Ikasketaz zuzenbide mundukoa, lanbidez politikaria eta afizioz idazlea da Senper. Bi liburu argitaratu ditu. 2013an kaleratu zuen lehena —Sin complejos—, politikagintzari eta bere jardunari buruzkoa; eta 2015ean bigarrena: Maldito (des)amor izenburua duen poesia liburua. Eleberri bat idazten ari da.

Madrilera heltzen bada, Twitter bidez emango du hango berri, urtarriletik aurrera.

Leave a Reply

Your email address will not be published.