“Lasaitasuna eta gertutasuna dira herrian gehien gustatzen zaizkidanak”

Imanol Garcia Landa

Txirrindularitza profesionalean, 28 urtez aritu da masajista eta taldeko autobusaren gidari Balentin Dorronsoro (Albiztur, 1959).

Nola deskribatuko zenuke Albiztur?

Niretzat, hemen jaioa naizenez eta hemen bizi naizenez, izan daitekeen bizileku onena da.

Gauza asko aldatu dira txikia zinenetik?

Gauza asko aldatu dira. Errepidearen aldetik, eta plaza ingurua batik bat: frontoi berria, eskola berria, gero etxebizitza berriak ere dezente egin dira azken urteotan… Asko aldatu dela esan daiteke, eta hoberako.

Eta giro aldetik ere aldatu da?

Giro aldetik ez da asko aldatu. Gehienak, denak ez esateagatik, ezagutzen gara. Eta, egun, elkartea dugu, garai batean ez zegoena, eta hor elkartzen gara. Gainontzerakoan, lehen ere eskola bazen. Egun, 12 urtera arte eskolan jarraitzen dute, eta giro aldetik lehengoko giro berdintsua dela esango nuke.

Albizturren biziko ez bazina, non bizitzea gustatuko litzaizuke?

Ez dut mugitzeko beharrik izan, baina hemen inguruko eta honen tankerako herri batean. Kanpoan ere badaude lekuak bizitzeko egokiak iruditzen zaizkidanak, baina behin ere ez naiz bertan bizi izan. Beraz, horrenbeste urte leku batean bizitzeko, hau kenduz gero, tankera honetako inguruko herri txikiren bat.

Ez zaitu tentatzen hiri batean bizitzeak?

Ez dut inoiz probatu, baina ez dut inoiz tentaziorik izan hau baino herri handiago batean bizitzeko.

Zure lanarengatik leku asko ezagutuko zenituen; batzuk, Albiztur modukoak.

Herri txiki dotoreak asko daude, baina bi egun edo astebete egoten zara, eta pentsatzen duzu polita dela, baina gero ez dut behin ere probatu luzaro bizitzeko.

Zer da Albizturren gehien gustatzen zaizuna?

Lasaitasuna. Mundu guztiak ez du nahi izaten hainbesteko lasaitasuna. Eta gertutasuna: hemendik Tolosara 5-7 minutu behar dituzu, eta Donostiara 20-25 minutu. Herri giroa ere bai, jende guztia ezagutzen duzulako gutxiago edo gehiago.

Eta txokoren bat?

Nahiko zuloan gaude; beraz, gustatzen zaidan zerbait da hemengo kaxkoetara joatea, Mendikutera adibidez, edo altuxeago dauden lekuetara, Hernio gisakoetara.

Zein da garairik onena Albizturrera etortzeko?

Niri udazkena gustatzen zait, udazken normala. Ez dakit azkenekoak normalak diren ala ez… Zuhaitzak hostoak galtzen hasten direnean, eta eguraldi epelarekin, horixe gustatzen zait gehien.

Leave a Reply

Your email address will not be published.