Tokikoa ez da soka motzekoa

Tokikoa ez da soka motzekoa

Maite Alustiza

Berdin Jamie Cullum edo Hasier Oleaga. Ray Davies edo Iñaki Salvador. Echo & The Bunnymen edo Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestra. Nazioarteko musikariak ezagutzeko aukera zabala dakar urtero Donostiako Jazzaldiak, baina baita tokiko taldeen haize kolpea ere. “Euskal jazzmen handiak jaialditik pasatu dira”. Miguel Martin Jazzaldiko zuzendariak azaldu duenez, iaz 35 euskal bakarlari, talde eta DJk parte hartu zuten Jazzaldiaren agertokietan, eta, beste urte batez, aukera horri lekua egin nahi diote aurtengo programazioan ere. Horretarako, martxan da tokiko hamar talde aukeratzeko prozesua. Sorkuntza eremua mugatuagoa izan arren, eragina eta zabalpena ez da tokikora mugatzen.

Jaialdiak lehen urteetatik izan du tokiko taldeen parte hartzea. Garai batean, espresuki inguruko taldeei zuzendutako lehiaketa bat ere izaten zen jaialdiaren parte. “Duela sei-zortzi urtetik, programazio sisteman jarri dugu arreta. Lehen, aukera ematen genien artistei parte hartzeko; orain, aukera zabalik uzteaz gain, kanal batzuk ezarri ditugu haien presentzia ziurtatzeko”.

Kanal horietatik garrantzitsuena martxan dagoen hautaketa prozesua da Martinentzat. 50 bat taldek parte hartu dute urtero, eta hala izan da aurten ere. Hasierako fasean, taldeek bidalitako grabazioak entzun zituen batzorde antolatzaileak, eta, horren ondoren, hamabost aukeratu zituen. Horietatik hamar hautatu beharko ditu orain, eta aukeratuek uztailaren 21etik 25era joko dute Jazzaldian; normalean Kursaaleko terrazetan izaten dira saioak.

Prozesuaren oinarrietan azaltzen denez, Hego Euskal Herrian jaio edo bizi diren musikariez osatutako taldeak aurkez daitezke egitasmora —kideen %33k baldintza horiek ez betetzea onartzen da—. Hala ere, eszenan aritzeari eman dio garrantzia Martinek: “Prozesua irekita dago hemen jaio eta bizi direnei, baina gehienbat praktikatzen dutenei, hemengo jazz musika eszenaren parte direnei. Euren musika hemen garatzen dutenak dira tokiko taldeak”.

Martxo amaierara bitarte, hamabost taldeek Donostiako hiru espaziotan emango dituzte kontzertuak: Forum FNACen, Altxerrin eta Victoria Eugenia Klubean —dagoeneko jo dute Didier Datcharry Trio eta Reunion Big Band taldeek—. Zuzeneko saioak dira, irekiak, eta ez dute lehiaketa izaerarik: ez dago sailkapenik. Jaialdia antolatzeko batzordeak hainbat faktore hartuko ditu kontuan taldeak aukeratzerakoan: “Musikarien ahalmen instrumentala, musika proiektu zehatz eta definitu bat izatea, ezaugarrituko dituen soinua izatea, ezberdin egingo dituena, estiloen barietatea…”.

Taldeen aukeraketa prozesuarekin batera, urteko diskoei ere erreparatuko die Jazzaldiak, bere programazioa osatzeko: 2015ean editatu diren disko guztien artean bost aukeratuko ditu, jaialdian jo dezaten. “Taldeek disko bat ateratzeko duten ausardia eta ahalmena baloratu nahi dugu, eta Jazzaldian jotzera gonbidatu”.

Martinen arabera, egitasmoa oso garrantzitsua da hainbat talderentzat, euren musika ezagutzera emateko, baina badira dagoeneko ibilbide luzea egina dutenak ere: “Batetik, aukeraketa honek modua egiten digu heldutasun nahikoa duten taldeak aurkitzeko, eta bestetik, zaleek estimatutako musikarien lana guk ere ontzat hartzeko. Batzuk dagoeneko erreferentzia dira euskal jazzaren barruan”.

Gipuzkoan egiten den jazzaren kalitatea eta zabalpena areagotuz doa, eta hori, hein handi batean, Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Ikastegiari esker izan dela uste du Martinek: “Dudarik gabe, erakunde pedagogiko garrantzitsuenetako bat da jazzari lotuta. Guretzat estilo horrekin egiten ari den lana oso garrantzitsua da”. Inguruko musikariak eta mundu osotik etorritakoak batzen dira ikastegian, formakuntza jaso eta perfekzionatzera. “Horrek egiten du gure hirian entzuten den jazzaren maila lehen baino askoz ere altuagoa izatea. Ez du zerikusirik garai batean jazzaren munduan zegoen eszenarekin”. Gaur egun saio asko daudela dio, musikari oso onak, eta “ideien etengabeko jarioa”.

Europako gazteekin

Tokiko taldeentzat garrantzitsua izango den beste jaialdi bat hartuko du aurten Donostiak, Jazzaldiaren garai bertsuan: 12 Points. Uztailaren 20tik 23ra egingo dute, Jazzaldiarekin eta Europako kultur hiriburutzarekin batera. Europako hamabi herrialdetatik hamabi jazz talde aukeratuko dituzte. “Jaialdi honekin, komunitate bat sortzea lortzen da Europa osoko musikari gazteen artean eta jaialdia egiten den lekuko musikarien artean. Harremanetan izango dira, eta jam session-etan parte hartuko dute goi mailako Europa osoko musikariekin”.

Hamargarren aldia izango du jaialdiak, eta, 2007tik hona, ia 500 musikari gaztek hartu dute parte 12 Points egitasmoan. Txandaka egiten da Dublinen —urte bakoitietan— eta Europako beste hiriburu batean —urte bikoitietan—. Aurten parte hartu nahi dutenek oraindik zabalik dute izena emateko aukera, urtarrilaren 30a baino lehen, 12 Points jaialdiaren webgunean.

Leave a Reply

Your email address will not be published.