[Herriz herri] Albiztur: Urak badu zeresana udal agendan

[Herriz herri] Albiztur: Urak badu zeresana udal agendan

Imanol Garcia Landa

Albizturko Udalak hainbat proiektu ditu aurrera begira, eta denek dute zerikusia urarekin, batzuetan zeharka bada ere. Horietako bat Santa Marina auzoko ur biltegia da. “Tamainaz txikia da: 15.000 litroko edukiera du”, azaldu du Carlos Ugartemendia alkateak. Dioenez, astearen bukaeran beti hustu egiten da, eta bonbaren indarra behar da ura izateko. “Ura zikina dagoela ematen dute analisiek, garbi dagoela dirudien arren”.

Gaiari irtenbidea emateko, biltegia handitzea aurreikusten dute. “Aurrekontu bat egin zen filtroak jartzeko, baina oso garesti ateratzen zen”. Orduan pentsatu zuten hobe zela biltegia handitzea. Ingeniariek ere horixe komentatu zieten, hori zela irtenbide onena. Tolomendi Tolosaldeko Landa Garapen Elkartearekin harremanetan daude diru laguntzak lortzeko eta proiektua martxan jarri ahal izateko. “Diru laguntza iristen bada, egingo den aurreneko proiektua hori izango da”. Aurrekontuaren %50 arteko diru laguntzak jaso daitezke horretarako.

Beste gaietako bat herriaren goialdetik datorren ur emaria bideratzea da, batez ere euriteak daudenerako. “Euria normal egiten duenean, ez da ezer gertatzen, baina, euri asko eginez gero, hodia estali egiten da, eta, orduan, urak gainezka egin eta herriguneraino iristen da”.

Horri irtenbidea emateko obra egin behar da, hodiaren sarreraren aurretik bi koska jarriz, zikinkeria atzean geratu eta ura hodi aldera bideratuz. “Hodiarekin ez dago arazorik: behar bezainbesteko handia da. Arazoa da adarrak eta hostoak pilatzen badira gero urak horiek guztiak eramatean estali egiten dutela hodiaren sarrera”. Herriko plazatik 300 metro ingurura dago hodiaren sarrera.

Olateaga ibarreko bidearen zati bat konpontzea ere aurreikusten du udalak. “Ura jaiotzen den leku batean hondatu da bidea. Aurretik harri lubeta egina du, baina jan eta jan egin dio, eta erditik hondoratu egin da. Ez dago karga handia duten kamioiak ibiltzeko moduan. Aurrekontua egina dago, ea horretarako diru laguntza lortzen den”.

Irtenbidea 30 metro inguruan harri lubeta sendoa egitea da, erreka aldera. Bestalde, gune horretan dagoen ur emariari irtenbidea eman behar zaiola azaldu du Ugartemendiak, eta aukera bat hodi bat jartzea dela gaineratu. Egungo errepideak hogei zentimetroko hormigoia du, eta horrek ez du beharrezko bermea ematen ganadu kamioiak eta traktoreak handik ibiltzeko.

Errepideak konpontzea

Errepideen gaiarekin lotuta, orain berriki mendi eta baserrietako bide nagusiak garbitu dituzte. “Garrantzia du bideak garbitzeak, horrela ikusi egiten delako noraino iristen den, eta bide ertzean harkaitza, belarra edo zuloa dagoen”. Ugartemendiaren arabera, bi auto gurutzatzeko ere arazoak izan ohi dira, eta, bideak garbitu direnez, orain behintzat badakite nondik pasa daitezkeen.

Ur zikinena da udalak mahai gainean dituen beste gai nagusietako bat. Gaur egun ez dira ur zikinak arazten, eta zuzenean errekara isurtzen dira. Aldundiak jakinarazi die horri erantzun bat eman behar diotela. Bi aukera daude: batetik, araztegia egin daiteke herrian bertan; bestetik, ur zikinak bidera daitezke Oria ibarrera, Tolosa aldera, eta eskualdeko ur zikinen hodi sistemari lotu.

Udalak garbi du aukerarik onena bigarrena dela, hau da, ur zikinak Oria ibarrera bideratzea: “Lehen bazegoen proiektua araztegia herrian bertan egiteko, baina ur zikinen hodia Tolosako Bentaundi aldean hodi nagusiarekin lotzea da aukera onena. Gastua aldundiak hartuko luke, eta, gainera, Albizturtik behera dauden etxeek eta enpresek ere ur zikinak bertara bideratuko lituzkete. Araman egin berri dute horrelako zerbait”.

Ugartemendiak azaldu du araztegia herrian eginez gero eraikitzerakoan eta mantentzean udalak parte hartu beharko lukeela, eta horregatik ikusten dute beste aukera hobeagoa dela. Proiektu horri begira ez dago epe zehatzik, baina aurki heldu beharreko gaia izango dela uste du udalak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.