an>2015

Hiru hilabeteko bertso lasterketari etzi ekingo diote, Beasainen

Usurbe antzokian (Beasain) du abiapuntua, eta Illunben (Donostia) helmuga. Igandean hasiko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, 17:30ean. Hortik aurrera, eta abendura bitartean, ia astebururo izango dira kanporaketak. Hala, bertsolariak forma onean iritsi diren neurtuko dute igandetik aurrera. Lau urtez behin jokatzen da txapelketa, eta 43 bertsolari elkartuko ditu aurten. Maiatz-ekainean abiatu zen, Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasearekin. 30 bertsolarik lortu zuten txapelketarako sailkatzea. Gainerako hamahiruak 2011ko txapelketan finalaurrekoetara edo finalera heldutakoak dira.

Igandean, Ane Labaka, Beñat Iguaran, Elixabet Pagola, Haritz Mujika, Iñigo Manzisidor Mantxi eta Jon Maia ariko dira bertsotan Usurbe antzokian. Haiena izango da bertsolari txapelketari lehen puntua jartzeko ardura.

Azpeitian eta Lasarte-Orian jarraituko du txapelketak. Irailaren 26an, 17:30ean, Azpeitiko Soreasu antzokian, Amaia Iturriotz, Ander Lizarralde, Arkaitz Oiartzabal Xamoa, Nahikari Gabilondo, Nerea Elustondo eta Unai Mendizabal irtengo dira oholtza gainera, final-laurdenetara igarotzeko txartelaren bila. Hilaren 27an, Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean izango da bertso saioa, 17:30ean. Aitor Irastorza, Beñat Lizaso, Gorka Azkarate, Maider Arregi, Mikel Artola eta Xabier Sukia ariko dira gai-jartzaileak jarritako lanak betetzen.

Urriaren 3an, Elgoibarren, Herri Antzokian izango da saioa, aurrekoen ordu berean. Lehian Iban Urdangarin, Iñigo Gorostarzu, Manex Mujika, Manu Goigana, Oihana Iguaran eta Unai Muñoa ariko dira. Arrasaten jokatuko da hurrengo final-zortzirena, urriaren 4an, Amaia antzokian. Aratz Igartzabal, Egoitz Eizagirre, Eneritz Artetxe, Felix Zubia, Haritz Casabal eta Iñaki Gurrutxaga izango dira oholtza gainean. Final-zortzirenetan azkena, urriaren 11n jokatuko da, Andoaingo Basteron. Antton Fernandez, Asier Azpiroz, Gemma Urteaga, Ibai Esoain, Jokin Uranga eta Unai Gaztelumendi irtengo dira hurrengo faserako txartela eskuratzera.

Final-laurdenak

Urriaren 20an hasiko dira final-laurdenak. Aurreko fasea gainditu duten bertsolariekin, 2011n finalera sailkatutakoak ere izango dira horietan: Agin Laburu, Jexux Mari Irazu, Beñat Gaztelumendi, Jon Martin, Alaia Martin, Iñaki Apalategi eta Unai Agirre.

Igandetik aurrera joango da argitzen Aitor Sarriegik orain lau urte eskuratutako txapela noren buruan eroriko den.

Antzerkiaren bidez, bizikidetza hobetzea helburu

Mai Gorostiaga eta Elena Aranbarri aktoreek euskal gatazkaren inguruan gogoeta egitera eramango dituzte ikusleak, Eta hik zer? obrarekin. —Irudian, Eibarren egindako emanaldia—. Antzerki forumak sei antzezlan labur biltzen ditu, eta egunerokoan ohikoak diren hainbat egoera islatuko dituzte aktoreek. Ikusleek atal bakoitza aldatzeko aukera izango dute, bizikidetza hobetzeko proposamenak eginez; gero, aldaketok antzeztu egiten dituzte. Donostia2016 egitarauaren barruan, asteartean egingo dute euskarazko saioa, 2016 gunean. Aurrez izena eman behar da.

Palestinako emakumeak, euskaldunen begietatik

2013an Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hamar emakumek Palestinako lurralde okupatura bidaia egin zuten, han emakumeen eskubideen alde garatzen duten lana ezagutzeko. Bidaiaren emaitzetako bat da Sareak ehuntzen erakusketa; igandera arte Usurbilen ikusi a...

Korapilorik gabeko zapiak

Korapilorik gabeko zapiak

Dantza egin nahi zuten. Dantzatu ziren, eta dantzatzen dira. Danborradan atera nahi zuten. Atera ziren, eta ateratzen dira. Pixkanaka eta aparteko gatazkarik gabe eman dute pausoa Donostiako Kresala elkarteak, Tolosako Udaberrik eta Zumarragako Irrintzik: emakumeek ere parte hartzen dute hasieran gizonezkoak bakarrik zebiltzan jaietako ekintzetan. Emandako pauso horrengatik, hain justu, Hondarribia Berdintasun Hiria saria jaso berri dute hirurek Jaizkibel konpainia parekidearen eskutik. Izaskun Larruskain konpainiako kapitaina ziur da eurak ere iritsiko direla horretara: "Beste toki batzuetan urratsak egiten ari dira: Leitzan, Beran... Eta guk ere badakigu lortuko dugula. Ez dugu plastiko beltzen hiria izan nahi, berdintasunaren hiria baizik".

Hondarribiko kultur etxeak hartu du saria emateko ekitaldia, hain justu, alarde egunerako entseguaren aurretik, joan den ostiral iluntzez. Kanpoan bildu dira Jaizkibelgo kideak. "Bederatzietan, hemen", esan diete arduradunek parte hartzaileei. Kultur etxe kanpoko txaloak barrura lekualdatu dira orduan, eta oholtza gainean, Larruskainen eskuetatik saridunen lepoetara igaro dira Jaizkibel konpainiaren zapiak. Korapilorik apenas duten zapiak dira; adostasunez, berdintasunerantz egindako bideen ikur.

Eskerra eta poza daude saridunen hitzetan, eta, begi bustiak publikoaren artean, Garazi Artetxe Udaberriko ordezkariak hitza hartzean: "Jaizkibelek sortutako sari hau Jaizkibelek berak jaso beharko luke. Zuei emango genizueke jaia eta berdintasuna uztartzen duen edozein errekonozimendu. Urtetan eta urtetan begi askorentzat duintasunaren eredu izateagatik, zuen herrikide askorentzat hala izan ez bada ere. Balio dezala egitasmo honen oihartzunak begi horiei guztiei benda kendu, eta Hondarribia benetako berdintasunaren hiri bilakatzeko".

2013an eman zuten pausoa Tolosan. San Joan jaietako bordon dantzan parte hartu zuten orduan neskek lehenengoz. Dantzariek "ia normaltasun osoz" bizi izan dute prozesua: gizonek zein emakumeek dantza egin nahi zuten herriko festetan, eta hala egin zuten. Aparteko arazorik gabeko bidea izan bada ere, aurrera begira "itxaropen bakarra" dute: eurentzat eta beste talde askorentzat prozesu bat izan dena ondorengoentzat prozesu izatera ere ez iristea. "Festetako parte hartzea herritarrena izatea, sexuena izan beharrean".

Kultur etxeko ekitaldia bukatuta, Jaizkibelekoekin batera egin dute saridunek entseguko bidea. Desfile amaieran, ordu erdiko tartean kontatu dietenaz mintzo dira Andoni Oruesagasti, Nekane Martin eta Oihane Vicente Irrintziko gazteak: "Orain aritu gara pixka bat informatzen... Harrigarria da; familiak-eta haserre egoteraino... Lotsagarria".

Udaberriko kide ugari bezala, Irrintziko asko ere txikitatik dabiltza taldean, eta normal-normal hartu dute neskak ezpata dantzan hastea. "Batez ere neskek geneukan gogoa, eta horretan hasi ginen", dio Vicentek. Duela bi urte hasi ziren ezpata dantza ikasten. Tartean, traje aldaketa ere izan dute, eta horregatik atzeratu zaie jendaurrean aritzeko momentua. Aurten iritsi da: Zumarragako santaixabeletan dantzatu dute lehenengoz, uztailaren 2an, eta abuztuaren 15ean berriro.

Erabakia hartu aurretik, "hausnarketa une bat" izan zuten taldean; orokorrean, baina, baiezkoa gailendu zen. Herritarren aldetik ere babesa jaso dute: "Herrian aldekoak eta kontrakoak izan dira, baina egunean bertan jendeak ondo hartu gintuen". Hondarribiko errealitatea gehiago ezagutu eta gero, "zaila" ikusten dute berdintasuna lortzea, baina ingurukoen babesak lagunduko dielakoan dira: "Jaizkibel konpainiarentzat beste eredu batzuk gara, eta hori lortu nahi dute; beraientzat ere babesa da beste talde batzuek lortu izana".

Kresala aitzindari

30 urte baino gehiago dira Kresala elkarteko danborradan emakumeak ateratzen hasi zirenetik. Aitzindariak izan ziren Donostian; ate bat ireki zuten. Gazteak ziren, eta gaztea zen elkartea ere —1972an sortu zuten—. Ondo gogoan ditu hasiera haiek Xabier Arregi elkarteko kideak: "Kresala barruan, euskal kulturaren inguruan zebiltzan gazteak biltzen ziren; hainbat batzorde zituzten: mendikoa, dantza taldea... Kultura aldetik ere, hitzaldiak zeuden, ikastaroak... Horietan guztietan, neska-mutilak elkarrekin ibiltzen ziren".

Bestelakoa zen egoera jaiak iristen zirenean: kuadrillako neskak alde batera geratzen ziren. Batzuetan, latekin atera izan ziren Parte Zaharrean txistulariekin-eta, danborra jotzen. "Hortik pauso bat aurrera ematea izan zen. Emakumeek esan ziguten: 'Guk San Sebastian egunean zuekin atera nahi dugu'. Guretzat ez zen izan arazoa, naturala izan zen".

Elkarte barruan izan ziren baiezkoak eta ezezkoak, baita Donostia inguruan ere. Batzar bat egin zuten beste danborrada guztiekin; han izan ziren Donostiako alkate Jesus Mari Alkain eta Ramon Labaien Kultura zinegotzia ere. "Batzuek esan zuten: 'hauek ateratzen badira, gu ez gara aterako'". Hala ere, Kresalakoen borondatea argia zela ikusi zuten, eta, gainera, elkartekoek helduleku bat topatu zuten haien asmoa aurrera eramateko: Javier Maria Sada historialariaren informazioa. Hark esan zienez, danborradaren sortzean badago emakumezkoaren figura bat: urketaria —ur bila joaten zen emakumea—. "Pertsonaia hori izan gabe ere berdin aterako lirateke emakumeak, baina ideia hori ondo babesteko egokia izan zen urketari pertsonaia". Lehenengo urtean, 25 emakume atera ziren Kresalarekin.

Danborradan parte hartzea gizonezkoen "pribilegio bat" zen: "Haien beldurra pribilegio hori galtzea zen, eta, noski, jadanik ez dute. Orain, denoi irekita dagoenetik, denon eskubidea bihurtu da; horrexegatik, jaiak irabazi du". Berdintasunerako urratsa ez zen egun batetik bestera egin, ordea. Hurrengo hiru urteetan ez zen emakumezkorik atera gainerako danborradetan. Politikarien aldetik ere, "kostata" lortu zuten babesa: "Duela hamar urte-edo hasi ziren ikusten normaltasunera ere hortik joan behar zela".

Arregik ikusten du antzekotasunik Kresalaren eta Jaizkibelen artean: "Gu ere hasieran tanta bat ginen hondarrean. Uste genuen gutxi ginela, baina pixkanaka aldatu dugu". Aurrerapausoak nabari ditu Hondarribian, eta gazteengan du esperantza. "Pareta bat jarri dute, ez bakarrik plastikozkoa. Eta pixkanaka desegin behar da".

Erakundeen babesa

Udaberrik, Irrintzik eta Kresalak lortu dute. Horretarako, ezinbestekoa izan da haien inguruko erakundeen babesa, Jaizkibelgo kapitain Izaskun Larruskainen arabera: "Atzetik lan bat dagoenean, herriko instituzioek lan egiten dutenean eta alde guztien borondatea dagoenean, posible da. Hemen ez da ematen aurrera egiteko behar den laguntza hori; orduan, oso zaila daukagu".

Udalean ikusten du arazo nagusia: "Haiek izan dira herriko ondarea pasatu dutenak eta utzi dutenak batzuen eskuetan, pribatizaturik". Dena den, herriak konponbidea nahi duela nabari du: "Gehiengoak onartzen gaitu, baina beldurra ere badago, presioa dago. Bereziki gazteek zaila dute; oso ausartak izan behar dute. Gazte pila bat batu zaigu, eta horrek sekulako indarra ematen digu guri. Elkarbizitzarako denen artean eman behar ditugu pausoak, udaletik hasi eta denen artean".

‘Lunpen’ hitza erabiltzeko aukera

Gizaseme bat ondradua den ala ez erabakitzeko badut nik metodo hutsik gabeko bat; beste behin hemen bertan kontatu nuela uste dut. Bigarren eskuko auto bat lasai erosiko ote niokeen hausnartzen dut. Hala ez dela deliberatuz gero, errespetua galtzen du arin nire begiotan, ezin dut saihestu.

Droga saltzaileen kasuan, beste prozedura osagarri bat erabiltzen dut. Ezagutzen ditut hautamen propioa galtzeko arriskuan direnekin negozioa egiteari uko egiten dioten gamelu duinak. Menpekotasunaren zorian dauden horiek Whatsapparekin tentaldira daramatzatenak ere bai. Erdi andaluziarra, erdi siziliarra, horretantxe ari da aspaldian nire bi ezagunekin. Bere speed txar eta garestia mutur aurrean ipintzen die kabroiak pareari, izerdi hotza antzematen dienean. Bera eta bera bezalakoak mespretxatzen ditut nik.

Aurkeztu zidatenean, bere buruaz harro aitortu zidan lehenbiziko xehetasuna izan zen zortzi urte lanik egin gabe zeramatzala. Bera erdi andaluziarra, erdi siziliarra izanik, Alemaniari diru laguntzak amaigabe osten aritze horrek grazia egingo zidala usteko zuen. Ateraldiari ez nion batere hortzik erakutsi, ordea, zinez saiatu nintzen nire aurpegiko muskulurik bat bera ere mugi ez zedin. Motxilan eskegita, Berlingo antifaxisten eta okupen txapa bilduma klasikoak oso-osorik zeramatzan. Kiratsa zerion.

Enkontruaren ondoren, nire baitan daramadan Mayor Orejak galdeketari ekin zion. Bere motxilako txapetan babesten diren iraultza guztiak emango balira, hiritar baliagarri izatera pasatuko al litzateke hondakin hori, lagako al luke bizkarroi bizitza? Bere motxilako txapetako leloak asmatu dituzten horiek sistema izatera pasako balira, lunpenetik —hitz hori beti erabili nahi izan dut zutabe batean— irten eta errenta aitorpenak zintzo osatzeari ekingo al lioke? Hurkoa erailtzeari utziz auzolan solidarioari ekin? Nire baitan daramadan Mayor Orejak maite ditu horrelako kasuak, erantzun ebidenteekin arrazoi duela aitortu behar izaten diodalako. Baina, batez ere, badakielako horrelako kasuek despolitizatuta eta indarge uzten nautela. Nire baitan daramadan Mayor Orejak despolitizatuta eta indarge maite nau.

Hirugarrenez Ben-en tabernan topatu nuen lehengoan andaluziar-siziliarra. Garagardo ziztrin bat ere eskatu gabe zegoen, beti bezala, sakelan zeramana saldu nahian. Boddinstrasseko manifara zihoala entzun nionean madarikazioa bota nuen ahapeka, ni ere bertaratzekoa bainintzen. Metroa hartu eta etxera alde egin nuen, ia sistemazale porrokatu bihurtuta, nire baitan daramadan Mayor Orejaren algara artean.

27

Iraila bitartean Gipuzkoako errepideetan hildakoakUrte beltza ari da izaten Gipuzkoako errepideetan. Joan den asteburuan, Azpeitian hiru gazte hil ziren istripuz, baina horren aurretik ere aspaldiko hildako kopuru altuena ari zen izaten. 2005era jo be...

7.600

ordizian saldutako gazta erdiaren prezioa, eurotan

Urtero legez, Idiazabalgo Gaztaren Lehiaketak arreta bereganatu du aste honetan ere. Zeanuriko Ipiñaburuk irabazi du Ordiziako Euskal Jaietan egiten den lehiaketa. 7.600 eurotan erosi du Catalana Occidentek. Gazten kalitatea nabarmendu du epaimahaiak aurten ere.

330 kilometro “ikusgarri”

Uztaila iritsi eta Ehunmiliak lasterketaren inguruan berriak entzuten hastean, asko uzkurtu egiten dira korrikalariek 168 kilometro egin beharko dituztela pentsatze hutsarekin, mendian gora eta behera. Lasterketa luzeagoak ere badira, ordea, munduan. Italiako Alpeetan, esaterako, Tor Des Geants mendi lasterketa egingo dute igandean, 330 kilometrokoa. Aurten ere hainbat gipuzkoar izango dira lasterketan: besteak beste, Klaudio Rezola andoaindarra eta Carlos Moran zegamarra.

Mendiko korrikalarien artean lasterketa oso ezaguna da Tor Des Geants, eta prestigiotsua. Ez, ordea, luzeragatik bakarrik. Ibilbidearen desnibela ere esanguratsua da: 24.000 metro. Eta zailtasun teknikoa, parte hartu duten korrikalarien arabera, oso handia.

2010ean hasi ziren lasterketa egiten, Italiako Aosta eskualdean. Hain zuzen ere, eskualdeko boluntarioen artean ateratzen dute aurrera; hiru egunetik gora irauten du. Parte hartzaileak, berriz, mundu osotik joaten dira, baita Gipuzkoatik ere. Hain zuzen ere, Iker Karrera amezketarrak dauka lasterketako errekorra: 70 ordu eta 21 minutuan egin zuen ibilbidea 2013an.

Beteranoak dira Rezola eta Moran. "Lasterketa honetako parte hartzaile gehienak dira beteranoak", argitu du Rezolak. Dagoeneko bi aldiz parte hartu du lasterketan, eta hitz bakarra nahikoa du proba definitzeko: "Ikusgarria". Ibilbidean ikusten diren paisaiak "ikaragarriak" direla dio.

Dena den, Rezolak ez luke Tor Des Geants lasterketa modura definituko. "Nik zeharkaldia deituko nioke". Kontuan izan behar da errekorra 70 ordu dela, hau da, hiru egun. Gehienek, ordea, lau egunetik gora behar izaten dituzte metara iristeko. "Horrek oso proba berezia egiten du. Ez da hainbeste beste batzuei irabazteko egiten duzun lasterketa bat, baizik eta zeure buruarekin duzun zerbait".

Parte hartu duen bi aldietan bronkitisa harrapatu du, eta berriro halakorik ez gertatzea da aurten duen erronka nagusia. Denborari dagokionez, berriz, 110 orduan amaitzea gustatuko litzaioke —118 orduko denbora du egina—. Bi aldiz parte hartu izanaren esperientzia izango du lagun. Carlos Moran zegamarrak, bestalde, lehenengo aldiz parte hartuko du lasterketan, eta gogoz dago. "Halako proba batean parte hartzeko, oso mentalizatuta eta motibatuta egon behar da, eta, aldi berean, burua hotz mantentzen jakin behar da".

Rezolak baino gorago jarri dio Moranek erronka bere buruari: 90 orduren buruan zeharkatu nahi du meta. Dena den, Moranek ez du inoiz halako lasterketa luze batean parte hartu, eta ez daki gorputzak nola erantzungo dion. 170 kilometro inguruko probetan lehiatu izan da, baina ez luzeagoetan. Beldurrik handiena, ordea, ez dio distantziari, hotzari baizik. "Ni, berriz, hotzarekin ongi moldatzen naiz", adierazi du Rezolak. Azken finean, ez dago baldintza ezin hoberik: bakoitzak ezagutu behar du bere gorputza, eta burua.

Gakoa: indarra dosifikatzea

Burua erabiltzea eta indarra dosifikatzea da, Rezolaren hitzetan, proba amaitzeko gakoa. "330 kilometro aurrean dituzunean, ezin duzu ziztu batean hasi, bukaerarako erori egingo baitzara". Dioenez, hobe da poliki hasi eta progresio esanguratsuak egitea. Rezolaren esanetan, beteranoen denborak begiratu besterik ez dago horretaz konturatzeko: "Beteranoak atzetik hasten dira, baina poliki-poliki aurreratuz joaten dira, eta posizio onean amaitzen dute; gazte asko, berriz, ziztuan hasten dira, eta bukaeran behera egiten dute".

Halako lasterketetan, lo egitea ere ezinbestekoa izaten da. Moranen esanetan, bakoitzaren indarberritzeko gaitasunak zeresan handia du hor. "Batzuk oso azkar indarberritzen dira, eta lo ordu gutxiago behar dituzte; beste batzuek, ordea, denbora gehiago behar dute indarberritzeko". Rezolari ere deskantsua beharrezkoa dela erakutsi dio bi urtetako esperientziak: "Lehenengo urtean batere lorik egin gabe egin nituen lehenengo 165 kilometroak, eta gero ordaindu egin behar izan nuen hori". Aurten 70 kilometrotik behin bi orduz lo egiteko asmoa du, gutxi gorabehera.

Ibilbidea bera ikusgarria izateaz gain, antolakuntza ere "oso ona" dela nabarmendu du Rezolak. "Boluntarioen lana ikaragarria da; pentsa lau egunetik gorako lasterketa baterako zenbat boluntario behar diren eta nolako lana egin behar den". Aostako eskualde osoak laguntzen du lasterketan, dena ongi atera dadin, eta korrikalari bakoitzeko bost boluntario izaten dira.

Igande goizean hasiko dute lasterketa Rezolak eta Moranek. Amaitu, berriz, ezin jakin noiz amaituko duten. Hori bai, iritsitakoan, pozez zeharkatuko dute meta, Rezolak hirugarrenez, eta Moranek lehenengo aldiz. "Ni, egia esan, ez naiz oso euforikoa, eta lasai zeharkatzen dut meta, baina jende ugari ikusten dut oso hunkituta amaitzen duenean", esan du Rezolak. Ez da gutxiagorako.

Jon Maiarekin, ‘Riomundo’-ren bueltan

Usurbil, herri anitza! egitasmoaren baitan, Jon Maia bertsolari, idazle eta zinemagileak hitzaldia emango du asteazkenean Usurbilen, 19:00etan, Sutegi udal liburutegian. Riomundo (Txalaparta) bere eleberria hartuko du ardatz, eta horren bueltako hainbat gai izango ditu hizpide: migrazioa, kultur aniztasuna….