Maiatzetik jositako txapela, Beñat Gaztelumendiren burura

Maiatzetik jositako txapela, Beñat Gaztelumendiren burura

Maite Alustiza

Hirugarrengoan bai. Bitan txapeldunorde izan ondoren, Gipuzkoako txapela jantzi zuen Beñat Gaztelumendik joan den larunbatean. Bertso eskoletan aritzen direnak aipatuz egin zuen txapeldunaren agurra, Illunben jokatutako finalean: “Bertso eskolaz bertso eskola/ belaunaldiz belaunaldi/ hau zuentzat da/ zeratelako ahots bat ematen ari/ isilik egon behar zuela/ esaten ziotenari”. Belaunaldi bereko bi bertsolarik jokatu zuten buruz burukoa, 1987an jaiotakoak biak: Gaztelumendik eta Alaia Martinek. Aurtengo txapelketan, hain justu, behin baino gehiagotan aipatu da belaunaldi aldaketa, bertsolari gazteen parte hartzea, eta baita haien maila ere.

Hari “luze, fin baina sendo batekin” lotuta egin du zortzi hilabeteko bidea Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak. Finalaren atarian, hala deskribatu zuen hilabeteotako jarduna Saroi Jauregik, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakariak: “Urrun samar gelditzen da, baina maiatzean Gipuzkoa Bertsotan jarri genuen martxan. Orduan 74 bertsolarik hasi zuten bide hori finalaren beste hari muturra da”. Maiatzaren 9an hasi zen lehia, Astigarragan, txapelketarako sailkapen fasearekin. Jendetsu bezain bizi hasi zen: hilabeteko epean, 24 saio izan ziren Gipuzkoako hamabi herritan; herri bakoitzean bi saio egun berean, goizez eta arratsaldez. Bertsolariekin batera, martxan jarri ziren gainerako taldeak ere: gai-jartzaileak, epaileak, idazkariak, laguntzaileak, bertsozaleak…

74 bertsolaritik, lehenengo 30ek lortu zuten txapelketarako sailkatzea. Jon Maia izan zen lehen sailkatua, 583 punturekin, eta haren atzetik geratu ziren Ander Lizarralde (580,5) eta Mikel Artola (577). Maiak lehen fasetik finalera arteko bidea egin zuen; beste biek, berriz, finalaurrekoetaraino iristea lortu zuten. Antton Fernandez izan zen udaberriko fase hartako azken sailkatua, 529,5 punturekin.

Txapelketa bera irailaren 20an abiatu zen, Beasainen, 43 bertsolarirekin, baina Aitor Sarriegi gabe. 2011ko txapeldunak aurten ez parte hartzea erabaki zuen. Gipuzkoako Hitza-ri urrian emandako elkarrizketan adierazi zuenez, erabakia ez zen erraza izan, beti gustatu izan zaiolako aukera daukana txapelketara aurkeztea: “Hori defendatu izan dut nik. Baina egia da nekatuta nengoela; eten bat behar nuen”.

Gipuzkoa Bertsotan fasetik sailkatutako 30 bertsolariei beste hamahiru gehitu zitzaizkien, duela lau urteko txapelketan finalaurrekoetara sailkatzea lortu zutenak, zehazki. Hamahiru horietatik sei final-zortzirenetan sartu ziren lehian, 2011ko txapelketan finalaurrekoetara sailkatu ziren baina finaletik kanpo geratu ziren seiak: Iñigo Mantzizidor Mantxi, Nerea Elustondo, Beñat Lizaso, Iban Urdangarin, Felix Zubia eta Jokin Uranga. Gainerako zazpiak finalaurrekoetan sartu ziren: Agin Laburu, Jexux Mari Irazu, Beñat Gaztelumendi, Jon Martin, Alaia Martin, Iñaki Apalategi eta Unai Agirre.

Kanporaketak, hiru hilez

Hiru hilabeteko tartean, sei final-zortziren, bost final-laurden, eta hiru finalaurreko jokatu zituzten. 36 bertsolari aritu ziren final-zortzirenetan, eta horietatik 23 bertsolari sailkatu ziren final-laurdenetarako, sei beren saioak irabazita, eta gainerakoak puntuazioaren arabera. Puntuaziorik altuenarekin aurrera egin zuen Jokin Urangak (457,5 puntu); Jon Maia (456,5) eta Ane Labaka (444) sailkatu ziren jarraian. Final-laurdenetan, 23 bertsolari horiei gehitu zitzaizkien aurrez sailkatuta zeuden zazpi bertsolariak. Final-laurdenetatik finalaurrekoetara hemezortzi bertsolari pasatu ziren.

Txapelketa hasi aurreko pronostikoen aurka, finalaurrekoetatik kanpo geratu ziren Jokin Uranga, Mantxi eta Jexux Mari Irazu. Mantxik Gipuzkoako Hitza-ri aitortu zion ez dagoela gustura egindakoarekin: “Txapelketak harrapatu nau trenak harrapatu banindu bezala. Ez dut hartu denborarik prestatzeko. Gustura ezin naiz egon, berez gehixeago egiteko gai banaizelako”. Irazu 1995. urtetik izan da finalista Gipuzkoakoan, eta txapeldunorde bitan, 1995ean eta 1999an. Gainera, Euskal Herriko txapelketan 1997tik etenik gabe aritu da; aurten, ordea, ez du lortu txapelketa nagusirako sailkatzea.

Beterano eta gazte

Esperientziadunak eta finaletan hasiberriak zirenak bildu ziren Illunben. Hirugarren finala zen Gaztelumendi, Maia eta Agirrerentzat; bigarrena Martin, Apalategi eta Labururentzat; eta, lehenengoa, Iguaran eta Xamoarentzat. Datu bat: ia hogei urteren aldea zegoen Maia beteranoaren eta Iguaran gazteenaren artean.

Bertsotan gainontzekoen gainetik aritu ziren Gaztelumendi eta Martin; Laburu ere fin ibili zen ofiziotan, eta buruz burukora sailkatzeko bikotean egon zen une batez, Gaztelumendirekin batera. Lehen zatiko kartzelan, arreta eman zuen txapeldunak eta txapeldunordeak nola heldu zioten kartzelakoari, ideia oso antzekoa aukeratu baitzuten. Buruz burukoa jokatu eta gero, 19 punturen aldea atera zion Gaztelumendik Martini.

“Luze” egin zitzaion saioa Gaztelumendiri, sufritu zuen, eta bertso bakoitzaren puntu bakoitza bereganatzeko borrokatu zen. Hala adierazi zion finalaren biharamunean BERRIAri: “Finala xake partida bat bezalakoa da: tentsioari gehien eusten dionak irabazten du detaile horietan”.

Inaxi Etxaberen eskutik jaso zuen txapela Gaztelumendik, “plaza ukatu zitzaion emakume bertsolarien belaunaldi oso baten ordezkari gisa”. 1955ean idatzi zituen Etxabek lehen bertsoak, eta, harrezkeroztik, ez da geratu. Gordeta ditu bizitzan idatzitako bertso guztiak. Etxaberen jardunari eta beste zenbaitenari kantatu zion Iguaranek azken agurrean: “Bereziki miresmenez/ ahotsa altxatzen lehenak/ lehen bidezidor hoiek dira/ irekitzeko zailenak/ gaur nolabait Inaxirekin/ igoko zaizkigu denak/ gu hona iritsi gintezen/ bidea egin zutenak”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.