Igeldoren desanexioa bertan behera utzi du EAEko Auzitegi Nagusiak

Igeldoren desanexioa bertan behera utzi du EAEko Auzitegi Nagusiak

Garikoitz Goikoetxea (Berria)

Donostiari atxikita jarraitu beharko du Igeldok. Donostiako Udalak —oposizioaren botoekin— 2014an jarritako helegiteari arrazoi eman dio EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, eta, ondorioz, bertan behera utzi du Gipuzkoako Diputazioak Igeldo herri bihurtzeko onartutako dekretua.Luze joan da prozedura. 2013ko abenduan onartu zuen aldundiak Igeldo herri bihurtzeko dekretua, aurretik galdeketa egin eta gero. 2014ko urtarrilean auzitara jo zuen udalak, eta behin-behineko neurri gisa dekretua eteteko eskatu zuen. Epaileek hori egin zuten, justu Igeldoko kudeaketa batzordea osatzear zirelarik. Auziaren muinean ez zen sartu auzitegia, aldarria urte luzeetakoa zela eta epaia iritsi arte “itxaron” zezakeela esanez.Gaur kaleratu dute sententzia, eta Donostiako Udalaren argudioak babestu ditu. Batetik, biztanle kopuruari erreparatu dio: Gipuzkoako arauek gutxienez 2.500 biztanle eskatzen dituztela herri bat sortzeko. “Ez da Gipuzkoako arauen berezitasun justifikatu gabeko bat: beste erkidego batzuen xedapenetan ere egon da oinarrizko irizpide hori”. Inguruko herrialdeetako datuak jarri dituzte adibide gisa epaileek.Aldundiak helduleku nagusia Igeldon egindako galdeketa zuen, “herritarren borondatea” betetzeko onartu zuela dekretua, “legitimitate demokratikoa” duela horrek. Espainiako Auzitegi Gorenaren epai bat hartu du oinarritzat auzitegiak argudio horren kontra: “Herritarren gehiengoak herri baten zati bat segregatzeko borondatea izatea soilik ez da determinantea administrazioaren erabakirako”.Galdeketaren funtsean sartu da, orobat, auzitegia. “Kontsultaren emaitzak ezin daitezke aldekotzat jo hauteskunde edo plebiszitu ikuspegitik”. Azaldu du 883 herritarrek zutela botoa emateko aukera, eta 391ek babestu zutela desanexioa. “Ez da bizilagunen gehiengo absolutua”.

Gipuzkoako Foru Aldundia: “Gaizki amaitzen da gaizki hasten dena”

Gipuzkoako Foru Aldundiak ez du helegiterik aurkeztuko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Auzitegi Nagusiak Igeldoren desanexioaren inguruan hartutako erabakiaren aurrean. Imanol Lasa diputazioko bozeramaileak esan du epaia “argia” dela eta 2003ko foru araua aintzat hartzen duela —hots, 2.500 biztanle baino gutxiago dituzten herriek ezin dutela udalerri bihurtu—.Politikoki ere kritikatu du desanexio prozesua: “Denok genekien prozesuak ez zituela iritzi guztiak kontuan izan, berme juridikorik ez zuela eta herri kontsultan ez zela aukerarik eman beste galderarik egiteko”.Epaiarekin kexu azaldu da EH Bildu, eta uste du horrek “erabakitzeko eskubideari kalte” egiten diola. Xabier Olano EH Bilduko Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramaileak nabarmendu du Igeldoko herritarrek “argi” esan zutela “zer nahi zuten”, baina epaitegiek aukera hori baztertu dutela eta dietela igeldotarrei “beren etorkizuna erabakitzen uzten”.