“Kontzientzia sortu nahi zuten herrian”

“Kontzientzia sortu nahi zuten herrian”

Aizpea Amas

1985era arte, emakumeek debekatua zuten Hego Euskal Herrian abortatzea. Errenterian, abortatu ahal izateko sare bat sortu zuten: emakumeak lagundu eta Miarritze edo Baionara eramaten zituzten, han gutxieneko baldintzetan abortatzeko. Gai hori landu dute Las buenas compañías dokumentalean Bertha Gaztelumendik (Irun, 1962) eta Nuria Casalek (O Grove, Galizia, 1965). Errenteriako Film Laburren lehiaketan saritua izan da lana.

Zergatik erabaki zenuten dokumental bat egitea Errenterian abortatzeko eskubidearen inguruan sortutako sareari buruz?

NURIA CASAL: Bertha [Gaztelumendi] eta biok dokumentalgintza ikastaro batean elkartu ginen. Lan praktikoak egiteko garaian, film labur bat egin behar izan genuen. 2014an sortu zen ideia: Oreretako lagun bat topatu nuen Gallardonen dimisioa ospatzen, abortu legearenaren ondotik. Alde batetik, emakumeei eta denei zirrara sortzen zitzaigun pentsatzean zer izan zitekeen iraganera bueltatzea; eta, beste aldetik, zer ekarri zuen iraganean gatazka hori irabazteak. Alegia, dokumentalean bertan Mari Jose Molinak esaten duen bezala: zer ondorio utzi dituen emakumeen borroka horrek gizarte harremanetan, gizon eta emakumeen arteko harremanetan, sexu harremanetan… Oro har, gizarteari zenbat eman dion eta zer gutxi hitz egiten den horretaz. Lagun horrek Memorandran lan egiten du [Errenteriako memoria feminista errekuperatzeko taldea]. Horrek denak eragin zigun konturatzea bazegoela istorio bat kontatzeko, inoiz kontatu ez zena: egon zela sare bat emakumeei laguntzeko, abortatzera joan zitezen. Sare hark, gainera, klandestinitatean funtzionatzen zuen, gaur egun demokrazia deitzen diogun hau ezarrita zegoenean. Egiten zuten bakarra emakumeei askatasun pixka bat ematea zen. Euren askatasuna jokoan jartzen zuten, atzemateak kartzela esan nahi zuelako.

Errenteria Hiria film labur lehiaketan proiektatu zen dokumentala. Borroka hark zein erreakzio sortu du gaurko ikusleengan?

N. C.: Oro har, jakinda abortuaren inguruan borrokak egon zirela, ez zekiten sare bat egon zenik edo hori dena antolatuta egon zenik. Ezjakintasun handia dago horren inguruan. Baina dokumentala egiten genuen bitartean ere askotan entzun izan diegu parte hartu duten emakumeei ere: “Zein sare? Guk ez geneukan inongo sarerik. Egin behar zena egiten genuen”. Guk esaten genien hori sare antolatu bat zela.

Gaur egungo mugimendu feministak zer jaso zuen 1970eko mugimendu hartatik?

BERTHA GAZTELUMENDI: Zumitz garrantzitsua izan zen. 1960tik aurrera mugitzen hasi zen, frankismo garaian. Hor eman ziren lehen pausoak. Baina ez hain lehenengoak ere: talde feminista oso bat baitzegoen lanean. Gertatzen dena da talde horiek erdi klandestinoak zirela.

Ikusita euren lana ez zutela sare antolatu baten gisa jotzen, beren burua feministatzat al zuten?

B.G.: Erabat feministak ziren. Haiek bazekiten zer zen. Gainera, kontatzen ziguten nahi zutela herrian kontzientzia bat sortu, esate baterako, antikontzepzioaren inguruan.

Sare horiek, beraz, ez zituzten emakumeak abortatzera eramaten bakarrik: emakumeak ahalduntzen ere lan egiten zuten.

N.C.: Dokumentalean agertzen den emakume batek argi eta garbi esaten du: “Ikusi dugu gustatzen ez zaizkizun gauzak alda ditzakezula, eta feministen laguntzarekin baldin bada, askoz hobeto”. Berak oso ondo ateratzen du ondorio hori.

B.G.: Mezu hori jasota dago dokumentalean: emakumeen mugimendu bat bazegoela, eta emakumeen mugimendu horrek emaitza handia eta sakona izan zuela gizartean.

Emakume horientzat ez zen erraza izango euren istorioa ezagutzera ematea.

N.C.: Biluzi egin dira. Kontatzen dituzten gauzak ez dituzte askotan kontatu.

B.G.: Hasieran galdetu ziguten ea zer nahi genuen, eta guk argi eta garbi esan genien. Pentsatu behar izan zuten, estigmatizatuak zeudelako, eta gaur egun ere batzuk estigmatizatuko dituztelako. Hala ere, oso giro ona sortu genuen.

N.C.: Bai, haien ikuspuntua eta gurea berbera zen; orduan, samurtasun handiz egin dugu lan, eta horrek asko erraztu du dena. Baina kostatu zitzaien erabakia hartzea.

Testigantza horietatik zerk harritu zintuzten gehien?

B.G.: Ni gehien harritu ninduena izan zen nola egin zen kontaktua Iparraldean. Emakume horiek, hasieran, antikontzeptiboen bila joaten ziren, eta muga pasatzen zuten horretarako. Ginekologo batengana jo zuten, eta hark esan zien prest zegoela laguntzeko halako kasuetan. Beraz, kasualitatez izan zen, kointzidentziaz.

Zer esan dizuete lanean parte hartu duten emakumeek dokumentala ikusitakoan?

N.C.: Gustatu zaie eta hunkitu dira.

B.G.: Beren burua ezagutu eta identifikatu dute, eta orduan lasai geratu dira.

Leave a Reply

Your email address will not be published.