Distantziak banandutako bi herri

Eider Goenaga

Lau herrigune nagusitan banatuta dago Ezkio-Itsaso: Santa Lutzi-Anduaga eta Ezkioko kaskoa, Ezkion, eta Alegi eta Itsasoko kaskoa, Itsason. Horrez gain, udalerriko baserriak 22 kilometro koadrotan barreiatuta daude, eta haietako zenbait Matxinbentan, Mandubian eta Beizaman. Ezkio eta Itsaso elkartu zirenetik, udalerri bakar moduan aritu dira, baina hartu-emanik apenas dagoen bien artean. Eta ez da harritzekoa. Ezkiotik Itsasora doan errepide zuzenik ez dago. 5,3 kilometroko mendi bide bat badago, eta orotariko ibilgailuan egin liteke ibilbidea; baina, batik bat, oinezko bidea da. Itsasoko kaskotik Ezkioko kaskora joan nahi duenak errepidez zortzi bat kilometro egin behar ditu. “Herri bakoitzak, gainera, bere joerak ditu. Itsasokoek Ormaiztegirako eta Gabiriarako joera handiagoa dute, Ezkiorako baino”, azaldu du Joxemari Narraspek.

Ezkioko eta Itsasoko herri kaskoetan zaila da inor topatzea. Astearte goiza da, eta giro ona dago kalerako; baina, bi kaskoetan geldialdia eginda, ezin inorekin topo egin. Ezkioko ostatuan dabiltza lanean Joxemari Narraspe eta Jorge Aranburu, udaleko aguazila eta peoia, hurrenez hurren. Ostatua berritzen ari dira. Itsasokoa da Aranburu, eta bi herriak bereiztearen kontra dago. Narraspe Ezkiokoa da, eta banatzearen aldeko dela esan dio Hitza-ri. “Bi herriak oso aparte gelditzen dira, eta bakoitzak bere joerak ditu. Horrela ibiltzea baino, nik natural ikusten dut bereiztea. Hasieran ez nuen ondo hartu. Zergatik banandu? Orain, logiko ikusten dut”.

Aranburuk ez dio zentzurik ikusten bereizketari. “Abantailarik ez diot ikusten. Itsason jendeak separatu egin nahi du, eta horiei galdetu izan diet zergatik nahi duten banandu, baina ez didate esplikazio arrazoizkorik ematen. ‘Diru gehiago’, esaten dute, baina diru gehiago zertarako? Ikastola bat egin behar dute bertako hiru umerentzat? Ez didate ezer zehatzik erantzuten jakin”.

Aranburu eta Narraspe ados daude Ezkio eta Itsaso batzea inposizio bat izan zela. “Francoren garaikoa”, dio Aranburuk. Baina, orain, Aranburuk ez du kontrako bidea egin nahi. Narraspek, aldiz, ez du uste beretzat aldaketa handia izango denik. Udalarentzat lan egiten du. “Aurrerantzean %75 Ezkion egin beharko dut, eta %25 Itsason, baina besterik ez”.

Bi herriak hurbiltzeko ahaleginak egin direla gaineratu du Narraspek. “Zentro bat behar zela-eta, erdigune bat bilatu zen: Santa Lutzin jarri dituzte udaletxea, eskola, medikua… Baina, noski, Santa Lutzi Ezkio da, eta Itsasok ere nahi ditu zerbitzuak”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.