“Gazteen jarraipenaren araberakoa izango da etorkizuna”

J. F.

Erromerien usadioak bizirik dirau Aiako Andatza auzoan. Arrakastaren giltza ez da izan kasualitatea; Aristerrazuko Erromeria Elkarteko kideak arduratzen dira asteroko zita antolatzeaz, eta elkarte horretako partaide da Juan Mari Azkue (Aia, 1955).

Nola sortu zen Aristerrazuko erromeria?

Lehen, duela 60-80 urte, toki askotan izaten ziren erromeriak. Baserri multzoak ziren tokietan, gazteak elkartu eta erromeria egiten zuten. Beste guztiak galdu egin dira, eta Aristerrazukoak jarraitu egiten du.

1936ko gerraren ostean hasi ziren Andatzako erromeriak.

Aurretik ere zerbait egiten zela esaten dute, baina ganora handirik gabe. Gero hasi omen ziren ondo, fundamentuz.

Hainbeste urte, hainbeste erromeria. Ez da marka makala.

Horretan zerikusi handia izan du auzoko gazteriak. Gazteak ginela hartu genuen erromeriak antolatzeko konpromisoa, eta aurretik gure aitak-eta aritu ziren horretan. Elkarte txiki bat sortu genuen duela urte batzuk, eta hiru lagunek osatzen dugu. Geu aritzen gara antolakuntzan, eta jendeak ondo erantzuten du, oraingoz.

Euskal Herrian ba al da hainbeste igandez jarraian erromeriak egiten diren beste tokirik?

Ez, erromeriak modu honetan egiten direnik ez. Trikitilariekin-eta komentatu izan dugu, eta halakorik ez dagoela diote. Hil soltetan, data zehatzetan edo auzoetako festetan izaten dira, baina listo.

Urrian hasi eta ekainera arte, astero erromeria. Nola moldatzen zarete antolatzeko?

Normalean, aste pare bat lehenago lotzen ditugu emanaldiak. Batzuetan gertatzen dira ezusteak edo okerrak, eta eginbeharrak izaten ditugu, baina bueno.

Nola ikusten duzu Euskal Herriko erromerien egoera?

Hemendik, erromeria tokitik begiratuta, oraindik segituko dutela ematen du. Joan den igandean ere egin zen erromeria Andatzan, eta izugarrizko jende pila bertaratu zen. Lau bat talde etortzen dira igandero, eta horiek osatzen dute Aristerrazuko erromeriaren bizkarrezurra. Beste herri askotan egiten diren erromeriak ere talde horiek salbatzen dituzte. Eguraldiaren eta joko duten trikitilarien arabera, gazteak ere etortzen dira Bizkaitik eta. Gazteen jarraipenaren araberakoa izango da etorkizuna.

Erromeriaren antolaketari dagokionez, ba al duzue erreleborik?

Hortxe ibiliko gara gaizki, ziurrenik. Guk uzten badiogu, zaila ikusten dut. Trikitilarien laguntza izaten dugu, eta eskertzekoa da. Laguntza horri esker jarraitzen dugu guk lanean.

Leave a Reply

Your email address will not be published.