Zuen seme-alabak espiatu ditut

Danel Agirre

Hau irakurtzen ari bazara, dinosauro bat zarelako ari zara. Egunkariak, lana bukatu ondoko txikiteotxoa, zinemara eta kontzertuetara joatea edo polizia gogaitzea belaunaldi berriek zokoratu eta hiltzen utziko dituzten gure ohituren artean daude. Gazteek zerekin ordezkatu nahi dituzten jakitea ez da hain erraza. Nik zelatatu izan ditut, baina barrurantz bizi dira nazkante horiek, eta barrurantz bizi dena ez dago zelatatzerik.

Sakelakoan eta Playstation-ean eraiki dute gotorlekua. Logelako epela uztera behartzen badituzte, lagunarteko lokalaren babesera doaz azkar. Hori baino askoz gehiago ez dut jakin ahal izan nik. Hori, eta nahikoa lan dutela lehen errealitatea zen horrekiko bost minutuz bada ere arreta mantentzeko. Froga behar baduzu, eseri nerabe bat zure mahaian bazkalorduan. Zainzuriak banatzen direnerako hor izango duzu, isil-gordeka poltsikotik ateratako aparatuari so. Egin errieta. Kasu egingo dizu, entzuten bazaitu. Edo Snapchat-eko artxibo garrantzitsuren bat galtzeko arriskuan ez badago.

Errealitate paralelo horretan, El Rubius bada norbait. Edo izan da behintzat, dagoeneko modaz pasata egongo da-eta ziur asko. Errealitatearen gure aldeko erreferenteak ez, horiek ezagutu ere ez dituzte egiten han. Artikulu hau idazteko, anaiari eskatu nion 13 urteko ilobari galdetzeko ea Arnaldo Otegi nor den badakien. Ezetz erantzun omen zuen, ea pertsona hori zarauztarra edo nongoa zen. Eta zuk nahi duzuna esango duzu, baina gu oso harro gaude ilobaz, maitagarria delako eta bikain bilduma bat bestearen atzetik ekarri izan digulako.

Berripaper honetan ez duzu topatuko unibertso horretarako sarbiderik. Dinosaurook idazten dugu hemen, dinosauroen agindupean, gure bezero bakarrak diren dinosauroentzat. Modernoa denari tokia egin nahi, eta atzerriko talde ezezagunen batek areto txikiren batean egindako rock kontzertuen iruzkinak idaztea okurritzen zaigu, asko jota. Ez dakit aspaldi egon zaren areto txikiren batean atzerriko talde ezezagunen baten rock kontzerturen bat entzuten. Burusoilen batzarrak dirudite toki horiek, jokoz kanpo geratutako gaztetxe jurasiko askok bezala.

Dinosauro honek ez du lokal baten giltzarik behar barruan zer dagoen jakiteko: sofa pare bat, telebista eta kontsolak, hozkailua, porroak eta kubatak egiteko lanabes ez oso modernoak. Informazio hutsala da hori, ordea, ez baitigu datorrenari buruzko pistarik batere ematen. Lokaletan fisikoki biltzea bera ere zaharkitua gera liteke etzidamu. Sakelakoekin eta beste makina guztiekin eratutako unibertso paraleloan uzkurtuta bizi diren horiek errealitatearen gure aldea nola itxuraldatuko duten jakitea litzateke interesgarria. Saretik kanpoko sozializazioak aurrerantzean zein forma izango duen ezagutzea. Azken horren berri eman nahi nizun nik, fresko-fresko, baina oraingoz ezin izango dut. Saiatu izan naiz gazteekin sozializatzen, baina barrurantz bizi dira nazkante horiek, eta barrurantz bizi denarekin sozializatzerik ez dago.

Leave a Reply

Your email address will not be published.