Autobusak ez dira garaiz iritsiko

Autobusak ez dira garaiz iritsiko

Jon Ander De la Hoz

Kostata, baina iristear dira autobusak Atotxako geltoki berrira. Pio XII. plazako geltokia hogei urtez erabili ostean, hil honen amaierarako edo urtarrilerako espero da aldaketa. Datorren ostegunean, hilak 17, ziren zabaltzekoak, baina asmoa atzeratu behar izan dutela aitortu du Pilar Arana (Donostia, 1957) Mugikortasun zinegotziak: “Litekeena da lanak ordurako amaitzea, baina baimenen eta beste kontuengatik atzeratu egin da irekiera”. Erabiltzen hasteko data jakinik, berriz, ez dago oraindik.

Geltoki berria egitearen ideia 1995etik dago martxan. Orduko alkateak, Odon Elorzak (PSE-EE), Loiolan egiteko asmoa agertu zuen hasiera batean, baina, 2007ko urtarrilean, Atotxan egiteko plana jarri zuen mahai gainean. Donostiako udalbatzak ideia hura bertan behera utzi zuen 2011n, agintean zen EH Bilduk berriz ere Loiolaren aldeko apustua egin baitzuen. Oposizioaren ekinbide batek, baina, Atotxara bueltatzera behartu zuen udal gobernua. “Bederatzi kokaleku ezberdin proposatzera iritsi dira alderdiak”, zehaztu du Aranak. Haren ustez, kokaleku ezberdinen artean ez dago bat bestea baino hoberik, eta horrek prozesua atzeratu du.

Alabaina, ziur dago aukeraketa ona egin dela: “Nire ustez, Atotxa leku egokia da. Hiriaren erdigunean dago, eta AHTaren geltokia ere bertan izatea aurreikusten da. Autobusentzat, baliteke kanpoaldean geratzea erosoagoa izatea, baina hiritarrentzat ez”.

Bi urte eta erdiren ostean, amaitzear dira 2013ko maiatzean hasitako lanak. Nahi baino gehiago luzatu dira, hala ere. Beranduenez, datorren urtearen lehen egunetarako zabalduko dute geltoki berria, eta”horretarako bitarteko guztiak” jarri dituzte, Aranaren arabera. Hainbeste, ezen jaiegunetan ere lan egin behar izan baitute Murias enpresako langileek. Lanek 24 milioi euroko kostua izan dute; horietatik 8,7 Donostiako udalak ordaindu ditu, 6 aldundiak eta gainontzekoak enpresa adjudikatzaileak. Aranaren esanetan, “hasieran beste aurrekontu bat zegoen, baina aurreko udal gobernuak egindako moldaketa batzuek horrela utzi dute”.

Egindako gastua onuragarria dela uste du Aranak. Orain arte, autobus zerbitzuen erabiltzaileen babesleku bakarra “babesik ematen ez duen markesina kaskarra” zela argudiatu du, eta, hemendik aurrera, baldintza onetan egongo direla autobusen zain: “Erabiltzaileak estalpean egongo dira, eserleku erosoekin, eta hartu beharreko autobusa non dagoen jakingo dute uneoro. Gainera, bidaiarien zain daudenek 15 minutuz autoa uzteko aparkalekua izango dute, eta horrek Pio XII.eko arazoak ekidingo ditu”. Geltoki berriak autobus gehiagorentzat izango du lekua, baina horrek ez du esan nahi zerbitzu gehiago egongo direnik, zerbitzua eskaintzen duten enpresen eskumena baita hori. Hala, haiek erabakiko dute beste noranzko batzuetarako zerbitzuak ezarri ala ez.

Ibilerraztasuna, ezbaian

Azken egunetan kexu agertu da Elkartu, Gipuzkoako ezindu fisikoen elkartea, geltoki berria dela eta. Haren arabera, Atotxako geltokiak ez ditu elbarrientzat prestatutako behar adina nasa. Hori dela eta, Manu Lezertua EAEko Arartekoarekin elkartu ziren udal ordezkariak duela egun gutxi, Arana tartean zela. Bere esanetan, bi aldeen ikuspuntuak ezberdinak izateak sortu du eztabaida: “Haien nahia nasa guztiak elbarrientzat egokituak izatea da, eta guk uste dugu bederatzi nahikoak direla. Gainera, araudiak ez du zehazten garraio terminal batek zenbat plataforma egokitu izan behar dituen”. Aranak uste du nahikoa dela 21etik bederatzi egokituak izatea; gainera, defendatzen du inork ez duela autobusetara iristeko arazorik izango: “Lau metroko nasak eskatzen dituzte, eta hori bermatzea ia ezinezkoa da kontuan hartuta zer nolako egitura den”. Geltoki zaharreko arazoak tarteko, espazio arazoak ekiditea izan da lehentasunetako bat, eta horretarako “beste tokietako adibideetan” oinarritu direla azaldu du mugikortasun zinegotziak.

Pio XII, presarik gabe

Lekualdatzearen ostean geltoki zaharrarekin zer gertatuko den galdetuta, Aranak uste du “lasai hartu beharreko gaia” dela. Udalak adierazi du bide bihurtzeko asmoa duela, edo gutxienez inguru horretako trafikoa baretzekoa. Ez da lehentasuna, ordea, eta “2016 lanpetua” igaro arte ez dituzte martxan jarriko: “Kultur hiriburutza igarotzean hasiko gara lanean, datorren urtean zeregin asko izango baitugu. Gure nahia hiriko trafikoaren ikerketa bat egitea da, eman beharreko pausoak zehazten joateko”.

Probintziatik datozen autobusen ibilbideak ere moldatu egin beharko dituzte, geltokiaren lekualdatzea tarteko: “Urola Kostako autobusak, esaterako, Pio XII.eraino iristen dira, baina ikusi beharko da geltoki berria martxan jartzean haraino iritsiko diren ala ez. Litekeena da Bizkaia paseoaren amaieran geratzea eta geltokirainoko bidea oinez egin behar izatea, zubia igarota; bestela denbora galduko bailitzateke”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.