[Donostia 2016] Inaugurazioa – Urumean izango du sorburua

[Donostia 2016] Inaugurazioa – Urumean izango du sorburua

Aitziber Arzallus

Hamar egun baino ez dira falta Donostia 2016 kultur hiriburutzak urteari hasiera emateko. Urtarrilaren 20an hasi eta bost egunez ekitaldi andana izango da hiriko bazter guztietan, egitarau mardula antolatu baitute egitasmoaren sustatzaileek. San Sebastian egunez hasita, 70 bat ekitaldi izango dira hirian. Nagusia, Elkarbizitzarako zubia izeneko ikuskizuna, urtarrilaren 23ko iluntzean egingo dute.

Danborrada izango da inaugurazioaren osagaietako bat, San Sebastian egunez, gauerdian hasiko baitituzte inaugurazio ekitaldiak. Hasteko, udaletxeko balkoian, hiriko bandera ez ezik, Europakoa ere igoko dute, eta lekukoak emango zaizkie danborradak barne hartzen dituen zazpi guneetako ordezkariei. Ordezkari horiek dagozkien guneetara eramango dituzte lekukoak, eta han egongo dira 24 orduz. Gune bakoitzeko bandera igotzeko ekitaldietan ere Europako ereserkia joko dute, Donostiako martxa-ren ondoren.

Egunean zehar ere hainbat danborradak Sarriegiren martxa eta Europako himnoa joko dituzte, leku ezberdinetan baina ordu berean, hala nahi duten konpainiek.

Haurren danborradak, berriz, partaide bat gehiago izango du aurtengoan. Europako 2016ko beste kultur hiriburuko haurrek osatutako konpainia bat batuko zaie donostiarrei: Poloniako Wroclaw hiriko konpainia bat, hain zuzen. Bertan, Wroclawko eta Donostiako 4.000 haurrek baino gehiagok sinbolikoki bat egingo dute, bi hirien hiriburutza ospatzeko. Alderdi Ederren egongo diren pantaila erraldoietan ikusi ahal izango da hori.

San Sebastian egunarekin bukatzeko, Europako bandera jaitsi egingo dute, hirikoarekin batera. Gauerdian Donostiako martxa eta Europako himnoa joko dute danborrariek. Haur eta helduen danborraden topaketa ere egingo dute Alderdi Ederren, hilaren 23an.

Baina danbor hotsak baino gehiago ere izango dira inaugurazioan, era guztietako 70 ekitaldi izango baitira lau egunez hirian. Donostiako 50etik gora kontzertu aretok, arte galeriak, jaialdik, museok, elkartek eta kultur eragile publiko eta pribatuk parte hartu dute ekitaldi horiek guztiak antolatzeko lanetan.

Pare bat adibide. Hilaren 22an, Gaur taldeari eskainiko dion 1966/Gaur Konstelazioak/2016 erakusketa zabalduko dute San Telmo museoan, gero beste hainbat espaziotan ikusgai jarriko duten lana. Proiektu horrek 1970eko hamarkadan sortutako Gaur talde iragankor bezain bikaina du aztergai; horrenbestez, garai hartako hainbat artistaren obrak barne hartzen ditu: Oteiza, Txillida, Zumeta, Basterretxea, Amable, Mendiburu, Sistiaga eta Balerdi.

Jazzaldiak, Zinemaldiak, Fantasiazko eta Beldurrezko Asteak, Musika Hamabostaldiak eta Tabakalerak, berriz, hainbat proposamen eskainiko dituzte. Doakoak izango dira ekitaldi guztiak, eta hiriko hainbat espaziok ordutegi zabalagoak izango dituztela ere jakinarazi dute.

Zubi bat elkarbizitzaren ikur

Urtarrilaren 23an egingo dute inaugurazio ekitaldi nagusia, Urumea ibaiaren bi ertzetara eta Maria Kristina zubian, 20:00etan. Ordu erdi inguruko iraupena izango du, eta 50.000 bat lagun bertaratzea espero dute antolatzaileek. Hansel Cereza sortzaileak prestatu du Elkarbizitzarako zubia deitu dioten ikuskizuna, eta herritarrak, argia eta soinua izango ditu protagonistak.

Pablo Berastegi Donostia 2016 proiektuaren zuzendari nagusiaren hitzetan, “sinbolismoz betetako ikuskizuna izango da”, kultur hiriburutza proiektuaren balioak “ezin hobeto” irudikatuko dituena: “Behin baino gehiagotan egin dugun eta egingo dugun moduan, irekiera ikuskizunean ere zubiaren metafora erabiliko dugu, elkarbizitza errazteko bitarteko gisa”. Ekitaldira joaten diren herritar guztien artean zubi bat osatzea ei da asmoa. Hiritar guztiei ekitaldira azaltzeko gonbita egin diete proiektuaren sustatzaileek.

Hasiera ekitaldi nagusiaren aurretik, arratsaldean, ekitaldi instituzionala hartuko du Viktoria Eugenia antzokiak. Hiriburutzaren plaka jasoko du hiriak han. Inaugurazio egunetako programazioan, hainbat herritarrek eta irabazi asmorik gabeko hainbat erakundek sortutako hamaika proiektuk ere izango dute lekua. Proiektu horiek Ardora hiritarren batzordeak aukeratu ditu.

Hansel Cereza, sortzaile

Fura dels Baus antzerki taldearen sortzaileetako bat da Hansel Cereza, kultur hiriburutzari hasiera emateko ikuskizun nagusiaren sortzailea. Hogei bat urtez talde horretan jardun da lanean, arte sortzaile eta eszena zuzendari gisa. Dantza, antzerki, zirko eta publizitate ikuskizun ugari sortu eta zuzendu ditu bere ibilbidean zehar. Baita makroekitaldi eta nazioartean entzute handia duten ekitaldietako inaugurazio ikuskizunak ere. 1992ko Bartzelonako Olinpiar Jokoetako hasiera ekitaldia, esaterako, haren sorkuntza izan zen. Las Vegasen, Cirque du Soleil taldearen Love ikuskizunean ere lanean jardundakoa da.

Eta kanpoan ez ezik, Euskal Herrian bertan ere badu esperientziarik Cerezak. Oreka Tx musika taldearekin, Kukai dantza konpainiarekin eta Kalakan hirukotearekin batera, Herritmo sortu zuen duela pare bat urte, dantza, musika, kantua eta herri kirolak eszenaratzen dituen ikuskizuna.

Taula gainera elementu tradizionalak eraman zituzten, indarraren eta orekaren inguruan hausnartzen zuen proposamen garaikidea. Herri kirolak ikuspegi artistiko batetik landu zituzten, lanbideen mugimenduak koreografia bihurtuz eta baserriko lanabesak soinu tresna modura baliatuz. Arrakasta handia izan zuen ikuskizunak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.