“Argazki orokorra ona da; emakumeen arrauna indartsu dago”

Eider Goenaga

Ahalegina egin dute Zumaian aurten ere emakumeen trainerua osatzeko, eta, alde horretatik, egindako esfortzuarekin lasai, baina emaitzarekin (Zumaia, 1971) “penatuta” dago Anjel Etxaniz Zumaiako Arraun Elkarteko presidentea. Bateletan eta trainerilletan lehiatuko dira aurten, eta ea datorren urtean edo hurrengoan kanterako gazteekin trainerua osatzea lortzen duten.

Zumaiak beti atera du emakumeen trainerua azken urteotan. Aurten, baina, ezinezkoa izan da.

2008an atera genuen trainerua lehen aldiz, Getariarekin batera, eta hurrengotik aurrera beti bakarrik atera gara. Bateletan eta trainerilletan lehenagotik ari ginen. Lehenengo neskak 1990ean hasi ziren lanean; baina orduan ez zegoen ez ligarik, ez ezer. Hamarkada bukaeran ligak-eta eratu ziren, eta beti aritu gara. Trainerua 2008an atera genuen, Kontxarako. Eta ordutik beti egon gara uretan. 2013an Kontxa irabazi genuen, eta, gero, Gipuzkoako Liga eta Euskotren Liga, eta Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak ere bai.

Saiatu arren, neska nahikorik ez zenuten trainerua osatzeko. Zein sentipen gelditzen zaizue?

Pena. Baina azken urteetan ikusten genuen arrisku hori bazegoela. Zumaia nahiko ondo zebilenez, kanpoko neskak erakartzen zituen; gu ez gara inoiz bila joan, baina etortzen zenari ateak ireki izan dizkiogu beti, gaur egun ere bai. Kanpoko jendeak ahalbidetzen zigun traineru indartsu bat ateratzea urtero. Eta, bitartean, taldeak jarraitu du bertako gazteekin lanean, kanterarekin. Orain, bi neska falta zaizkigu trainerua osatzeko. Etxekoekin ez dugu osatzen, kanpokoek beste bide batzuk topatu dituzte, eta utzi duten guztiekin…

Ez da lehen aldia talde bat trainerua ezin osatu gelditzen dena.

Ez dakit zergatik gertatzen den, baina ematen du emakumeen kirol ibilbidea motzagoa dela; amatasuna ere tartean dago… Badaude ama izan ondoren bueltatzen direnak, taldean baditugu horrelakoak, baina badago eten bat.

Hala ere, emakumeen arrauna urte gutxitan asko hobetu da, ezta?

Bai, gizonezkoetan baino talde gutxiago daude, eta lehia handia da. Nik uste dut denborarekin konturatuko garela zer egin dugun, zer lortu dugun urte hauetan. Zumaian gauza handiak egin ditugu emakumeekin. Gaur da eguna ez dugula arrauna emakume gabe ulertzen, eta hori oso denbora gutxian lortu da.

Zumaia punta-puntan ibili da orain arte, baina aro baten amaiera dela esan duzu zuk.

Bai, orain arte ohitu gara banderak irabazten. Gauzek oso errazak ziruditen, baina ikusiko dugu ea hurrengo urtean lortzen dugun. Berriro ateratzen dugunean, eta kosta egingo zaigu trainerua osatzea, ziur ez garela punta-puntan ibiliko, eta horrek lagunduko digu urte hauetan egin dugunaren dimentsioa ulertzen.

Trainerua osatzen dugunean, etxeko jendearekin egin beharko dugu, eta etxeko jende horrek gaur egun 15-16 urte ditu. Traineruetara 17 urterekin pasatzen dira, eta taldea sendotzeko denbora eta lan asko beharko dugu.

Trainerua atera ez arren, dauzkazuen neskei eutsi eta bateletan eta trainerilletan lehiatuko zarete.

Bai, hori garbi daukagu, eta dagoeneko hasita gaude bateletan. Guk lanean jarraituko dugu. Maiatza bitartean ariko dira trainerilletan eta bateletan, eta, berez, gure taldeko neskek orduan bukatuko dute denboraldia. Gero, bakarren bat hitz egiten hasia da udan beste traineru batean aritzeko.

Zumaia ez da uretan izango aurten, baina Hondarribiak taldea osatzea lortu du?

Bai, Hondarribiak eta Deustuk atera behar dutela uste dut. Alde horretatik, nahiz eta gurea pena bat izan, argazki orokorra ona dela iruditzen zait: emakumeen arrauna indartsu dago.

Leave a Reply

Your email address will not be published.