“Beharrezkoa da zerbitzuak zabaltzea”

“Beharrezkoa da zerbitzuak zabaltzea”

Maialen Igartua

Duela ia 40 urte sortu zen Gautena, Gipuzkoako pertsona autisten gurasoek osatutako elkartea. Beste hainbat elkarte bezala, beharrak bultzatuta sortu zuten Donostia aldeko hainbat gurasok, 1978an. Berritzailea izan zen oso Gautena, autismoaren trataerari dagokionez. Ordura arte, ikuspegi kliniko batetik soilik tratatzen zen sindrome neurologikoa. Gautenak beste ikuspegi bat jarri zuen martxan, gaitzaren gizarteratzea helburu zuena. Pertsona autisten inklusioa dute xede, eta zerbitzu eskaintza zabala dute haien bizi kalitatea ahalik eta onena izan dadin.

Ia 40 urteko ibilbidean, aurrerapauso handiak egin ditu elkarteak. Gaur egun, lurraldeko 800 familia ingururi ematen die zerbitzua. Autismo mota eta gradu guztiak tratatzen dituzte, arinenetik larrienera. Hainbat zerbitzu jartzen dituzte familien eskura, diagnosia egiten denetik hasita. Diagnosiaren arabera, modu batera edo bestera bideratzen dituzte kasuak.

Posible denean, autismoa duten haurrek gainontzeko haurrekin batera ikasten dute ikastetxean, helburua inklusioa delako. Kasu horietan, hezitzaileen laguntza izaten dute. “Hezitzaileak Hezkuntza Sailak bideratzen ditu, baina Gautenako psikologoekin harremanetan egoten dira”, azaldu du Javi Garciak, Gautenako kideak. Autismo kasu larrienetan, berriz, Ikasgela Egonkorrak izeneko zerbitzua eskaintzen dute. Gipuzkoan hemezortzi ikasgela egonkor dituzte, guztira.

Xedea: lurraldera zabaltzea

Pertsona autistak 20 urtera arte egoten dira hezkuntza sisteman, eta Garciaren esanetan, bitarte horretan ia erabat aseta egoten dira beren beharrak. Arazoa behin hezkuntza prozesua amaitutakoan etortzen da, ordea. Gautenak bi zerbitzu eskaintzen ditu ikasketak amaitzen dituztenerako. Batetik, eguneko zentroak dituzte: hiru Donostian eta bat Errenterian. Bestetik, pertsona autistak bizi ahal izateko etxebizitzak: bost Donostian eta bat Urnietan.

Hortaz, zein da gabezia? Bada, bi zerbitzu horiek Donostia aldean baino ez direla eskaintzen. Gipuzkoar guztien eskura daude, noski, baina ez da batere erosoa Donostiaraino mugitu beharra. Jose Conejo legazpiarrak, esaterako, egunero Donostiara eramaten du semea, eguneko zentrora. “Ni, nire lanagatik, molda naiteke, baina hori ez da irtenbidea. Helburua izango litzateke zerbitzua familiaren bizilekutik ahalik eta gertuen eskaintzea”.

Gabezia horretaz jakitun, zerbitzuak lurralde osora zabaltzea da Gautenaren hurrengo erronka, Donostiako erabiltzaileek dituzten aukera berberak izan ditzaten gainontzeko eskualdeetan ere. “Helburua da bizitzako etapa guztietan beharrak aseta izatea, bakoitza bizi den eremuan, autismoak bizitza osoan irauten baitu”, esan du Garciak. Dagoeneko harremanetan daude Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Gautenaren zerbitzuak gainontzeko eskualdeetara zabaltzeko.

Elkargunea Zumarragan

Garciak uste du agintaldi honetan aurrera aterako dela proiektua. “Edo hori gustatuko litzaiguke, behintzat; gutxika ari gara pausoak ematen”. Antza denez, lehenik Goierrin hasiko dira eguneko zerbitzua eta etxebizitza zerbitzua eskaintzen. “Nik ospitalearen adibidea jartzen dut beti: garai batean ospitalea Donostian zegoen, eta hara joan behar zen derrigor; gaur egun eskualde guztietan dago ospitale bat”, esan du Conejok. “Bada, guk ere ospitalearen bide bera egin nahi dugu, gure zerbitzuak zabalduz; bidearen hasieran gaude oraindik, eta baikorrak gara”.

Conejok esan bezala, zerbitzu guztiak lurraldera zabaltzeko bidearen hasieran daude oraindik. Pauso batzuk emanak dituzte, ordea. Zumarragan, esaterako, Goierri osoari —Goierri garaiari zein Goierri beheari— zerbitzua ematen dion elkargunea ireki zuten duela bizpahiru urte. Hainbat zerbitzu eskaintzen dituzte han. Adibidez, autismoa duten haurrak han biltzen dira psikologoarekin, eta psikiatria zerbitzua ere badute.

Bestalde, aisialdirako elkargune modura ere funtzionatzen du. Autistak zein haien gurasoak elkartzen dira udalak utzitako lokalean. Sukalde bat, telebista eta sofa pare bat dituzte, eroso egoteko. Psikologoaren kontsultetarako, berriz, aparteko gela bat dute, beharrezko materialarekin.

Eskualdean zenbait ekintza antolatu ahal izateko ere balio izan die Zumarragan egoitza izateak. Hitzaldiak eta tailerrak egiten dituzte, esaterako. Zumarragan antolatzen diren arren, Goierri osoko herritarrentzat dira jarduerak. Garciaren esanetan, berebiziko garrantzia du antolatzen diren ekintzetan jendeak parte hartzeak. “Eskualdean egiten diren ekintzetan gero eta jende gehiagok parte hartu, orduan eta argiago geratuko da beharrezkoa dela Gautenaren zerbitzuak lurralde osora zabaltzea”.

Gizarteratzeko balio izan du

Eta, batez ere, autismoa gizartean ikusarazteko balio izan du Zumarragako egoitzak. Gautenaren izena eta logoa atean grabaturik dituen lokal bat izate hutsak elkartea zein gaitza ezagutzera ematen lagundu die. “Aurreko batean kalean geratu ninduen ezagun batek, eta esan zidan lagun bat Gautenara bideratu zuela, semeari autismoa diagnostikatu diotelako; poztu egin nintzen, horrek esan nahi duelako jendeak badakiela hor gaudela”, esan du Garciak.

Conejo baikorra da, eta bide onean doazela uste du. Autismoa gizarteratzea da Gautenaren helburu nagusietako bat, eta bide horretan aurrerapauso handiak eman direla iruditzen zaio. Oraindik estereotipo asko egon arren, jendeak duela hogei urte baino askoz gehiago dakiela adierazi du. “Nire semeari autismoa diagnostikatu ziotenean, nora jo ere ez genekien”, gogoratu du. “Neure artean pentsatu nuen: ‘Hau niri bakarrik pasatzen zait, edo zer? Nola da posible beste inori gaitzaren inguruan ezer ez entzutea?'”. Gaur egun, egoera bestelakoa da.

Elkarteko kide guztiak gurasoak dira, Garcia eta Conejo bezala, eta gogor lan egiten dute beren seme-alaben bizi kalitatea ahalik eta onena izan dadin. Bide luzea dute aurretik, batera egiteko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.